Eleberria

Oñederra, Lourdes

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Donostia, 1958.

Donostia du jaioleku Lourdes Oñederrak (1958). Zazpi urte bete arteko ikasketak Andereño María Dolores Goya ikastolan egin zituen eta, ondoren, Colegio de la Asunción ikastetxera joan zen. Gaztetan literaturzaletuta, lehendabiziko testuren bat sariketaren batera bidali zuela (URKIZA, 2006: 234), edo lehiaketaren batera bidaltzeko ikastetxean bertan aukeratu izan ziotela, oroit du Oñederrak. Idazteko kontzientzia karrerarekin bat hartu zuen baina, Filologia Hispanikoa ikasten ari zela. 1980an Ameriketako Estatu Batuetara abiatuta, University of Iowan Hizkuntzalaritza masterra eginda itzuli zen. Argi zuen baina, ordurako, profesio bideak hizkuntzalaritza behar zuela eta ez literatura, nahiz eta idazten jarraituko zuena ondo jakin (OLAZIREGI, 2004).

Euskal Filologian doktorea -Euskal Palatalizazioari buruzko tesia idatzi zuen, Mitxelenak zuzendutako azkena, 1987an defendatua-, lanbidez hizkuntzalaria dugu Miren Lourdes Oñederra, fonologian aditua hain zuzen ere. Arlo horretako lanak dira Euskal Fonologia: Palatalizazioa (1990) eta Fonetika Fonologia Hitzez Hitz (2004). EHUko Filologia Fakultatean irakasle izateaz gain Euskaltzaindiko kide da 2007az geroztik. Bertan, Ahoskera Batzordean ibili da (1993-1994) eta ondoren sortutako Ahoskera lan-taldearen buru ere izan zen (1994-1998).

Zutabegintza eta artikulugintzan ere aritua da, Ere, Oh Euzkadi, Argia, Hika eta Geu aldizkarietan idatzi duelarik. Aldi batez Euskaldunon Egunkariako zutabegile izan zen. Azkenak Bake Hitzak aldizkarian idatzi ditu.

Gaztelania eta euskara aldi berean jasota, biak sentitzen ditu beretzat, baina euskaraz idaztea hautua da. Idazmoldeari dagokionez, edukia albo batean lagata forma kontuetan ez galtzea du xede Oñederrak. Kontaketa modu erraza erabiltzen saiatu izan dela aipatu du autoreak sarritan bai eta horrek batzuetan forma kontuetan "galdu" izan duela aitortu ere.

Ildo hori jorratuta plazaratu zuen 1999an Eta emakumeari sugeak esan zion. Obrak emakumeen eta gizonezkoen arteko izugarrizko distantzian du funtsa. Teresak Vienara egiten duen bidaia aitzakia da emakumearen barne bidaia kontatzeko.

Idaztankerari dagokionez, kritikoek Hanif Kureishirekin (CANO, 2000) edota Marguerite Durasenekin lotu izan dute. Hala dio, hain zuzen ere, Mari Jose Olaziregik (OLAZIREGI, 2002: 126):

"Hortik testuak darabilen hizkuntza eta estilo neurtua, zehatza... M.Durasen lanetan gertatu ohi den moduan, barrokotasun oro saihestuz bizikizun indartsuenak iradokitzen dizkigun hizkuntza narratiboa.

Horrela, elementu horiek guztiek antolatutako eleberri honek generoen arteko mugekin, paragrafoen kokaera eta antolaerarekin, jolasten du. Kontua ez da bakarrik pertsonaia nagusiaren baitan gertatzen den bilakaera narratzea, aldaketa hori deskribatzeko behar diren ohiko tresna narratiboak iraultzea baizik. Hauen artean, bigarren pertsonaren erabilera edo eleberriaren kronologia linealaren iraulketa aipatu beharko genituzke. Teresa da eleberriaren gune nagusia, eta pertsonaia batetik bestera etengabe mugituz doan narrazio-fokuak ere harengana eramaten gaitu beti. Pertsonaien sentimendu ezkutuenak azaleratuz, sentsualtasun handiz marrazten dira usain (perfumearen limoi usaia), mugimendu (eskuena), ikusmen (duralexak) edo ukimenek eragindako zirrarak."

Bide beretik deskribatzen du Jon Kortazar irakasleak Oñederraren idazmoldea. Berbagai du, halaber, nobelaren egitura (KORTAZAR, 2003: 289-290):

"Marguerite Duras -eta gure Ramon Saizarbitoriak- erabili duen idaztankeran idatzia dago testua: esaldiak motzak dira, behin eta berriro etengabe biribil dira, beti ere esaldi berriak aurrekoari aldaketa txikia eransten diola, aurrera egiten du esanahiak.

Nobela poematikoa deitu izan ohi direnen artean kokatzekoa dugu. Eta testuak maila bi landu ditu: narrazioarena, emakumearen nondik norakoa erakusten dueña, eta bigarren maila batean, testu poetikoekin osaturiko amarauna, narrazioari maila sinbolikoa josten diona. Lau ataletan banandutako kontakizuna dugu, lau urtaroen inguruak. Urte osoak emakumearen joera osoa azalduko balu bezala."

Oñederraren nobelak hainbat sari jaso zituen, hala nola, Kritika Saria (1999), Beterriko liburua (1999), Euskadi Saria (2000) eta Zilarrezko Euskadi Saria (2000). Horrez gainera, gaztelaniara, ingelesera, errusierara eta italierara itzuli da obra.

Nobelaz gain, badu bestelako literatura lanik Oñederrak. Saizarbitoriaren Ehun metro nobelaren epilogoa idatzi izanaz gainera -karrera garaian egindako lan bati jarraiki-, 2005ean, kasurako, "Anderson anderearen gutizia" ipuina argitaratu zen Gutiziak ipuin-bilduman. Idazlearen "Beranduegi" izeneko ipuina Begiz Jotako Ipuinak bilduman jasota dago (Centro Ordóñez-Falcón de Fotografía (COFF), 2003: 15-21).

2007an, Durangon taularatu zen berak itzulitako Sommer jaunaren istorioa (Patrick Süskind) obraren teatro moldaketa.

Ezbairik gabe esatekoa da Oñederrak euskal literaturan inpronta utzi duela. Bibliografian aipatzen dugun Joseba Gabilondoren artikuluan zehazten denaren arabera, Oñederrak egin dio ekarpenik euskal literaturaren sistemari: batetik, aurretiaz literatura idazten ari ziren euskal emakumeen tradizioarekin jarraitzea; eta, bestetik, literatura nazionalaren amaiera bizi zen sasoian bide berriak urratzea.