Toponimoak

Mutrikuko portua

Bizkaiarekin muga eginez, Kantauri erlaitzeko paraje eder eta ikusgarrienetako batean dago kokatuta Mutrikuko portua. Gipuzkoako portu zaharrenetakoa da baina, aldi berean, aitzindari izan zen hargintzako moilen eraikuntzan.

Kala natural txiki batean lekutzen da, Burumendi tontorrak eta Akolea edo Talaia puntak Kantauriko ipar-mendebaldeko denboraleetatik babesten dutela. Itsas korronteen indarrak eta itsasgora eta itsasbeherek eraginda porturako sarbidea konplikatu samarra eta deserosoa da. Hala eta guztiz ere, kai horretan babesa bilatu dute aspaldidanik patatxek, arrantza-txalupek eta beste ontzi txiki batzuek. Hori dela eta, Mutrikuko jarduera ekonomikoa itsasoarekin estu loturik egon da betidanik eta, are, Gaztekako Alfontso VIIIak 1209an herribildua sortu aurretik bertan zegoen kala txikia, Serapio Mugicaren dokumentu batean egiazta daitezkeenez. Hari esker dakigu, Gaztelako konkistaren garaian, jurisdikzio horretan zenbait gizonek urtero balea bat entregatzen ziotela Monarkari. Ordain hori San Jakueren Ordenako Zaldunen alde transferitu zen 1200. urtean.

Puerto

Ordudanik, arrantza izan da Gipuzkoako udalerri horretako ardatz ekonomikoetako bat. Gainera, ondorio biderkatzailea izan du beste ekonomia-sektore batzuetan, zehazki, ontzi-industrian eta kontserba-industrian. Horregatik, portuko instalazioak mantendu, egokitu eta eguneratzea Agintarien kezka eta lehentasun nagusienetakoa izan da oso antzinatik.

Puerto

Itxuraz, XIII. mendean Mutrikuko portuan jadanik jarduera ekonomiko bizia zegoen, izan ere, bestela ez dago ulertzerik Gaztelako Fernando IIIaren garaian bi hargintza-moila eraikitzeko erabakia hartu izana, orduan halako azpiegiturak zurezkoak izaten baitziren eskuarki.

Portuak fisonomia hori mantendu zuen Joana Eroaren erregealdira arte. Orduan aipaturiko bi atrakalekuak areagotu eta konpondu egin ziren. Halako inbertsio handiari aurre egin ahal izateko, 1550eko Batzar Orokorretan Mutrikuko Kontzejuari herritarren artean 300 dukat banatzeko baimena eman zitzaion. Neurri hori ez zen aski izan eta, ondorioz, arrantzaren gainean % 1eko kanona ezarri zen. Ez da kasualitatea obrak une jakin hartan gauzatu izana, izan ere, oparotasun ekonomikoko eta egonkortasun politikoko garaiak ziren, eta asko ziren urtero Ternua aldera balea-ehizan irteten ziren ontziak. Komertzioak igoera nabarmena izan zuen eta Mutrikuko ontziolak usu erabiltzen ziren euskal armadoreak zeregin horietarako eskatu ondotik.

Puerto

Haatik, zonaldea astintzen duten Kantauriko denborale gogorrek kalte ugari eta garestiak eragin izan dituzte portuan historia osoan zehar. Horrenbestez, portuaren zainketa izan da, hain zuzen, eragozpenik handiena. Adibide batera, 1580eko hamarkadaren erdialdera erauntsi gogorra izan zen, "itsasgorarekin" bat egin zuena. Ekaitz hartan izandako kalteak izugarriak izan ziren, hainbeste ezen 1596an Udal Agintariek Probintziari egur-salbuespena eskatu baitzien hamarkada batez, eraberritzeko lanei ekiteko. Era berean, 1686an itsasoak gogor astindu zuen portua berriro eta kalteak adierazgarriak izan ziren. Kasu hartan, eraberritzeko lanetan probintziako instituzioen lankidetza izan zen. Hala ere, hurrengo mendean iritsi zen portura itsasoaren gogortasun gordina. Hala, kalteak hain handiak izan ziren, ezen bertakoek sekula halakorik ikusi ez izana aitortu baitzuten. Ez zitzaien arrazoirik falta, izan ere, 1738ko abenduan urak moilako horma-atal bat eraman zuen aurretik eta, horren ondorioz, zelabereak portura sartu ezinik geratu ziren; eta 1749an ipar malekoia eraiki behar izan zen berriro, eta hegoaldean zulo erraldoi bat konpondu behar izan zen.

Halako obra garestiak behin eta berriro egin beharrak zerbait oker egiten ari zirelako ustea ekarri zuen. Horrela, 1765ean arazoa errotik mozten saiatu ziren Francisco de Ibero arkitekto ezaguna kontratatuz. Hark muturraren zati bat eraistea erabaki zuen, zimenduak agerian utzi arte, Arichirriko zonaldean babes-hormatzarra eraikitzeko. Hala egin zen.

Puerto

1815-1831 bitartean portua Mutrikuko Nabigatzaileen Kofradiaren eskuetara pasa zen Erregimentuarekin sinatutako hitzarmen batekin. Hitzarmenaren arabera, portuaren jabetza lagatzen zitzaien eta, trukean, erabiltzeko baldintza egokitan mantentzeko eta zerga berririk ez jartzeko eskatu zitzaien. Baina Kofradiak ez zuen bere hitza bete. Horrenbestez, 1831n Herribilduak bere titulartasuna berreskuratu zuen.

Puerto

Mutrikuko herribilduak kaia mantentzeko zituen arazo ekonomikoak 1866an amaitu ziren. Orduan, Estatuak 2. mailako portu deklaratu zuen eta bere titulartasuna eskuratu. Dena den, paradoxikoki, ez zen obra garrantzitsurik gauzatu 1877. urtera arte, herriko arrantzale eta ontziolen kalterako izan zena nabarmen. Lana Evaristo Churruca ingeniariari agindu zitzaion eta olatuak atrakalekuaren barnera ez sartzea zen helburua. Horrela, ipar-mendebaldean 178 metroko olatu-horma bat eraikitzea planteatu zuen, Burumendi muinoaren oinetan hasiko zena. Horrez gain, hegoaldeko sektorean beste bat eraikiko zen, "Cristo soluco" izeneko puntuaren oinetan. Proiektua osatzeko itsasertzeko moila bat altxatuko zen, bigarren olatu-hormaren babesean. 1902. urtean, azpiegitura horien osagarri, bigarren moila bat eraiki zen ipar zatian.

puerto

Dena den, arazoari behin betiko konponbidea Ramon Iribarren ingeniariak eman zion. Hark, 1932. urtean "olatu-segiden planoen metodo" iraultzailea garatu eta aplikatu zuen Mutrikun. Prozedura teoriko hari esker, olatuen aurrerapena eta norabidea zehaztu ahal izan zuen, sakoneren eragina, kostaldeen forma eta aurretik egindako obrak aintzat hartuta. Mutrikuko portuaren kasuan egokiena olatu-malda bat eraikitzea zela uste zuen, lehendabizi portuaren kanpoaldean eta ondoren barnealdean, olatuak hautsi zitezen eta, hartara, haien itzulera ekiditeko. Ez zuen arrazoirik falta, izan zen, ainguratokian emaitzak oso arrakastatsuak izan ziren, baina ez behin betikoak.

1990eko hamarkadan olatu-segidaren modelizaziorako ikerketa ugari egin baziren ere, portuak itxura hori mantendu zuen XXI. mendearen hastapenera arte. 2001ean Portuaren Antolamendurako Plana idatzi zen. Plan horren xedea, funtsean, arrantza-kai zaharra kirol portu bilakatu, arrantza-ontzientzat dike berri bat eraiki eta ur gainean konponketetarako plataforma bat eraikitzea (aurreko bi nukleoak elkartuko zituena) zen.

Puerto

Obra horiek gauzatuta, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearekin lankidetza-protokoloa sinatu zuen, azpiegitura berria aprobetxatzekoa, itsas olatuak baliatuz energia sortzeko planta bat txertatzeko xedez, hots, olatuen energiarako zentro bat txertatzeko xedez. Zentro hori 2011ko uztailaren 8an inauguratu zen eta 16 turbina ditu, urtean 970 MWo ekoizteko ahalmenarekin. Mundu mailan dagoen halako lehen zentroa da.

Hortaz, Mutrikuko portua aitzindari izan zen XIII. mendean, eta XXI. mendean ere aitzindari izaten jarraitzen du. Horri esker, berezko nortasun-ikurrak ditu, berritasuna eta modernotasunaren aldeko aldarria hartuta.