Udalak

Ororbia

Ororbia asko handitu da azken urteetan, Iruñeko hurbiltasunagatik eta hiriburuaren hazkundeagatik, zapore tradizionaleko etxe askok iraun dutela aitortu behar dugun arren. Hirigunea lautada batean dago, gaur egun arte garrantzi handia kontserbatu duen bidegurutze zahar baten ondoan. Elizaren atzean "L" formako oinplanoa duen etxe bat aurki daiteke. Hiru solairu ditu, eta murruak luzitu gabe doaz, harlankaitza itundua eginiko hormak agerian utziz. Bao guztiak zuzenak dira, atea barne. Elizaren ondoan Kultur Etxe modernoa dago, non azpiko zatia harriz egina doan, goikoa kristalez itxia doan bitartean. Honen atzean zapore tradizionaleko eraikina dago, murruen ohiko trataerarekin eta bao zuzenekin. Kale batetik enparantza txiki batera irits daiteke, eta bertan etxetzar dotore bat dago, gaur egun Oltza zendearen udaletxea dena. Oinplano errektangeluar luzea du, hiru solairuekin, hegal luzeko teilatuaren azpian. Murruak harlanduz egina doaz lehenengo solairuan, eta gainetik luzituak doaz, harlanduzko kateekin baoen markoetan eta hormataletako izkinetan. Bao guztiak zuzenak dira, atea barne, eta solairu noblean bost balkoi daude, zendea osatzen duten herrien armarri modernoen artean. Haien artean, hala ere, jauregi honen jatorrizko armarria ere ikus daiteke. Honako inskripzio hau darama: ESTAS ARMAS SON DE/ LOS SATRUSTEGUIS/ SE FABRICO ESTA CASA/ AÑO 1831.

Beste kale batetan oso eraldatua izan den etxe bat dago. Jatorrizko hormatal bat mantendu du, harlanduz egina, eta hari baketonatua daraman erdi puntuko arku batekin irekitzen da. Giltzarrian honako inskripzio hau dago: IHS. M. AÑ/ O 1567/ A.Z. DE MA/ Y HIZO Mº/ Pº CAYES/ DE DOM/ AR DE OROR. Honen gainean harrizko karel molduratua daraman leiho dotore bat dago. Jarraian, oinplano errektangeluarreko XVIII. mendeko etxetzar bat dago. Bi solairu ditu, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Murruek, jatorriz luzituak zalantzarik gabe, gaur egun harlankaitza xehe bat erakusten dute, harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin solairu noblean, eta atea molduratu gabeko erdi puntuko arku bat da. Erdiko leihoan, honako hau irakur daiteke: EL AÑO DE 1785 HI/ ZO EDIFICAR ESTA/ CASA JOAN JOSE/ DE BIDAURRETA. Parean burdin sare batez inguratutako beste etxetzar bat dago, erdi puntuko sarrerarekin eta leiho zuzenekin.

Errepidearen ondoan etxe moderno batzuk daude, XVII. eta XVIII. mendeko beste etxe zaharren ondoan, horietako bat 1785. urteko datarekin. Arga ibaiaren gainean erdi-aroko zubi bat dago, erdi puntuko bost arkuekin osatua eta zubi-branka handiekin. Gertu, XVI. mendeko harrizko gurutze bat aurki daiteke, harrizko harroinarekin, plinto prismatikoa, orden konposatuko zutabea, bukraneoekin (hau da, idien buruekin) apaindua, eta inskripzio bat: ESTA CRUZ/ HIZO AZER/ DN JOAN DE ORO/ RBIA BENEFICI/ ADO AÑO 1540. Gurutzea fruitu erreboiltsuekin apaindua doa, eta Gurutziltzatua du aurrealdean, atzealdean Ama Birjina eta Haurra dauden bitartean.

  • Baselizak

Pérez Ollok San Kristobalen baseliza aipatu egin zuen. Gaur egun, hala ere, toponimoa soilik geratu da.

  • San Julianen Parrokia

Hasieran 1200. urte inguruko erdi-aroko eliza izan zen, estilo gotiko goiztiarrean egina, baina XV. mendean fabrika osoa berreraiki zen, lanak XVI. eta XVII. mendeetan ere luzatu zirelarik. Oinplanoa luzera berdineko lau tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, gehi bost hormataleko burualde poligonala. Habeartearen oinetan bataio-kapera bat dago, eta bere gainean erdi-aroko dorrea altxatu zuten. Sarrera nagusia Epistolaren aldeko murruan irekia dago, iparraldeko murruan beste sarrera orijinal bat dagoen arren, hirugarren tarteunean. Horma berean koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ere ikus daiteke, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruan irekitako oinplano karratuko gela da.

Murruak estereotomia oneko harlandu txikiez egina daude, eta behar bezalako argiztapena lortzeko leiho batzuk ireki zituzten. Burualdean leiho bikoitz bat dago, arku hiru gingildunekin eta arku zorrotz batean inskribatua. Beste bi leihoak modernoak dira, eta hegoaldeko murruan daude, lehenengo eta hirugarren tarteuneetan, kanpoko argia ahalik eta hobekien jasotzearren. Habeartearen oinetan XVI. mendeko koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean, eta hemendik sar daiteke lehen aipatutako bataio-kaperan, profil bereko beste arku baten bitartez.

Estalki-sistemari dagokionez, gurutze-gangako lau tarteuneez osatua dago, arku fajoi zorrotzekin bereizita. Nerbioak landare-dekorazioa daramaten kapitelen gainean doaz, hauetako batean bi animalien borroka ere ikus daitekeelarik. Burualdeak gurutze-ganga ere jaso zuen, baina kasu honetan nerbioak lurreraino iristen dira. Alboko kaperek kanoi-ganga zorrotzak daramatzate, baita bataio-kaperak ere, azken hau jatorrizko fabrika gotikoaren arrastoa delako. Korupeak gurutze-ganga bat jaso zuen, giltzarrian Bildots Mistikoa landu zutelarik, eta sakristian tertzeletezko ganga bat dago.

Kanpoaldean dorrearen fuste luzea aipatuko dugu, oinplano karratukoa eta erdi puntuko bi baoekin, goialdean, kanpaiak kokatzeko. Erlaitza bat darama gainean, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago. Gotikoa da, arku zorrotz abozinatu dotore batekin, eta baketonak dituzten profil bereko lau arkiboltekin. Bigarren arkiboltan landutako krismoi hirukoiztar txiki bat da duen apaindura bakarra. Arkiboltak zutabeen gainean doaz, harroina eta fustearekin, eta mahats-hostoez osatutako dekorazio gotikoa daramaten kapitelekin. Arkuaren kanpoaldetik euri-babes moduko moldura bat dago. Lehen aipatu dugun bezala, iparraldeko murruan bigarren ate bat dago, txikiagoa eta gaur egun erabili gabe eta itxita dagoena. Arku zorrotz bat du, bi arkiboltekin eta euri-babes moduko moldura batekin. Erdiko giltzarrian krismoi hirukoiztar bat ikus daiteke, eta arkiboltak zutabetxoen gainean daude, gaizki kontserbatutako landare-dekorazioa daramaten kapitelekin.

Presbiterioan erretaula errenazentista dotore bat dago, "Ororbiako Maisua" izenekoak 1530. urte inguruan egina. Trazari dagokionez bankua du, bost kaleko hiru atal, eta frontoi triangeluarra duen atiko hirukoitza. Pilastrekin eta zutabe abalaustratuekin antolatua dago, eta arkitektura guztitik gruteskoen dekorazioa ikus daiteke. Bankuan dauden nitxoetan mukulu biribileko eskulturak daude, baina gainontzeko ikonografia margotutako oholetan doa, erdiko eskultura titularra izan ezik.

Ikonografiari dagokionez, bankuan San Joan Ebanjelaria, Santa Apolinia, San Jose, Ama Birjina Haurrarekin eta San Joan haurrarekin, San Kristobal eta San Gregorio daude. Nabarmendu behar dugu Ama Birjina, Jesus eta Joanen taldea, non Maria hieratiko eta bizitasun gabea irudikatua dagoen, bi haurrek eredu italiar ezagunak jarraitzen dituzten bitartean. Honen gainean San Julianen mukulu biribileko eskultura dago, garai horretako gortesau baten antzera jantzita, eta mugimendu dotoreekin irudikatua. Oholez eginiko pinturei dagokienez, lehen atalean San Julianen bizitzaren eta mirarien eszenak daude, Jacobo de la Voráginek idatzitako Urrezko Kondairatik aterata. Honela, oreinak iragartzen dio San Juliani bere gurasoak hilko dituela, Santuak bere emazteari aitortzen dio erailketa, ospitalearen eraiketa, eta San Julian erromesez mozorrotutako aingerua bere txalupan eramanez. Bigarren atalean Jesusen haurtzaroaren eszenak daude, hala nola Egiptorako Ihesa, Errugabeen Heriotza, Zirkunzisioa, eta Jesus Doktoreen artean. Goiko atalean, berriz, Deikundea, Ama Birjinaren Ikustaldia, Ama Birjina eta Haurra San Abdon eta San Senenen artean, eta Magoen Gurtza. Ikonografia-programa hau osatzen da atikoan dauden Kristoren Pasioaren eszenekin, hau da Azotaldia, Gurutziltzaketa eta Kristoren Berpizkundea. Goiko frontoian Aita Betikoa dago, bedeinkatzeko keinua eginez. Ondorioztatu dezakegu eskulturaren egileak oso ongi ezagutzen zituela eredu flandestarrak, germaniarrak eta italiarrak, garai hartako grabatuen bitartez ziur aski jasoak. Italiako ereduen eragina oso garbia den arren, Jacobo de la Vorágineren obran ere inspiratuak, zehaztasunekiko gustuak eta irudikatutako paisaiek iparraldeko ereduak jarraitzen dituzte, hala nola Gossaert eta Van Orley margolarien tailerrekoak.

Ebanjelioaren aldeko murruan Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren erretaula ikus daiteke. Errenazentista da, XVII. mendean Pascual Ochoa de Olzak egina. Bankua eta atal bakarra du, taulamendu baten azpian. Jesusen Bihotzaren mukulu biribileko irudi moderno bat du erdian. Pareko murruan traza berdineko Maria Sortzez Garbiaren erretaula simetrikoa dago.

Koru jasoan aulkiteri barroko bat dago, 1670. urte ingurukoa, gehi garai bereko atril bat eta XVIII. mendeko San Joan Bataiatzailearen pintura bat, mihisean egina. Korupean dagoen kaperan bataio-pontea dago, lau zutabeez osatutako fustearekin, zaldun bat landua duen kapitelarekin eta katilu molduratua, soka-itxurako zerrenda batekin apaindua. Bataio-kaperan oraindik, Gurutziltzatu errenazentista bat ikus daiteke, estilo herrikoian burutua. Sakristian, azkenik, Kalbario erromanista bat, Gurutziltzatu barroko bat eta zilargintza-lan batzuk gordetzen dira.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 436-437 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 41, 51, 99, 115 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 456-464 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 192 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 216-217 orr.

JAS 2009