Kontzeptua

Oinordetza-ituna

Indarrean dauden araudi autonomiko hauen artean bereizketa argi bat burutu behar da, Nafarroari eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, alegia. Nafarroako legegile autonomikoak, esan bezala, 1973ko Foru Berrian arautzen du, sakonki eta nafar ororen eskura, oinordetza-ituna. Hiru erpinetan banatzen du erregulazioa NFBk: 1) Propter nuptias dohaintza (112-118 legeak); 2) Mortis causa dohaintza errebokaezina (166 legea); eta, 3) Oinordetza-ituna (172-183 legeak). EAEn indarrean dagoen EHFZZLk, ostera, legelari ezberdinek burututako proiektu pribatuen batura izanik, eta kontuan hartuta bere tramitazioan EAE osatzen duten lurraldeetako Batzordeek erakutsi zuten anbizio politiko eta sintonia falta, euskal auzotartasun zibil bateratuari uko eginez, oinordetza-itunari gagozkiola lau erregulazio ezberdin aurreikusten dituela azpimarratu beharra dago: Bizkaiko lur lauari dagokiona (74-83 artikuluak), Aiarako Foruan ezarritakoa (134 artikulua) eta Gipuzkoako Foru Zibilean araututakoa (baserriari dagokionez, soilik: 179-188 artikuluak); eta, forugabekoentzat, Kode zibilak ezarritako debekua eta salbuespenak. Bizkaiko eta Gipuzkoako araudiak dira, hala ere, osoenak, eta hauek hartuko ditugu aintzakotzat, Nafarrarekin kontrastean, hurrengo lerroetan zehar luzatuko dugun azterketari begira.

Hiru formulazioetatik bizkaitarra da, duda izpirik gabe, desegokiena: "Ezkontza-hitzarmenez, dohaintzaz edo Eskribau aurreko eskritura bitartez egindako itunez bana daitezke jarauntsiko ondasunak, guztiak edo batzuk..." (74. art). Alde batetik, atal honek oinordetza ituna berau egilesteko dokumentuzko euskarriekin nahastu egiten du (ikus ere, 27. art), izan ere, ezkontza-hitzarmena ez da, berez, kausatzailearen oinordetza diseinatzeko tresna juridiko aproposa, kontratugileek oinordetza-itunaren bidez burutzen duten antolaketa gordetzeko negoziozko euskarri posible bat baizik. Kausatzailearen post mortem eszenatokia marrazteko tresna, testamentua eta legearekin batera, oinordetza-ituna da; euskarriak, berriz, ezkontza-hitzarmena edo eta Eskribau aurreko eskritura soila. Dohaintza, ordea, Foruek ematen zioten esanahiari fideltasuna erakutsiz, oinordetza-ituna kontsideratzen du 1992ko Legeak (76. art), behin kategoria orokorra aipatuta, bere erreferentzia soberan dagoela nabarmena izanik. Eredu garbiagoa erakusten du, ordea, teknika juridikoari begira, Gipuzkoako araudiari dagokion 179. artikuluak: "Baserriaren eta hari lotutako ondasunen oinordetzaren ordenazioa eskritura publikoaz egindako oinordetza-itunaren bidez egin ahal izango da. Itungileek ezkontzako hitzarmeneko eskritura erabil dezakete helburu horretarako". Bestalde, NFBk 172. legean eskaintzen du oinordetza-itunaren kontzeptua, nahiz eta, berorren definizioa aurkeztu beharrean, paktua dela medio lortu daitekeena eta, bidenabar, ituna motak zeintzuk diren azaltzera mugatu.

Hala, legegile autonomikoek ez dutenez oinordetza-ituna deskribatzen, ondoriozta daiteke, aipatu hutsunea betetzearren, hura oinordetza ordenatzeko aldebiko tresna dela, zeinaren bitartez itungileen borondateak haien artean eta adostutakoari lotuak geratzen diren, itundutakoa alde bakar batek, libreki, aldatu edo suntsitu ezinik, alegia. Itunaren aldebikotasuna (EHFZZLko 74, 77, 78, 82, 179, 180, 181, 182 eta 188. artk.; NFBko 172, 177, 178, 179, 180 eta 182. legeak), halaber, itungileek hirugarren bat oinordeko izendatzen dutenean ere izango da azpimarragarria, nahiz eta izendatuaren aldeko deialdiaren izaera testamentu bidezko bokazioarena izan, kasu honetan (NFBko 178. legea).

Araudi autonomiko hauetan itun positiboa izan arren legegileen erreferentzia sendoena, itun negatiboek eta xedatzaileek badute tokia araudiotan (EHFZZLko 4. art; NFBko 172. legea]. Edozelan ere, itun positiboak oinordekoaren izendapen soila bilatu dezake, kausatzaileak bere ondarearen gaineko jabetza hilarteraino mantenduz (EHFZZLko 78. eta 182. artk; NFBko 177.III eta 179.I legeak), edo eta, izendapen harekin batera ondarearen eskualdaketa bat gauzatu, jabe berria 'formalki' bada ere, izendatua izanik (EHFZZLko 77. eta 181. artk; NFBko 177.III eta 179.II. legeak). Oinordekoaren izendapena, hala ere, itungileek adostutako erreserba, ordezpen, errebertsio, karga eta betebeharrez inguratua suertatu daiteke (EHFZZLko 74. art; NFBko 177.I. legea), edozein kasutan ere, kontratugile bakar baten eskutik, libreki, erroboka ezina izanik.

XIX. mendean pandektistika alemaniarrak zorrozturiko negozio juridikoaren suprakontzeptua da, kontratua eta testamentua sabai beraren azpian kokatzeko helburuari jarraiki, oinordetza-itunaren moldaketa dogmatikoa burutzeko marko egokia:

  1. Mortis causa negozioa da ituna; kausatzailearen oinordetzaren irekitzea kontratuaren egitatezko supostuaren parte izanik -izendatuak ez dauka kausatzailearen heriotza gertatu arte behin-betiko eskubiderik honek emandakoaren gainean-, de cuius-ak oinordekoari transmititutakoa haren jaraunspenaren kontu egiten baita, nahiz eta efektu batzuk ituna sinatzen den egunera aurreratu.
  2. Ondarezko negozio juridikoa da, gainera, oinordetza-ituna; izan ere, honen helburua familiaren ustiapenaren belaunaldiz-belaunaldiko transmisioaren inguruan sortzen diren harreman juridikoak diseinatu eta arautzea baita, gehienek, kutsu ekonomiko argia dutelarik. Negozio xedagarria, azken finean, ituna sinatu aurretik existitzen den eskubide baten aldaketa edo transmisioa martxan jartzen duen tresna delako hura, kausatzailearen ondarezko eremuan eraldaketa juridiko bat ematea bilatzen duena, kontratugileak obligaziozko harreman soil baten protagonista izatera murriztu gabe.
  3. Ituna oinordetza prozesuari dagozkion etapa ezberdinek harremanetan jarriz baiezta daiteke, halaber, hark kausatzailea bizirik dagoen bitartean pizten dituela testamentuak edo legeak jaraunspen fenomenoa kudeatzen dutenean de cuius-a hil ostean ematen diren pausuak; izan ere, izendapena, bokazioa, delazioa eta onarpenari dagozkion momentuak itunak ordezkatzen baititu kontratugileen adostasuna dela medio. Kausatzaileak izendatuari eskaintzen dion 'oinordetzeko eskubideak' behin-behineko titulartasuna suposatzen du honentzat bere borondatea harenarekin lotzen duenetik, de cuius-a hil eta gero behin-betiko egoera bilakatuz. Baieztapen honek ez du indarrik galtzen, gainera, itunaren bidez kausatzaileak izendatuaren alde momentuan ondarezko transmisio bat gauzatzea erabakitzen badu, izan ere, haren oinordetza irekitzeak konfirmatu beharko baititu ituna sinatzean aurreratutako efektuak.

Mugimendurik gabeko itun bati argazki bat atera nahiko bagenio -bere sortze prozesuari begira-, komenigarria litzateke, ostera, itunaren baliozkotasunari gagozkiola, bere ezinbesteko elementuak zeintzuk diren jakitea, posible diren elementuekiko argi bereiziz.

Itunaren ezinbesteko elementuak

a) Subjektu parte hartzaileak. Euskal Autonomia Erkidegoan, zoritxarrez, elkarren ondoan bizi diren Zuzenbide pribatuari dagozkion araudi ezberdinei so eginez, aipatu beharra dago kausatzaileak, bere oinordetzaren diseinuaren inguruan ari garenez, forudun auzotartasun zibila eduki behar duela 1992ko Legean aurreikusitako edozein motatako oinordetza ituna sinatu nahi badu (positiboa, negatiboa edo xedatzailea), izendatuaren auzotartasuna zein den kontuan hartu gabe. Zilegitasun ukanbehar hau izanik, beharrezkoa da, gainera, kontratugileek jarduteko gaitasun osoa edukitzea, baita Nafarroako araudian ere (NFBko 173.I. legea).

Oinordetza-ituna, nuntius edo mezulari bidez sinatu daiteke (NFBko 173.II. legea), beti ere, kausatzaileak bere ezkontide edo bikoteari baimena eskatzeko duen beharra argi izanda, itunak ondarezko transmisio bat aurreikusten duenean 'biona' den ondasun batekiko (komunitatezko ezkontza eraentza ekonomikoen eremuan).

Itungileen artean ez da, ordea, ahaidetasun harremanik esanbidez inposatzen. Hala ere, Bizkaiko araudiari begira, nabarmena da, tronkalitateak eta seniparteak ezartzen duten zurruntasuna aintzat hartuz, oinordetza kontratu gehienek familiarteko izaera mantenduko dutela, deusezak izango baitira mortis causa tronkaleko senideak ez direnen alde onibarren gainean burututako xedapenak. Itunak ez badauka momentuko eskualdaketarik, ordea, kausatzailea hil arte ez da posible izango tronkalitateak eta seniparteak ezartzen dituzten mugak gainditu diren jakitea. Edozelan ere, arrunta izan da, mendetan zehar, kausatzailearen ezkontideak hura hil eta gero, haren izenean mortis causa xedatzeko botere bat izatea, komisario papera betez [NFBko 177.II. legea]. Oinordetza ituna komisarioaren eskura egongo da aipatu diseinua burutzeko, noski, baina bere zentzu osoa mantenduko du oinordetza kontratuak komisarioak ezkontidearekin zeuzkan seme-alaba komunak izendatzeko erabiltzen badu.

b) Edukia. Oinordetza-itunak ezinbestean bere corpus-ean gorde behar duen edukiari gagozkiola, itun positiboan, hautatuaren alde ematen den mortis causa izendapena dela esan beharra dago [ala etorkizunean gauzatuko denaren promesa adostua, NFBko 183. legea], titulu unibertsalez edo partikularrez. Itun negatiboaren baliozkotasunari begira, ordea, Bizkaiko araudiari so eginez, kausatzailearen xedatzeko askatasun osoa helburu izanik [Nafarroan eta Aiaran ez litzateke beharrezkoa izango seniparte materialik ez baitago, eta Gipuzkoan beste senipartedunen bazterketa onartzen baita baserriaren transmisiorako soilik], azpimarratu behar da tronkaleko senide guztiek uko egin beharko lioketela onibarrekiko duten eskubideari, senipartedunen artean lehentasunezko 'taldea' osatzen dutenen errenuntzia nahiko izango litzatekeen bitartean. Itun xedatzaileak, negatiboarekin alderatuz hirugarren baten aldeko ondarezko xedapen bat gehitzen duen heinean, haren ukanbeharrak bete beharko dituela nabaria da, bestalde.

c) Forma. Oinordetza-ituna arautzen duten Estatuko beste ordenamendu autonomikoekin sintonian, EHFZZLk eta NFBk, ituna, mortis causa negozio bat den heinean, eta kausatzailearen hil osterako borondatearen adierazpenaren egiazkotasuna eta ziurtasuna bermatzea helburu izanik, Eskribau aurrean egiletsitako dokumentuan agertu dadin galdatzen dute, itungileek horretarako ezkontza-hitzarmena erabili dezaketelarik (EHFZZLko 74. eta 179. artk; NFBko 174. legea].

Itunaren elementu posibleak

Esan bezala, itunaren ezinbesteko elementuekin batera ager daitezke haren corpus-ean nolanahiko klausulak, erreserbak, kargak, ordezpenak eta errebertsioak, euskal arau autonomikoen esanetan. Erantsitako elementu hauen azalpena plazaratzeko, ordea, negozio juridikoaren teorian esanguratsuenak izan direnak aukeratu dira: epea, baldintza eta modua.

a) Epea. Foruetan, egia esan, itunaren bitartez gauzatzen den mortis causa izendapenari ez zitzaion, bere efikaziari begira, hasierako ez bukaerako eperik jartzen, nahiz eta, negozio juridikoaren teoriaren arabera, abstraktuki, posible izan. Izatez, epeak oinordetza-itunak martxan jartzen duen belaunaldiz-belaunaldiko transmisio katean zentzua dauka, justuki, kate hori aurreikustean, hots; 1526ko Bizkaiko Foru Berriak azaltzen zuen bezala, kausatzaileak itunaren bidez bermatzea izendatua hil eta gero [epe ez-ziurra] bere seme-alabek jasoko dutela hark zuen eskubide bera. Egun, erabilia ez den arren, erabat onartzen da itunari hasierako edo bukaerako epea jartzeko aukera.

b) Baldintza. Itungileek askatasuna dute, halaber, adostutako ezinbesteko edukiari baldintza bat gehitzeko, hau da, itundutakoaren efikazia gertaera ezezagun baten menpe uztea. Gure araudien isiltasuna dela medio, Kode zibilaren erregulazioa dugu aztergai eremu honetan, bai testamentuari eskaintzen zaion atala (790 eta hurrengo artk), baita, erremisioz, kontratuari dagokiona ere (1.113 eta hurrengo artk). Oinordetza-itunari gagozkiola, joko gehien ematen dutenak baldintza esekitzailea eta iraungitzailea dira. Lehenengoari bagagozkio, itun positibo baten esparruan, izendatuak kausatzailearen behin-behineko oinordekoa izatea onartzen du kontratua sinatzen denetik, baina izendapenaren efikazia aurreikusitako gertaera ez-ziur baten menpe geratzen da. Gertatu bitartean, izendatuak bere eskubidea defendatzeko akzioak izango ditu, hala ere (KZeko 1.121. artikulua), eta baldintza bete aurretik hilez gero, bere ondorengoei transmitituko die, mortis causa, itunaren poderioz eskuratutako baldintzapeko eskubidea. Bizirik dirauela baldintza betetzen bada, oinordekoaren izendapena 'purifikatu' egingo da, bere behin-behinekotasuna galdu gabe; eta baldintza betetzen ez bada, izendapenak ez du efikaziarik izango. Itun negatibo baten eremuan kontrakoa gertatzen da, ordea. Oinordekoaren uko egiteak aurrera joko du baldintza esekitzailea betetzen bada, eta ez bada betetzen errenuntzia inefikaza izango da [gutxienez, baldintza nahibadakoa denean], oinordekoak bere eskubideak mantenduz.

Baldintza iraungitzailearen funtzionamendua, berriz, alderantzizko da itun positiboari bagagozkio, eta gainera, eman izan duen jokoagatik, EHFZZLk ere aurreikusten du, zehazki, itungileek berau adosteko aukera, 80 eta 186. artikuluetan. Kasu honetan, oinordekoaren izendapenak efikazia du hasieratik, eta soilik galduko du baldintza betetzen bada. Bete bitartean, kausatzaileak izango ditu eskura bere posizioa defendatzeko beharrezkoak diren akzioak, izan ere, izendatua baita hark transmititutako ondasunen jabe berria. Ez bada baldintza betetzen, oinordekoaren izendapenak aurrera jarraituko du baina kausatzailea hil arte bere behin-behinekotasuna mantenduz. Izendatua hil egiten bada baldintza bete baino lehen, esekitzailearen supostuan bezala, bere ondorengoei transmitituko die ituna dela medio baldintzapean jasotako eskubidea (EHFZZLko 83.I. art; NFBko 180. legea]. Itun negatiboari dagokionez, halaber, kontrakoa esan beharko dugu. Baldintza betetzen bada, itundutako uko egite efikazak bere indarra galdu eta oinordekoak bere posizioa berreskuratuko du; baldintza ez bada ematen, aldiz, 'purifikatu' egingo da errenuntzia eta oinordekoak bere izaera hori galduko du.

c) Modua. Elementu hau oso erabilia izan da euskal lurraldeetan sinatu diren itunetan, izan ere, kausatzaileak, oinordeko baten alde mortis causa izendapena eta familia ondarearen transmisioa gauzatu izan duenean, izendatuari, baserriaren 'gidari' berriari, zenbait karga eta betebehar ezarri baitizkio bere ardura betetzeko moduari begira. Obligazio hauen artean ezagunak dira, hala nola, Foruek aurreikusitako kausatzailea eta bere ezkontidea mantentzeko beharra, anai-arreba 'baztertuei' diru kantitate bat edo eta mantenua ematearena, edo familiaren ustiapenari begira kudeatzeko orduan jarraitu beharreko argibideak (NFBko 115. 6), 10) 11) eta 12) legea].

Filma bat balitz bezala, oraingoan, oinordetza ituna mugimenduan aztertzeko beta dugu, bere efektuen azterketa xume bat egiteko abadagunea, alegia, analisia bi denbora tarte desberdinetan banatuz: ituna sinatzen denetik kausatzailea hiltzen den arte dirauena eta honen heriotzatik aurrera zabaltzen dena.

Itunaren efikazia kausatzailea bizirik dagoen bitartean

Itun positiboari gagozkiola, komenigarriena kausatzailearen eta izendatuaren egoera juridikoen azterketak bereiztea da, zorren gaineko erantzukizunaren inguruko aipamena bukaerarako utziz.

a) Kausatzailearen posizio juridikoa. Oinordetza-itunak, aldebikoa eta baliozkoa izanik, hura sinatu aurretik kausatzaileak egindako testamentu bidezko xedapenak errebokatu egiten ditu, baldin eta hark ez badu bi xedapen moten arteko bateragarritasuna esanbidez adierazi [EHFZZLko 75 eta 183. artk]. Errebokatzeko indar honetatik ihes egiten dute, hala ere, ermandadeko testamentuak, ezkontide bat hura egiletsi eta urte bete igaro baino lehen hil egiten denean [EHFZZLko 72 eta 177. artikuluak], eta mortis causa dohaintzak, oinordetza ituna kontsideratzen den heinean (EHFZZLko 76 eta 180.2. artikuluak; NFBko 166. legea). Ondorioz, ituna egiletsi ondoren kausatzaileak egindako testamentu bidezko xedapenak soilik izango dira efikazak, hark kontratuan horretarako ondasun kopuru bat erreserbatu badu. Erreserbatutako ondarea erabiltzen ez badu, hau hildakoan abintestato oinordetza irekiko da, kontrako argibiderik ez badago [NFBk, aldiz, izendatuari esleitzen dizkio 115. 3) legean]. Mortis causa xedatzeko kausatzailearen askatasuna aipatu erreserbari lotua egonik, honek inter vivos eskualdatu nahiez gero oinordekoaren oniritzia beharko du itunaren bidez momentuko ondare transmisioa burutu badu bere alde eta [EHFZZLko 77 eta 181. artk; NFBko 179. legea, zeinak kausatzaileari edozein tituluz xedatzeko ondasunak erreserbatzea ahalbidetzen dion eta, erreserba ezean, oinordekoaren baimena galdatzen du], ez badu transmisio hori burutu, soilik gauzatu ahal izango ditu kostubidezko xedapenak [EHFZZLko 78 eta 182. artk; NFBko 179. legea].

b) Izendatuaren posizio juridikoa. Atzerago esan bezala, ituna egilesten denetik, izendatutakoa kausatzailearen behin-behineko kontratu bidezko oinordekoa da, titulu unibertsalez edo partikularrez, de cuius-aren heriotzak duen eskubideari irmotasuna egotzi arte. Hala ere, kausatzailea hil baino lehen suertatzen bada oinordekoaren heriotza, ondorengoei transmitituko die, mortis causa, bere behin-behineko eskubidea eta, kasuz kasu, kausatzailearen eskutik jasotako ondarea [EHFZZLko 83.I. art; NFBko 180. legea]. Kausatzailea bizirik dagoen bitartean, halaber, oinordekoak bere eskubidearen defentsarako beharrezkoak diren akzioak izango ditu eskura.

c) Zorren gaineko erantzukizuna.

  1. Itunak momentuko ondare transmisioa ekarri badu, kontratua sinatu baino lehenago kausatzaileak egindako zorren aurrean, lehenbizi berak erantzungo du oinordekoari eman ez dizkion ondasunekin, eta, ez badauka zerekin ordaindu, oinordekoak erantzun beharko du kausatzaileak itunaren bidez eman dionarekin, hartzekodunen aurrean duen eskusio onura kontuan hartuta. Zorpetua oinordekoa bada, ordea, bere ondasun guztiekin erantzungo du, kausatzaileak transmititu dizkionekin ere, noski. Zorrak ituna sinatu ondoren egindakoak badira, berriz, kausatzailea bada zorduna bere ondare guztiarekin erantzungo du, oinordekoari transmititu diona kenduta (NFBko 115 1). legea, beti ere 'etxearen' onuran hartu ez badira, kasu honetan, Nafarroan, oinordekoak erantzuten baitu]. Izendatua bada zorduna, ostera, bere ondasun guztiekin erantzungo du hartzekodunen aurrean, itunaren bidez jasotakoa barne.
  2. Itunak post mortem efikazia badu, ordea, kausatzailea denez ondarearen jabe bakarra (EHFZZLko 78. art), berak hartutako zorren gainean, ituna sinatu aurrekoak zein ondorengoak izanik, bere ondare guztiak erantzungo du. Oinordekoa bada zorduna, berriz, honek bere ondare pribatuarekin erantzun beharko du, itunaren bidez ez baitu ezer ere jasotzen kasu honetan. Kausatzailea hil ondoren, oinordekoaren kualitatea behin-betikoa bilakatzen denez, honek erantzungo du de cuius-aren zor guztien aurrean, inbentario onuraz baliatuz bere erantzukizuna itunaren bitartez jaso dituen ondasunetara mugatu ahal izango badu ere.

Itunaren efikazia kausatzailea hil ondoren

Lehenago esan bezala, kausatzailearen heriotzarekin bere oinordetza irekitzea dator eta, honekin batera, kontratu bidezko oinordekoaren posizioa kontsolidatzen da, behin-betikoa bihurtuz. Ez du, ba, honek, kausatzailearen jaraunspena onartu behar izango eta ezingo du berau zapuztu ere. Inbentario onuraz balia daiteke oinordekoa bere erantzukizuna mugatzeko eta ez du, noski, kolazionatu beharko jaraunspenaren banaketan itunaren bidez jasotakoa (KZeko 1.035. art; EHFZZLko 62.3 eta 65. artk).

Aurreko atalean marraztutako ibilbideak baliozko itun bat baldin badu abiapuntu, kausatzailearen heriotzarekin bere prozesuari bukaera ipintzen dion ituna, alegia, euskal araudiek kontratua de cuius-a bizirik dagoen bitartean inefikaza suertatzea aurreikusten du, bere aurrekari historikoen eta Estatuko beste ordenamendu autonomikoekin sintonian. Azter ditzagun eratorritako inefikazia horren kausak:

1. Itunaren adostutako aldaketa edo iraungitzea. KZeko 1.255 eta 1.256. artikuluek diotenaren itzalpean, euskal Lege autonomikoek kontratugileek, edo haien ondorengoek, adostutako itunaren aldaketa edo iraungitzeari erabateko baliozkotasuna ematen diete, beti ere eskritura publikoan jasotzen badute [EHFZZLko 75.2 eta 184. artk; NFBko 182.I. legea].

2. Itunaren ex lege desegitea.

Bi bide arautzen dituzte gure lege testuek, nahiz eta NFBk terminologia nahasiagoa erabili:

a) Errebokazioa. Euskal araudiek zerrendatzen dituzte kausatzaileari itunaren corpus-ean adostutako mortis causa izendapena bere kabuz errebokatzeko zilegitasuna ematen dioten kausak [EHFZZLko 79 eta 185. artk; NFBko 182.III eta 118. legeak]. EAEko araudiak arrazoi gehiago aurreikusten ditu: 1. Kontratugileek itundutako kausak direla medio. 2. Izendatuari ezarritako kargak eta baldintzak era larrian bete gabe uzten badira [hau da, izatez, NFBko 115.7) eta 118. legeak aipatzen duen bakarra]. 3. Izendatutakoa ezduintasun edo desjaraunspena kausan sartzen bada. 4. Izendatutakoaren jokabideak familiako elkarbizitza normala eragozten badu. 5. Izendatutakoaren ezkontza banandu, deuseztatu edo dibortziatuz gero, oinordetza ituna ezkontza hori dela eta eman bada. Kausa hauetariko bat betetzen bada, kausatzaileak dagokion akzio judiziala tarteratzeko aukera izango du (bera ez badago, bere jaraunsleek, de cuius-ak nahi ez bazuen izan ezik; eta NFBaren araudiari erreparatuz, soilik demanda jada jarrita badago), oinordekoaren aldeko izendapena desegin eta honi transmititutako ondasuna berreskuratzearren, alegia.

b) Iraungitzea. Kontratugileek adostu dezaketen bezala, EHFFZLk ituna ope legis iraungitzeko arrazoi batzuk ere eskaintzen ditu bere 80 eta 186. artikuluetan: 1. Izendapena atxikia dagoen baldintza indargabetzailea betetzen bada. 2. Izendatua ondorengorik utzi gabe hiltzen bada edota, ondorengoak utzita ere, kausatzaileak ordezkapen eskubidea ukatu badie. Ituna iraungita, oinordekoa zenari transmititutako ondasunak ere kausatzailearen edo honek izendatutako hirugarren baten eskuetara bueltatuko dira, kontrako akordiorik ez bada. Errebertsio hau NFBk ere aurreikusten du 116.II eta 182.II. legeetan.

Edozelan ere, izendapena errebokatu edo iraungi egitean, itunak momentuko ondare transmisioa ekarri badu oinordekoaren alde, honek gozatutako edukitza egoeraren likidazioa burutu beharko dute kontratugileek. EHFZZLk 81 eta 187. artikuluetan eskaintzen duen irizpide bakana itungileen akordio falta dagoen supostuetara mugatuz, eta ordezko araudi gisa Kode zibilarena aplikatuz, ondoriozta liteke ondarearen errebertsioa ez dela izendatutakoak jasotako fruitu eta probetxuetara zabalduko, ondarea kudeatzeko hark izan dituen gastu arruntak bere kontu doazen bezala. Hobekuntzak kobratzeko aukera du izendatuak 1992ko Legearen arabera, erretentzio eskubideak babestuta (KZeko 453. art).

Anciane Regime delakoaren itzalpean kokatzen da euskal Foruek marrazten duten eskema sozio-ekonomiko-juridikoa, gure legedi autonomikoek fideltasun nabarmenez jaraunstua, zeinaren muinean auto-horniduran oinarritzen den familia konposatuaren baserria eta ustiapena aurki daiteke, kontsumo eta produkzio unitate mankomunatu bat den heinean. Familiaren biziraupenak ondarearen zatiezintasunean du itxaropena, belaunaldiz belaunaldi, oinordeko bakarraren sistema abiapuntu hartuta, oinordetza itunen bidezko izendapen eta transmisioen bidez lortzen dena, alegia. Izendatuaren ezkontza une egokitzat hartuta, ituna sinatzeak bikote gaztearen (izendatuak) eta bikote zaharraren (izendatzaileak) arteko elkarbizitza hastera daramatza kontratugileak, familiaren baserriaren sabaipean nortasun juridikorik ez duen komunitate edo elkarte moduko bat sortzera, hain zuzen. Ustiapenak eskaintzen dituen baliabideen eta familia osatzen duten kideen beharren arteko oreka mantentzeko tresna aproposa bilakatzen da, beraz, komunitatea, etxean geratzeko aukeratuak izan ez diren beste seme-alabentzat haien bizitzak aurrera ateratzeko errekurtsoak sortuz. Baserriaren gidaritza bateratua burutzen dute bi bikoteek gehienetan, zaharren eskuetatik gazteenetara buruzagitza progresiboki igaroz. Familiako kide guztiek lan egiten dute, bakoitzak bere indarren arabera: baserriaren ekoizpenak talde gisa kontsumitzen dituzte eta gastuak ere komunean ordaindu.

Elkarbizitza desegiteko arrazoiak ere egoten dira: a) Familia osatzen duten kideen arteko ikusiezinak; b) Izendatzaileen heriotza; eta c) Izendatuaren heriotza ondorengorik utzi gabe, arrazoiok, halabeharrez, oinordetza itunaren iraungitzearekin bat egiten ez duten arren. Komunitatea hautsi egiten bada, ituna iraungi gabe, irabaziak erdi bana zatitzen dira bikote bakoitzeko; eta hortik aurrera, bikote zaharraren mantenua gazteen esku geratzen da (hauek baitira ondarearen jabe formalak, gehienetan, ituna dela medio burutzen den transmisioa dela eta) edo bikote zaharrak baserriaren gozamenaren erdia erreserbatzen du bere mantenuaren berme gisa.

Ikus daitekeenez, zirrikitu gutxi zabalik uzten dituen sistema irudikatzen zuten gure Ertaroko Foruek, auto-horniduran oinarritutako ekonomia egitura baten magalean. Aldaketak etorri ere, etorri ziren, hala ere. Ordura arte Eliza Katolikoak 'zuzentzen' zituen sinesmen eta praktikek eraldaketa bortitza jasaten dute Erreforma eta Kontrarreformarekin, Estatuak hartzen du eta ikuskatzaile funtzio hori Errenazimendu eta Ilustrazio mugimenduaren eraginez: hiritar burgesiaren hedatzea, lan-indarraren proletarizazioa eta gizartearen ehunetan barrena klase ertainen hazkunde ikaragarria dira, dudarik gabe, industrializazioaren ezaugarri nabarmenenak. Landatik hirietara ematen diren migrazio mugimenduak, jaiotza-tasaren kontrola eta beherakada, emakumeak goi mailako ikasketak burutu eta lan munduan sartzea, ezkontidea aukeratzeko askatasuna eta, laburbilduz, gizarte harreman eta hartueman pertsonalen sekularizazio argia. Ordura arteko familiaren argazkia irauli egiten da: familia zabalak bidea irekitzen dio familia nuklearra deritzonari, belaunaldi nagusiak agintaritza galtzen du gazteen ezkontza, lana eta bizitokia aukeratzeko orduan, merkatuaren indarrak, gehiegizko kontsumoak eta dibortzio askeak protagonismoa eskuratzen duen bitartean, gure legedi autonomikoek Ertaroko Foruek diseinatutako eskema 'tronkaletik' edaten badute ere, bada garaia, beldurrik gabe, eta errespetu osoz, gure oinordetza sistema gaurkotu eta egun indarrean dugun gizartearen eskaerei moldatzeko, gure baliabide juridikoentzat, betikoez gain, eremu berriak topatzeko, alegia.