Arkitektoa, Azkoitian jaio zen 1724an eta 1795eko apirilaren 9an hil zen.
Aita Ignacio de Ibero izan zuen, eta berarekin lan egin zuen Loiolako jesuiten eliza eta eskolaren eraikuntzan, baita Elgoibarreko parrokiako dorrean. 1758an Asteasuko parrokia elizako gurutzadura berria gauzatu zuen. 1762an Hondarribiko (Gipuzkoa) dorrea eta ezkilategia diseinatu eta gauzatu zituen. 1764an Donostiako Santa Maria Basilika bukatu zuen, 1743an Pedro Ignacio de Lizardi eta Miguel de Salezan-ek diseinua prestatu eta lanei ekin ostean. Azpeitian San Sebastian parrokiako fatxada burutu zuen, Ventura Rodriguez-ek 1767an planoak finkatu ostean. Bertan, sakristia handitu eta apaindu egin zuen. Elgoibarren (Gipuzkoa) Udaletxea, bi ostatu publiko eta eliz inguruko bi hilerri burutu zituen. Bergarako (Gipuzkoa) jurisdikzioko bost zubirik onenak gauzatu zituen. Esaten dutenez, Andoaingo (Gipuzkoa) elizako dorrea ere berak egin omen zuen.