Literatoak

Mitxelena, Salbatore

Iñurritza, Abendats. 1919ko urtarrilaren 18an Zarautzen (Gipuzkoa) jaiotako poeta frantziskotarra.

Arantzazun, Foruan eta Zarautzen burutu zituen lehen ikasketak. 1936an lehen botoak egin ostean 1943an apaiztu zen, gerran zehar Erriberrin egindako egonaldi baten ondotik.

Bertsolaria izan zen, eta gerora, euskarazko poeta eta prosalaria. ""Egan" aldizkarian kolaboratu zuen berak moldatutako poesiak argitaratuz, baina, egoera politikoa zela medio, bere lana egin ahala ezin argitaratzearen drama ere bizi izan zuen. 1949an Arantzazu. Euskal sinismenaren poema poema bikaina argitaratu zuen (Arantzazu, 248 orrialde eta 15 doinu herrikoi). Bi urte beranduago, Ama-Semeak Arantzazuko Kondairan argitaratu zuen (Arantzazu, 264 orrialde, gipuzkeraz). 1952an Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Garai hartan gerra osteko lehen urratsak ematen ari zen erakundea. 1954an Ogei Kanta Arantzazu'ko argitaratu zuen.

Elizaren eta frankismoaren arteko adostu nahiak nazkatuta, Amerikara abiatu zen misiolari lanak gauzatzeko asmoz. Hego Amerikako hainbat bazterretan egon zen. Han zela Euzko Gogoa aldizkarian kolaboratu zuen "Abendats" izengoitiarekin. Arraun ta Amets argitaratu zuen (Itxaropena, Zarautz, "Kulista Sorta" bilduma, 7-8 zenbakiak, poesiak, 1955). Hiru urte beranduago agertu zen Unamuno ta Abendats. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Animaren jokerei antzemate batzuk. (Baiona, 178 orrialde, saiakera). Guatemalako "Euzko Gogoa" aldizkariak antolatutako 100 dolarreko saria irabazi zuen. Amerikatik itzuli eta Suitzara abiatu zen etorkinen kapilau gisa. Chaux-de-Fonds hirian hil zen (Suitza), 1965ean.

Mitxelena euskal kulturako mugarri izan zen, kultura hori jazarpena pairatzen ari zen garai batean. Anasagastik ongi ezagutu zuen Mitxelena eta horrela deskribatu zuen:"Gizon txikia, elkarrizketa kartsukoa, oso argia eta sutsua, argumentu eta defentsa ederrez atontzen zuen polemikaren lagun (...) poeta, rapsoda, predikari grinatsua, idazle burutsua edota saiakera-idazlea izateko dohainak zituena" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Arantzazu poema oso ausarta zen, izan ere, gerra irabazi zutenek euskara debekatu egin zuten eta garai hartan oraindik debekatuta zegoen.

"Bertso horietan, historiak eta legendak, fantasiak eta ipuin herrikoiak, dramak eta epikak, erromantizismoak eta sinboloak, lirikak eta dialektikak elkar hartzen dute anaitasun giroan, eta bertso horien bidez Arantzazu Euskal Herriko gorabeheren ikur bilakatzen da, bai haren deboziozko joan-etorrietan, bai bertako gudaroste porrokatuen heroitasunean nahiz itsasoz bestaldeko konkistatzaileen suhartasunean. Ez dut uste euskal poemagintzan sekula Mitxelenaren lanak duen egiturazko eraikuntza bikaina eta bertsogintza sentikorrik izan denik; agian Orixeren Euskaldunak eta Gandiagaren Elorri haren parekoak izan daitezke, jakina, oinarrizko ezberdintasun batzuk tarteko" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

P. A., "Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País", 1966, p. 115.

Orobat, Mitxelena nahiko goiz hasi zen saiakera lantzen, horrez gain, Unamunoren lanari buruzko ikuspegia ere, irekia eta amultsua, ezohikoa da gerraosteko euskal apaiz batengan. Horren erakusgarri da beheran ematen den lerrokada. Bertan, Abendats Unamunoren bizitzaren alderdi tragikoari etnia ikuspegia ematen saiatzen da:

"Irakurle kontragilleren batek (eta ontan ere bear dute kontragilleek) objeta lezaidake Unamunoren sentipenok Unamunoretxen dirala ta ez Euskalerriaren. Ez onek eztut uste zutik iraun lezakenik luzaro, Unamunok berak len aitortuekin eta aurrera aitortzekoekin. Bai anbat, gure don Migel. Ain zuzen. Gure Euskalerri duzu, zure Vizcaya duzu, beste iñungo enderriek ez aña larrimin ori sentitzen datorkizuna ta larrimin ori sentiarazi zizuna. "Zeran eta balio duzun oro zure abendari zor baitiozu" (II, 116), ordu onez zeuk azaldu zenigunez. Zure Euskalerri zarrak, bai, somatzen eta oiukatzen du, zeuk bezin garrazki, zure espa ta lera ori, bere jokera jokaeretan.

Espa-lera ori zer besterik duzu, izan ere, azken gizaldi ta erdi ontako zure Euskalerriaretxena baizik? Ez dut uste irakurle euskalduna zapuztuko zaidanik, dagoneko (aguroegi) galdetzen badut, bilbotar auxe, bere ezilkor gose ori lurbira osoan entzunarazi dun aldetik, ez ote duguken euskal gogapearen erakusburu, gure Erri Animaren albistari, gure irrits mamienaren ixpillu, ta beraz gure Olerkari aundi, naiz -tamala auxe!- erderaz ara? Olerkari pentsalari onen filosofa muña, bere etsi ezin eta bizinai santu urdurian, euskal filosofi muña ez ote? ez ote, mendetako ta egunotako Euskal Miñaren abots eta aldarri sendo betikor Jainkoganakoa? Ta bein galderok emen txasta ezkero, batek ezin aztu maixuak berak siñetsitako ta idatzitako baietz oñarria: "si algo significo es porque mi raza ha llegado en mí a conciencia de sí misma" (II, 17). Ain erabat engañatua ote zegon? (...). Unamunok dun egia, dun filosofiketa, bere nortasunari dariona da. Lentxeago ala ziñeman digu berak. Bere buruaren (buruaren? ala sentimenaren eta borondatearen?) irritsa da ta aldezketa. Bere burua defenditzen ordea Euskalerriarena defenditzen du, oarki edo oartzeke. Oarki geiago noski, oartzeke baño. Españian españiena gaurregun Euskalerria baitugu, berak zerizkionez. Ta aldi berez, mintzatua ere digu sekula aztu bear ez dugun au: "naizen eta balio dudan oro euskaldun nazu ta ene abendari zor diot" (II, 116). Onako alde ontatik, beste iñondik baño re, guk sogin bear geniokela nago, gure Bizi Naia ren mandatari oni. Unamunok Loyola-koagatik ziñona geuk itandu Unamuno beragatik, aldeak alde: ez al da euskal gogakuna beragan gallurtzen? Ez al dugu geuretzakotu bear? Ez al da gure Gizandi? Erruz ta erruz gureago ez ote españiarrena baño? Galdera oetxen goraberei zerbait erantzun asmotan natorkizu bada enseiuon, Filosofu Olerkariaren etnika billa. Etnika noski; ta ez, jakiña, ez, besteren batek aztertzea ondo genuken etika. Ta onatx emen, jadanik, irakurle erabera, "Del sentimiento trágico de la vida"ko etnika xurgatzen asmatzeko araua, euskaltzaleontzat urrezko araua nik uste, ziurkienik iñortxok ez emana, baña baitare euskal biotzentzat benetan unkigarri bezin anpagarria, ta, aldi berez, gure "gogape"-albistariaren euskalsustraiak sumaraziko lizkizukena: Unamunok diñon bakoitzean: "ni ta ni", zuk irakur: "gu ta gu", eskubide duzunez; edota Euskalerri zarrari entzun aldarrikatzen: "Ni ta Ni". Bilbotarraren euskal muñ izkutu sendoa jo nai dunak zuzen bait luke fede auxe eramatea aren liburuetara, ok irakurri al izatekotan: auxe, alegia, batez beste: Euskalerri berberaren agonia dugula Unamunorena, ta aretxen Egia, ta aretxen Miña, ta aretxen Eroa, ta aretxen Ezilkor gosea. Ta baitare, geienetan edo ia beti, Unamunoren Españia geure Euskalerri berbera dugula, ari gainka eta ernaika, bere euskal buruaz eta izenaz ia erabat aztutzeraño".

1977an Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasek Idazlan guztiak argitaratu zuten, Mitxelenaren lan osoa biltzen zuen liburua. Hitzaurre modura, Jose A. Gandarias, Joxe Azurmendi eta Eugenio Aguirretxek egindako aipamen bio-bibliografikoak barneratzen zituen (Oñati, 466 orrialde). Honatx Joxe Azurmendiren iritzia:

Unamuno eta Abendats saiakera oso garrantzitsua da euskal literaturaren historian, gaur egun nagusi den auzia ekartzeak ematen dion gailentasuna dela medio: "ideiak adierazi behar horretan, mamia nagusitzen zaio itxurari, azaldu-beharra "garbitasuna"-ri, gizatasuna folklore-keriari" (Txillardegi), baina, aldi berean, Mitxelenaren saiakeran, formari buruz ematen zaizkigun irakaspenengatik ere oso garrantzitsua da. Saiakera horretan, Salbatore Unamunoren filosofiara itzultzen da dialektikoki, izan ere, kapituluz kapitulu, formak eta baliabideak aldatu egin ditu; poetikoki emango ditu azalpenak; elkarrizketa modura; Platonen gisara; arrazonamendu eta aipamenak uztartuz; txantxetan edo serioski... Lan asko dago formari dagokionez, nahiz eta lan nahasi samarraren txura izan. Mitxelenak forma oparotasuna zuen xede. Orixe eta beste zenbait ere irakasle izan dituenaz jabetzen gara. Mitxelena asko aberastu da idazle gisa. "Unamuno eta Abendats" ez da batere argia formari dagokionez. Mitxelena horretaz jabetu zen.

"Filosofia al da saiakera honen ardatz? edo ikerketa bat da, azterketa bat? edo, besterik gabe, barrena hustearen ondorio izan al daiteke? Edo agien beste poema bat da?, poesia edo prosa?, poesia bada ez da prosa? Adiskide hori: Eta zergatik ez, bere zolitasunean, bere txikitasunean, denetik pixka bat? Bakarrizketa batekin hasi eta elkarrizketa batera bideratzen da, hala, antzerkiaren moduko zerbait sortzen du; eta zergatik ez? Zergatik ez hori guztiori? Filosofia eta poesia ahizpa bikiak dira, ez badira gauza bera -esan zuen Unamunok" (Itzulpen moldatua gazteleratik). Mitxelena ez zen historialaria. Baina -Zaloñaren, Arantzazuko beste fraide baten bideari jarraituz edo ez- "Ama semeak" lanarekin historia euskaraz idazten aitzindari izan zen. Hori, oraindik euskal literaturak konkistatu ez duen lurraldea da. Dena den, Mitxelena poeta da batez ere, "Krisis handi batetik erne nahirik eta erne ezinez sortutako poeta. Gerrate ondorenean eta euskal poesia sinbolistak bere oinharriak ondo errotu baino lehen izan zuen etenaren mugan. Eta era berritzeeri ez zion gehiegirik begiratu. Hala ere, uste gabean ere, bere gisara arituaz, berritzaile bat izan zen." (San Martin). Poeta liriko eta erromantiko hori, erromantzearen ikasle epiko hori, gertaerak horren gertutik ezagutu zituenez, benetako errealista gisa agertzen zaigu: "errealista, errealismu latz batek bihotz mindurik eta ideal bati begira". Salbatorek aro berri bati hasiera eman zion. (...). San Martinek arrazoi osoz adierazten duen moduan Mitxelena halakoa da: "krisis handi batetik erne nahirik eta erne ezinez sortutako poeta. Gerrate ondorenean eta euskal poesia sinbolistak bere oinharriak ondo errotu baino lehen izan zuen etenaren mugan. Ziur aski etenak eragiten zituen arazoez jabetzeko idazle egokiena da Mitxelena, izan ere, ez zuen iraganarekin erabateko etena egin, aitzitik, hari lotuta zegoen erabat, aldi berean, idazle berritzailea zelako. Mitxelena mugan bertan kokatzen den idazlea da. Ez gerra aurretik oso-osorik, ez gerra ostean oso-osorik; ez erabat A, ez erabat B. Hori dela eta, nolabait esatearren, Orixek eta Villasantek bere egin nahi izan zuten".