Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

1936an gobernuak Inauteriak debekatu bazituen ere, XX. mendean zehar hainbat kolektibok bultzatuta hainbat festa mantendu eta berreskuratu dira, gure artera aski sustraiturik iritsi direnak.

Ituren-Zubieta eta Lantzekoak dira ezagunenak. Baina, horiekin batera, eskean atera ohi diren gazteak ikus ditzakegu, mozorrotuta edo erdi mozorrotuta : Igantzin segizioak egiten dira beste garai bateko arropak jantzita; Oronoz-Mugairin atenporalak dira arropak; Etxarri-Aranatz eta Ihabarren baserritar arropaz atera ohi dira eskean aritzen diren taldeak; eta Arantza eta Lesakan zuriz eta gorriz jantzita (Goittarak eta Fraindarrak); horiez gain, hainbat pertsonaien desfileak, segizio konplexu bilakatu direnak (Iruñako Galdaragileen Elkartea), edo herri nagusietan egiten ziren segizioen imitazioak (Donostian egiten diren Kaldereroak eta Iñude-Artzaiak, Beran ere egiten dira).

Iraganera itzultzeko nahia eta gizarte-ongizateari beha egin diren aldaketak nahastu egiten dira eta, horren ondorioz, zenbait elementuk galdu egin dute antzina zuten esanahia: delako Garizuma iritsi aurretiko jate eta edate bapoa; eskean aritzea, produktuak eta dirua lortzeko nolabaiteko eskasia nabari zen garaian; edo jostaketan aritzea, datozen berrogei egunetan dantzaldirik ez delako izango.

Tokiko historian iltzatutako pertsonaia zaharren hilketak (Miel Otxin, Atxon Zarkua eta beste), berriki sortutakoen aldamenean (Aldabika), mozorro-lehiaketak eta askotariko dantza-erakusketak leku publiko edo lokal itxietan, txoko eta gastronomia-elkarteetako ospakizunak, elkarte eta dantzatokietako festak, mozorroen prestaketa eta desfilea eskola eta ikastoletan, ikuskizun modura egindako sormen eta antzezpenak eta hedabideek eskaini eta saltzen digutena; horiek dira, azaletik aipatuta, aisialdiari dagokionez gaur egun ditugun aukera anitzak.

Urtero entretenimendurako formula berriak agertzen dira beste batzuk desagertzen diren bitartean. Osagai bakoitza mantentzeak ahalegin berezia eskatzen du, edozeinek eman ez dezakeena. Are gehiago, egungo historiak, joera berriak eskaintzen dituen bitartean, berritasuna sortzeko eginahalean porrota erakusten digu.

Nafarroan Inauteriak bat-batekotasuna dira, non antzinako formak, egokitzapenak eta kontzeptu berriak nahasten diren. Biziraun dezaketen erreferenteak bilatzen dira etengabe. Nolanahi ere, dakigun moduan, zail izaten da erronkari heltzea eta hortik eratortzen den mantentze-lana egitea.