Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

Inauteriak, adin-tarte zehatz batean ospatzen dira gehienbat: gazteen artean. Antzina, mutilak ziren festa horrekin lotutako ekitaldi guztiak gauzatzen zituztenak. Horretarako, gazte-elkarte ezberdinak osatzen zituzten (Lagun Artea izendapen aski hedatua zen). Neskei gonbidapena luzatzen zitzaien bazkarira eta dantzaldira bertara zitezen.

Inauteriak gertu zeudenean edo herriko festetan, otsein nagusiak eta haren laguntzaileak (mayordomuak, danbolin nagusia, etab.) izendatzen ziren. Horretarako, zozketa egiten zen karta-sortatik aukeratutako karta jakin batekin. Izendapena egin ostean, festen inguruko prestakuntza guztiak hasten ziren, eskeari zegokiona barne.

Hainbat talde egiten ziren eta herri edo auzoko espazioak banatzen ziren haien artean. Horretarako, aurrez bilera bat egiten zuten langintza hori burutzeko. Aurrezarritako eskema bati jarraiki egiten zen ibilbidea, tradizioaren poderioz finkatu zena. Ibilbidea beti berdina izaten zen, arrazoi ezberdinak zirela medio egindako aldaketa txiki batzuekin.

Gaztez osatutako taldea zenbaitetan mozorrotu egiten zen eta haiekin batera musikari bat (soinujolea, txistularia edo gitarra-jolea) edo musika-talde bat ibili ohi zen eskeari ekiteko. Ekitaldi horrek bazuen bere izena zonalde euskaldunetan: puskak, puska biltzea eta eskea.

Astelehen- eta Astearte-inauteriz gosaldu egiten zen lehenik eta behin. Ondoren, baserri, etxe edo etxalde bakoitzean atea jo eta bertako bizilagunak agurtzen zituzten. Horren ostean, sarritan dantza egiten zen eta, batzuetan, abestu ere bai.

"Han goian, goian izarra,haren azpian lizarra,etxe hontako nagusi jaunakurre gorrizko bizarra.

Etxekoandre zabala,toki honeko alaba,bidean gatoz informaturiklimosneroa zerala.

Hor goien, goien ederrenetangoatze zuri nabarretan,lo goxo-goxo egin litekeJoxepa Antoniren besoetan.

Eskumuturra lirañe dezuokalondua bikaine,Jaun zerukoak egin zaizulaama on baten erraine."

 

(Lezaetako bertsioa, J. Garmendiak jasoa)

Etxe bakoitzean txerrikia (saskian eramaten ziren gerrena erabiliz ziztatutako xingarra, lukainkak edo txorizoak), arrautzak, fruituak, gazta edota dirua (zaku txiki batean eramaten zena) ematen zituzten oparitan. Horiek jaso eta egun horietan hainbat bazkari eta afari egiten ziren taberna edo ostatuan.

Haurrek ere egiten zituzten eskeak. Haiek Ostegun Gizenez ibili ohi ziren, hau da, Egun ttun ttun edo Orakunde izenez ezagutzen zen jaiegunez. Zenbaitetan eta San Nikolas egunez gertatzen den moduan, haiekin batera gotzaintxoa joaten zen. Hura lurraldearen hegoaldeko herri batzuetako etxe eta kaleetan ibili ohi zen.

Baztango harenean herri bakoitzak bere haurrak zituen. Haur horiek eskola-adinean ziren artean. Eske horretan oilar bat eramaten zen, ondoren Oilar Jokua edo Oilasko Jokua izeneko ekitaldian erabiltzen zena.

"Egun ttun ttun,bihar ttun ttun,etzi ere ttun ttuna.

Etxe huntan arnoa badaguk ez jakin zemana.Zemana den jakitekobehar do ttanttatto bana.

Aingeruak garazerutik heldu gara,boltsa badu bainandirurikan ez.

Konbida gaitzazutxikino bat ez,guk ereinen zaitubertzeino batez."

Urtats! Urtats!

 

(Arizkuneko Egun ttun ttun bertsioa)

Bilketarekin (lukainkak, arrautzak eta fruitu lehorrak) askari bat prestatzen zen koadrilako baten etxean. Bitartean, etxe bakoitzeko etxekoandreak, orokorrean azaro eta otsaila bitartean sakrifikatzen zen txerriaren hankak eta belarriak prestatzen zituen. Azkenburuko modura, torrada goxoak dastatzen ziren, esnetan gizendutako ogiz prestatzen zirenak, arrautza-irinetan pasa eta zartaginean apur bat eduki ondoren jateko. Neskalagun eta neskatoek piparopillek izeneko jakiak prestatzen zituzten, eskean aritzen zirenei emateko.