Kontzeptua

Museistikaren historia eta garapena

Museo terminoaren definizioa modu erregulatuan XX. mendean sortzen da eta hasieratik gaur egun arte honen esanahiak hainbat moldaketa eta hedapen jasan ditu. ICOM erakundearen arabera (Museoen Nazioarteko Kontseilua), museoa honela definitzen da: "Erakunde iraunkorra da, irabazi asmorik gabekoa, eta gizartearen esanetara dago; gizakia eta honen testuinguruarekin lotutako materialak eskuratu, kontserbatu, komunikatu eta aurkeztu egiten ditu, beroiek ikertu, irakatsi eta gozatzeko asmoarekin".

Ikuspuntu etimologiko batetik, museo hitzak mouseion hitz grekoan du jatorria, latinez museum. Berez, musen etxea esan nahi du, horiek baitziren edozein pentsamentu mota eta sormen artistikoen jainkosa inspiratzaileak.

Museoaren historia eta garapena gizakiaren bilakaerari estuki lotuta daude. Erakunde honen oinarriak kultura grekoak finkatu bazituen ere, objektuak metatu eta baliozko piezak biltzeko zaletasuna gizadiaren jatorritik existitzen da.

Prehistoria garaian, objektuak metatzeko zaletasuna horrek oso lotura zuzena eduki zuen hainbat faktoreekin, besteak beste, sentimendu erlijiosoa, misteriozko kontuen inguruko jakinmina eta edertasunarekiko liluramendua.

Antzinako zibilizazioetan, gizakiaren existentzia berak eta beste munduarekiko kezkak bildumazalearen jarduera baldintzatu zuten. Adibidez, Ejiptoko zibilizazioko zenbait hilobi monumentuetan baliozko pieza eta objektu bilduma harrigarriak gorde zituzten. Gainera, gerrako zenbait harrapakin, esaterako Babilonia konkistatu ostean eskuratutako ondasunak, jendaurrean erakutsi zituzten, herriaren testigantza soziokultura eta historikoaren adibide gisa.

Greziako zibilizazioak, terminoari jatorri etimologikoa emateaz gain, egun daukagun museoaren inguruko kontzepzioaren oinarria finkatu zuen. Grezia klasikoan adostu zen sistema demokratikoak arte objektuez gozatu eta baliozko piezak biltzeko aukera errazagoa eta irekiagoa egin zuen, ordura arte, euren izaera autokratikoaren ondorioz, aurreko zibilizazioetan elitei mugatuta baitzeuden horrelako ekimenak. Adibide gisa, zenbait tenpluetako altxorrak aipa daitezke (Atenaseko altxorra, Delfoseko santutegikoa, Olinpiako santutegiko altxorra, besteak beste). Fededunen dohaintza edo zinopariz osatu ziren eta ikusi eta bisitatu egin zitezkeen sarrera ordaintzearen truke. Garaiko artista ospetsuenek egin zituzten pieza horiek. Inbentario orokor batean katalogatuta zeuden eta tenpluko hainbat aretotan erakusten ziren. Gogora ekarri beharreko beste adibidea Atenaseko Akropoliseko Propileotan zegoen pinakoteka da. Bertan gordetzen ziren ez bakarrik margolanak, baita antzinako beste objektuak ere -zutohialak, trofeoak, eta abar-. Bi terminoek, altxorra zein pinakoteka, egungo museoaren kontzeptuarekin harreman estua gordetzen dute.

Garai Helenistikoan zehar, museo terminoak dimentsio berria hartu zuen, zientifikoagoa. Musen etxea izateaz gain, kultura eta jakintza gunea ere bilakatu baitzen. Garai honetako mouseion delakoaren adibide esanguratsuena Alejandriako Liburutegia da, edota Jakintzaren Etxea. Bertan liburuak jasotzeaz gain, Ptolomeotarren dinastiak metatutako arte lan anitz ere bilu zituzten.

Erromatar munduan, pentsamendu helenistikoak utzitako eraginean oinarrituta, museoak bere lan zientifikoa garatzen eta zabaltzen jarraitu zuen, irakatsi, sortu eta ikertzeko lekua bilakatuz. Aldi berean, espoliazio, gerrako harrapaketak, erosketak eta antzeko bitartekoen bidez eskuratutako piezak biltzeko zaletasunak garapen handia lortzen du. Jendaurreko erakusketak antolatzen dira, baina batez ere eremu pribatuetan erakusten dira (jauregi eta etxaldetan). Bildumazaletasun pribatuaren goraldi honek arte lanen komertzioa, kontserbazio lanak eta arte erreprodukziorako tailerrak bultzatu zituen.

Erdi Aroan batez ere Elizak garatuko du bildumazaletasuna. Goi Erdi Aroan zehar, garaiko erlijio eta kultura zentru esanguratsuenek, hau da, eliza eta monasterioek, baliozko objektu eta arte lan multzo asko bildu zituzten. Behe Erdi Aroan, hiriguneen garapenari esker, bildumazaletasun paganoak berriro arrakasta izatea lortu zuen. Printzeak, jauntxo feudalak eta garaiko eliteak bultzada berri horren eragile nagusiak izan ziren. Hala ere, eremu eklesiastikoan zein hirietan bertan, izaera pribatua eta ondare artistikoak ez erakusteko nahia garaiko ezaugarri nagusiak izan ziren.

Errenazimenduan zehar, berez erromatarren garaikoa zen bildumazaletasun izpiritua berreskuratu zuten. XV. mendearen erdialdean, museoa terminoak jakintzaren etxearen esanahia galdu zuen eta gaur egun daukan kontzepziotik hurbilago dagoena lortu zuen. Horrela, termino horren bidez izendatzen zituzten arte pieza eta objektu bitxiek osatutako bildumak. Era berean, garai honetan nolabaiteko sintesia gertatu zen gurtzarako objektuen eta izaera paganoa zuten objektuen artean, hau da, erlijiozko artea eta arte profanoaren artean. Arte lanak dimentsio kultural berria lortu zuen, adierazgarri berria zen. Horrela, ondare artistikoaren kontzeptua sortu zen, berau museoen jatorria bilakatu zelarik.

Errenazimenduko kulturaren hainbat ezaugarri, esaterako, humanismoa, antropozentrismoa eta mezenazgoa, museoaren kontzepzio berrian eragina izan zuten garai honetan zehar. Kultura greko-erromatarra berreskuratu nahi izateak, gizakiaren sortze-lanen balorazioa eta dirudunek artistak babesteak, bildumazaletasun berria ekarri zuten. Jabearentzat balio ekonomikoa, nabarmentze nahia eta entzute soziala garrantzi handia izan zuten garai honetako bildumazalean.

Ikuspuntu historikoari so eginez gero, Florentziako Medicitarren familiak enkargatu zuen Uffizitarren Galeria (1564), museo bezala pentsatuta zegoen lehen eraikina litzateke. Proiektu honek jarraitzaileak izan zituen Italian bertan eta baita handik kanpo ere.

XVI. mendean zehar, eta batez ere XVII. mendean, Barroko garaiko urteetan, hainbat aristokrata, printze, errege eta Aita Santuk ondare garrantzitsua metatu zuten. Horiek oinarritzat hartuz antolatu ziren Europako museo garrantzitsuenak. Bilduma garrantzitsuenen artean honako hauek nabarmendu ziren: Erromako Aita Santua, Florentziako Medicitarren familia, Habsburgotarrak Viena eta Madrilen, Wittersbachdarrak Munichen, Hohenzoller Berlinen, Borbon-Parmarena Napolesen, Valoisdarrak eta Borbonena Parisen, Romanofftarrak San Petesburgon eta Carlos I.a Ingalaterran. Ezin ditugu alde batera utzi bilduma partikularrak eta bitxikeriaz osatutako burgesiaren gabineteak. Klase sozial berri hau aktibitate komertzial trinko bati esker garai honetan aberastu zen. Berez, mendearen bigarren erdialdean, 1683. urtean alegia, Oxforden sortu zen, Ingalaterran, instituzio publikoa bezala eratutako lehen museoa, Ashmolean Museum. Museo horren hasierako bilduma Elias Ashmole-n ondare pribatuaren elementu artistiko eta arkeologikoaz osatuta zegoen.

Iraultza intelektuala (Ilustrazioa) XVIII. mendean zehar gertatu zen eta horren eraginez arrazoiaren nagusitasunak usadiozko kontzeptu zaharrak ordezkatu zituen. Museoen arloan, munduaren kontzeptzio berri honek edukien espezializazio handiagoa ekarri zuen eta objektu edo pieza artistikoaren balorazio berria ere ahalbidetu zuen. Aurreko funtzioak galdu ondoren, handikeria eta entzute nahiaren adierazgarri izatea alegia, ondare artistikoa erakutsi egin behar zela uste izan zuten, eta aldi berean, horren inguruko ikerketa historikoa, estetikoa eta soziologikoa burutzea erabaki zen. Museoak ikaskuntzarako leku aproposak bihurtu ziren eta bertan erakusten zen ondarea herrialde edo nazio bakoitzaren balio historikoak goraipatzeko erabili zen. Museotara sarrera oraindik mugatua bazen ere, bertako ondareaz gozatzeko aukera oraindik gutxi batzuen pribilegioa baitzen, museo modernoaren kontzeptua mende honetan sortzen dela esan daiteke. Londresen 1753. urtean sortutako British Museuma eta Vienan 1783an ireki zuten Belvedere Galeria garaiko bi adibide dira.

Mende honen amaieran eta Ilustrazioaren izpirituaren eta Frantziako Iraultzaren (1789) babespean bi terminoen elkartzea gertatu zen, bilduma eta historia alegia. Prozesu horrek museo terminoaren kontzepzio modernoa baldintzatu zuen. Elkartze horretatik abiatuz, honako ideia zabaltzen hasi zen: artea herri baten existentziaren testigantza dela bere historian zehar eta, horren ondorioz, ikusle guztiek arteaz gozatzeko aukera izan behar dute. Horregatik, ondare artistikoa, ordura arte pribatua, amankomunezko ondare bihurtu behar da. Teoria hori praktikan jartzerakoan desamortizazioak gauzatu ziren, erregeen eta jabego pribatuen bildumak errekisatu ziren eta espoliazio arkeologikoak gertatu ziren. Hurrengo mendeko museo publikoak guzti horren emaitza izan ziren. Parisko Louvre museoa garai honetako adibide esanguratsuenetakoa da. Bildumazaletasun monarkikoa, Ilustrazio garaiko ikerlarien lana eta Iraultzako desamortizazioak oinarri izan zituen eta 1793an ateak behin betiko ireki zituen.

Instituzio museistikoaren izaera publikoa eta didaktikoa XIX. mendean zehar finkatzen da. Garai honetan zehar, elite politikoa eta ekonomikoa eratzen zuen burgesiak boterea hartzen du eta museoen bitartez euren izaera eta boterea legezkotzat jotzeko modua tpatzen dute. Hasieran erakunde horietara sarrera mugatuko badute ere aipatutako elitetako kideei, pixkanaka izaera publikoa sendotzen joango da. Alderdi didaktikoari dagokionez, iragan hurbilenean sortutako objektuen balio soziokulturala ontzat ematen da. Horregatik gizakion ekintza gehienak, ez bakarrik artistikoak, baita industrialak ere, museotan islatuta aurkituko dira. Horren ondorioz, une horretan museoaren espezializazio handiagoa gertatzen da bertan duen bildumaren arabera alegia. Horrela sortuko dira museo arkeologikoak, antropologikoak eta etnografikoak, arte dekoratiboetakoak, antzinako artekoak, arte modernoa eta garaikidekoak, eta beste hainbat edukietako museoak.

XX. mendean zehar, erakunde museistikoa garai berrietara moldatuko da. Ez da arduratuko ondarea babestu eta berau mantentzeaz bakarrik, aitzitik horren hedapena eta balorazioa sustatuko ditu. Horren ondorioz, museoa bildumak gorde, mantendu eta erakusteko besterik balio ez zuela zioen kontzeptua gainditu egin zen. Horren lekuan, museologia kontzeptu berria sortu da eta museoa bizirik dagoen erakundetzat jotzen da, bertako edukietatik abiatuz ikasteko aukera eskaintzen duelarik eta bisitari-ikusleen parte hartze zuzena eskatzen du.

Gaur egun, museoaren kontzeptuak egoera berrietara moldatzen jarraitzen du eta horrek bertako edukien konfigurazio eta definizioa berriak ekartzen ditu. Gero eta museo espezializatuagoak sortzeko joera dago eta erakusgai dagoen ondarearen balorazioa bideratzen gizartearen ikuspuntua aintzat hartzen da, pentsamolde eta kultura zehatz baten isla eta dokumentu izanik.

Gainera, kontzepzio berri honetan, alderdi ekonomikoak garrantzi handia hartzen du. Turismoa erakarri eta bertako ekonomia sustatzeko duen gaitasuna agerikoa da, hainbat kasutan museoak benetazko enpresa kulturalak bihurtzen direlarik.