Zinegilea. Elizondon jaio zen 1966an.
Informazio Zientziak ikasi zituen Iruñean, baina beste zaletasun bat zuen: zinema ikasi nahi zuen. 95ean Pilar Mirók zinema-eskola ofiziala, ECAM, sortu zuenean, lehen promozioaren parte izan zen. Zuzendaritza ikasi zuen eta luxuzko tutoreak izan zituen: Victor Erice, Montxo Armendáriz eta Mario Camus, "esperientzia ahaztezina".
Zuzendaritzako ikasketak amaitu ostean, San Antonio de los Bañoseko (Kuba) eskolan eskolak emateko aukera izan zuen, Mariano Barroso zuzendariaren eskutik. "Oso esperientzia interesgarria izan zen, erreferentziazko eskola baita". Gabriel García Márquezek sorturiko eskola horretan, bi urtez lan egin zuen, 1998 eta 1999 urteetan.
Ondoren, Montxo Armendárizen produkzio-etxean egin zuen lan, Silencio Roto pelikulan. Elías Querejetarekin ere egin zuen lan, Goodbye, America dokumentalean, Monster familiako aitonaren historiari buruzkoa.
2004 urtean Punto de Vista jaialdi berria diseinatzen hasi zen, hurrengo urtean abian jarriko zena. Hori izan da azken urteetako bere jarduera nagusia, baina ez bakarra. Gaur egun ECAMen dokumentalei buruzko eskolak ematen ditu, "eskolara itzultzea da, baina beste era batean".
Gainera, gidoigile gisa hainbat dokumentaletan hartu du parte: La guerrilla de la memoria, Los ojos de Ariana... Duela gutxi, Hemingwayri eta Sanferminei buruzko laburmetrai bat idazten amaitu zuen.
Programatzaile-lana da bere jarduera gogokoenetarikoa. "Oso atsegin dut Sobietar Batasuneko eta Europa Ekialdeko herrietako zinema". "Kuban egon nintzenean Europa Ekialdeko artxiboak ikusteko aukera izan nuen, eta bertan Sokuroven obra deskubritu nuen, baita gainerako zuzendarienak ere". Urte eta erdiz Madrileko Casa Encendidako programazioaz arduratu zen, "Ver sin Vertov" proiektu barruan. Proiektu horrek 1954tik, Dziga Vertoven heriotzatik, 2005era bitarteko herri horietako zinema dokumentalaren historia aztertzen zuen. "Ezagutzen ez genuen azken 50 urteetako zinema dokumentalaren historia osoa; lan aparta izan zen eta asko disfrutatu nuen hura egiten". Etorkizunean, Mugirok ez du baztertzen gai horri buruzko tesia egiteko ideia.
Erreferentzia nagusiak aipatzeko orduan, noski, Ekialdeko Europara begiratu du, eta Andrei Tarkovskiren "89an Iruñean hari buruzko ziklo bat egin zen eta haren alarguna eta semeak ezagutu nituen" eta Otar Iosselianiren izenak eman dizkigu. Baina, ez du ahaztu Jean Epsteinen eta Jean Vigoren frantziar zinema, ezta Víctor Ericerena ere. Egungo zinemagileei dagokionez, Mercedes Álvarez El cielo gira, Albert Serra eta Raymond Depardon aipatu dizkigu.
Carlos Mugiro: "Zinemaren historia idatziko duten filmak gaur egun ez dira ikusleengana heltzen". Euskonews ; 470. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.
