Abeslariak

Olascoaga, Sabino

Tenore gipuzkoarra. Errenterian jaio zen 1911ko ekainaren 5ean, eta 1996ko otsailaren 14an hil zen San Frantziskon (EE.UU).

Hamar urte zituenetik bere herriko bandako danborra izan zen, Iraola maisuaren zuzendaritzapean. Fabril Lanera lantegiko langilea izan zen 36ko gerraren gorabeheretan, eta Victor Graciaren lagun egin zen Miranda de Ebroko langile-batailoi batean. "Lau hilabete eman nituen EAJren banda militar batean, Gernikan. Han harrapatu ninduen bonbardaketak, eta errekatik, hiru orduz sartuta egon nintzen tokitik, prozesu osoa bizi izan nuen. Ikaragarria izan zen. Dena sutan, deseginda". Ondoren, Errenterian, Easo Abesbatza sortu zen, eta falsetezko bakarlaria izan zen. Gero Los Xei taldea sortu zen, Xabier eta Sabin Olascoaga anaiek, Txomin Arrasatek, Txiki Lahuertak, Victor Graciak, Pepito Yancik eta Guillermo Lazcano pianojoleak osatua. Talde hau Celia Gamez aktore argentinarrak kontratatu zuen, bere obren arteko tarteetan, arrakasta handiz. Gero, Argentina, Txile, Peru, Mexiko eta abarretarako kontratuak iritsi ziren. Los Xei taldeak Aretxabaletan kantatu zuen azken aldiz, 1962an. Olascoagak, bakarrik, Karibe aldean jarraitu zuen bere bizitza artistikoa. Gainera, hainbat filmetan parte hartu zuen, hala nola Iñaki Nuñezen La última tierra (1978) filmean.