Ikastolak

Orereta ikastola. Errenteria

1962an Jose Aranbarri apaizak bultzatuta Elkartasuna Elkartean zenbait bilera egin ziren eta ondorioz 1963an Errenteriako Ikastola sortu zen. Lehen batzordea Bittor Idiazabalek, Jose Aranbarri, Iñaki Urkia eta Patxi Maritxalarrek eratu zuten. Ikastolaren titularra Kultur Elkartea zen eta "Euskal haurtzaro eta Jardín de Infancia Euskaldun" bere izena. Elkarte honen egoitza Magdalena kalean 18an zegoen.

1963an hasi zen lanean lehenengo andereñoa Arantxa Idiazabal, Bittor Idiazabalen alaba. Maisu-maistra titulurik ez eta ezinbesteko irudi bat aipatu beharra dugu, maisu-maistra laguntzaileak. Maisu-maistra hauek gehienak emakumeak ziren eta tituludunaren laguntzaile bezala lan egiten zuten. Euskara ondo menderatzen zuten eta haurtzaindegi eta eskolaurreko arduradun bezala lan egiten zuten. Hasierako laguntzaileen artean hauek aipatuko ditugu: 1964an Arantza Lete, 1965ean Lourdes Korta, 1966an Gema Uranga eta Mª Axun Etxeberria.

Ikastola sortu eta gutxira Batzordean Joxe Kruz Sarasola, Mikel Erriondo, Maite Mitxelena, Iñaki Aginaga, Jose Mari Gallastegi eta Javier Bagues sartu ziren. Ikastola sortu zenean Euskal Haurtzaro bat egiteko beste asmorik ez zuten, baina berehala konturatu ziren Eskolaurrea eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorra egiteko aukera zutela. Aurrera egiteko Errenteriako Ikastolak legeztapenaren bidea hartu zuen, horretarako lehen lana erakunde kulturala eratu eta definitzea zela ikusi zen, Elkarteari Agrupación Cultural Orereta izena ematea erabaki zuten. Legeztapen prozesu honetan aipatu beharra dago Iñaki Aginaga eta Xanti Linazasorok egindako lana. Ikastola 1968an legeztatu zen.

1968an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak Oltra Moltok Salbuespen Egoera ezarri zuen eta Gobernuaren lehen pausua Ikastolak salatzea izan zen, gelek legeak eskatutako baldintzak ez zituztelako betetzen eta irakasleagoaren artean zenbaitzuk titulurik ez izateagatik. Egoera honetan Gipuzkoako Ikastola guztiak, babesik gabe gelditu ziren. Lege honek herri mugimendua aukerarik gabe utzi zuen eta euskal Elizak ikastolekin tratua egin ondoren, arazo larri honi irtenbidea emateko bere babespean jarri zituen hauetako asko.

1970an ikastolaren titular aldaketa eman zen, egoera berriei egokituz "Orereta Kultur Elkartea-Agrupación Cultural Orereta" izango da titular berriaren izena. Talde honen egoitza Yanci 5 behean zegoen, 1971an egoitza Juan de Olazabal 23an kokatu zen. Ondorengo urteetan ikastolen izaera definitzen joaten da, ez eztabaidarik gabe.

Ikastola ere handitzen joaten zen eta Batxilergo aukera ere eskainiz, aukera hau bideratzeko Añabitarteko lurrak erosi ziren. Obrak burutzeko bazkideengana jo eta 4.000.000 pezetako fondo galdurako ekarpena lortu zen 1973an. 1976an ikastolak, Agustina monjek izen bereko auzoan zuten eskolaren zati bat alokatu zuten. 1984an Kilometroen festa ospatu zen Errenterian. Bertan, beste batzuen artean, honako hauek izan ziren: Koldo Mitxelena, Bittor Idiazabal, Aita Barandiaran, Carlos Garaikoetxea EAE lehendakaria eta Imanol Murua Gipuzkoako Diputatu Nagusia.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta maiatzaren 25a baino lehenago erabaki behar izan zen sare publikora pasa ala pribatuan jarraitu. Erabaki honi buruz eztabaida gogorra eman zen ikastola honetan eta sare pribatuan jarraitzea erabaki zuten.

1997an Haur Hezkuntzarako instalakuntza berriak Koldo Mitxelena plazara pasa ziren, titularraren egoitza bertan jarriz.

  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.
  • Orereta Ikastola. Orereta Ikastola. 25.urteurrena. Orereta: Orereta Ikastola, 1988.
  • Orereta Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].