Kontzeptua

Museoak. Arkitektura

Kulturaren alorrean eman diren aldaketak eta aisialdiaren kudeaketak jendartean irabazi duen pisuak ahalbidetu du museoen kontzepzioaren aldaketa oso bat azken hamarkadetan. Museo tradizionala elite txiki batentzat bideratua zegoen praktikan, eta kasu askotan gizartetik isolaturik funtzionatzen zutela esan dezakegu. Gaur egun, berriz, museoak gizartera irekiak daude, eta publiko anitza erakartzen saiatzen dira, adin guztietakoak eta kultur maila ezberdinekoak. Horretarako, gero eta gehiago, museoak jarduera didaktikoak, proiekzioak, kontzertuak, hitzaldiak, kongresuak, ikastaro eta mintegiak burutzeko egoitza egokiak bilakatu dira, eta bere instalazioen artean erabilera anitzeko aretoak, liburutegia eta behin-behineko erakusketa gelak daude. Museoaren kontzepzio bera erabat aldatu da, eta ohiko museo "jeneralista", estatiko eta akademikotik aparte, gaur egun modalitate oso ezberdinak sortu dira, espezializatuak, aire librean askotan, dinamikoak eta interaktiboak.

Museoen analisia, orokorrean, eta Euskal Herriko panorama museologikoa bera partikularki, ikuspegi oso ezberdinetik egin daiteke, eta ikuspuntu hauetako bakar baten erabilerak, segur aski, ez liguke emango gaur egungo museologiaren alorrean dagoen aniztasunaren isla osoa eta betea.

Honela, instalazioaren izaera bera ikuspegi interesgarria izan daiteke museoak sailkatzeko, gaur egun, esan bezala, instalazio museistikoen aukera oso anitza delako. Honen arabera, ohiko museoez gain, bestelako instalazio motak ere ager daitezke, hala nola bildumak, eremu eta monumentu musealizatuak, ekomuseoak, aztarnategi arkeologiko musealizatuak, etab. Honen harira, museoen edukia eta eraikinaren artean izan beharko litzatekeen harremanak eztabaida sakona piztu du, museoaren eraikinaren balio historikoak edota artistikoak edukiaren protagonismoaren kaltetan funtzionatzen duela azpimarratu ohi delako batzuetan.

Museoaren titulartasuna beste irizpide garrantzitsu bat izan daiteke. Honen arabera, museoak publiko eta pribatuak izan daitezke. Publikoen barruan, Euskal Herrian autonomia-administrazioaren menpe dauden museoak aurki daitezke, baita aldundienak eta udalenak ere. Pribatuen artean, pertsona bakarreko titulartasuna ager daiteke, baina normalena da fundazio eta elkarteena izatea, baita eklesiastikoak ere. Izaera honek, gainera, beste irizpide-aukera batzuk irekiko ditu, hala nola sarrera-modalitatea (dohainik ala sarrera bat ordainduz) eta irekiera-modalitatea (jarraitua ala urtaroaren araberakoa).

Museoen gaia edota gaiak aztertzeak ere beste sailkapen mota interesgarri bat eman ahal digu. Honen arabera, gaiak historikoak, artistikoak, biografikoak, zientifiko eta teknologikoak izan daitezke, edota artisautzaren ingurukoak, gastronomikoak, literaturari buruzkoak, zezenketaren ingurukoak, itsasoari buruzkoak, janzkerari buruzkoak, etab.

Gauzak honela, Euskal Herrian dagoen museoen panorama zabala eta aberatsa dela esan behar dugu, eta aipaturiko irizpide hauek, edota beste batzuk, ezarri ahalko genituzke arazo handirik gabe, kasu bakoitzean sailkapena erabat ezberdina izango litzatekeelarik. Hona hemen, ala ere, Euskal Herriko museoak sailkatzeko proposamen bat, mota bakoitzeko hainbat adibiderekin.