Arkitektoak

Miranda, Alejo de

Bergara, 1760; Bergara, 1821. Arkitekto gipuzkoarrak bere iharduera profesionala bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian egin zuen; formakuntza akademikoa izan zuen lehenengotako arkitektoa kontsideratzen da eta neoklasizismoaren sartzailea.

Bere belaunaldiko eta lanbideko kideen gehingoarekin gertatzen den bezala, oso urriak dira bildu ahal izan diren datuak Alejo de Miranda gipuzkoar arkitekto neoklasikoaren inguruan. Zihurrenik 1760ean Bergaran jaioko ote zen uste dugu eta 1821ean Bergaran ere hil, eta 1784ean María Antonia de Urizarrekin herri beran ezkondu zela. Badakigu ere, horrela jasota baitago, 1803an Madrilgo San Fernando Erret Akademian arkitekto bezala izena emana zuela.

Azken datu hau oso garrantzitsua da Alejo de Miranda lehenengotako euskal arkitektoa izan baitzen arkitektura ikasketak akademian egin zituena, XVIII. mendearen amaieran inauguratuta Karlos III erregearen babespean eta Ventura Rodríguez arkitektoaren ahaleginei esker, modu honetan profesioa duindu nahi baitzuen. Ondorioz, ordu arte arkitektoen erantzukizuna hartutako lanetako maisuak hauen esanetara ipini behar izan ziren. Formakuntza honi esker Alejo de Miranda akademiak zabaltzea erabaki zuen hizkuntza neoklasikoan bere eraikinak altxatu zituen lehenengo arkitektoetako bat izan zen, XVIII. mendearen amaieran euskal lurraldean lehenengotako babesle bihurtuz.

Gutxi dakigu ere zein proiektu deseinatu zituen eta zein lanak burutu zituen, hauetako batzuk, gainera, ez direlako egun heldu. Dakigunez lehenengo proiektuetako bat 1789ko Ordiziako udaletxearen eraikuntza izan zen, non Alejo de Mirandak XVIII. mendeko euskal udaletxe barrokoen eskema orokorra modu jantzi baten interpretatu zuen, erromatar moduan, kolomazko atalondo bat erantsiz.

1799 eta 1808 artean Bizkaian lanean aurkitzen dugu, hainbat proiektu desberdinetan parte hartuz. Horien artean hauek aipatu daitezke: Bilboko Plaza Berrikoa, Bakaren Itsasportuko proiektua Bilbon ere -bi proiektuetan Silvestre Perez arkitektoarekin batera-, biak egin gabekoak; eta eraiki baina gero suntsitu egin ziren bi aipatu beharra dago: Pontongo Iriñen lantegia eta Komediako Koliseoa Bilbon, Agustín de Humaranekin batera diseinatu zuena eta 1816an erre zena.

Urte hauetan hainbat proiektu eta lan burutu zituen eremu erligiosoan ere. Amaieran burutu ez ziren hainbat proiektuetan parte hartu zuen, Bermeoko Santa Maria eliza kasu, oraingoan ere Silvestre Perezekin batera. Halaber, hiru proiektu eraiki zituen: Gorotizako Santa María eliza Nabarnizen, Ibarrako San Martín de Tours eliza Aramaion eta Iurretako San Miguel eliza. Nabarnizen oina zentratua egin zuen Panteoi erromatarren biribilgunean inspiratuta, nahiz eta idibegirik ez erabili, Mañeruko San Pedro elizan Santos Angel de Ochandategui arkitekto nafarrak egin zuen bezala. Horrela, kanpoaldera gurutze greko bat bezala agertzen da, erdiko moduloa karratua meheki irtenda duelarik. Aramaion, kontzeptualki Narbaizekoaren antzekoa bada ere, kanpoaldeko bolumen jokoa azpimarratuagoa dago, Silvestre Pérez eta Alejo de Miranda berak Bermeon egin zutenaren antzera, multzoaren pean kupula eta aurrekaldeko elizpe dekastiloa pilare karratu simple eta entasi gabekoeen gainean doalarik. Azkenik, Iurretan Alejo de Mirandak, Ventura Rodriguezen Larrabetzuko elizaren antzera, areto tetrastiloa erabili zuen, nabea apazitegira eta korura luzatuz.

Hala ere, Alejo de Mirandak 1814an eskeintza garrantzitsuena jaso zuen Donostiako 1813ko sutearen ondorioz. Hiriaren berreraikitzearen hasierako proiektua Pedro Manuel de Ugartemendiak egin zuen, baina orubeen jabeek errefusatu egin zuten Ugartemendiaren proposamena proiektua ilustratua eta erradikala baitzen. Izan ere, Ugartemendiak hutsetik hasiko zen hiri bat sortu nahi zuen, guztiz berria eta berritzailea, eta horretarako bi bilbe gainjartzen ziren, bata erretikulatua berdintasunaren asmoarekin eta bestea erradiala gune nagusia plaza nagusi berri bat izanik, bertan eraikuntza esanguratsuenak kokatuko zirelarik. Baina orubeen jabeek hiriaren aurreko trazatuaren aldeko apustua egin zuten, lehendik lortutako pribilegioak galdu nahi ez zituztelako. Horrela, San Fernandoko Akademia lehen proiektua errefuxatzera eta Ugartemendia berriz, Alejo de Mirandarekin proiektu batera proiektu berri bat trazatzera behartu zituzten. Miranda, Andoaingo arkitektoa, kontratatuta izan zen, ziurrenik bestea baino nagusiagoa zelako, esperientzia gehiagorekin eta agian ez hain sutsua eta erradikala.

Proiektu berrian Ugartemendiak eta Mirandak kaleak eta bizitzeko blokeak zuzendu eta erregulatu zituzten aurreko hiri bilbearen zatiketa errespetatuz; aurreko enparantzaren kokagunea eta neurriak ere errespetatu ziren. Orokorrean, irtenbidea guztiz praktikoa izan zen baina ez hain erradikala, Erdi aroko trazadura arrazionalagotzeko asmoarekin. Azkenean, aldaketa batzuen ondoren orubeen jabeen nahia nagusitu zen eta bigarren proiektua inposatu zen. Hori bai, Ugartemendiak eta Mirandak ordenantza zorrotzak sartzea lortu zuten, berreraikitako etxeei batasuna emateko.

Bi urte beranduago, 1816an, berreraikitzeko lehen lanak amaitutakoan, Ugartemendiak eta Mirandak Donostiako Konstituzioko enparantza proiektatu eta burutu zuten, traza berdinarekin sute aurretik zegoenaren leku eta modu berean kokatuz. Enparantza planteatu zen kale biren artean luzatzen den etxadi baten desbentramendua bezala; horrela, kale biek fatxaden jarraitasuna eten egiten dute, behealdean arku eliptiko batzuren bidez elkartzen direlarik. Enparantza, ondorioz, lau eraikin independientek osatzen dute -alboetako biek beren fatxadak kale harantzago luzatuz-, bakoitzak bere autonomia duelarik. Honek alboetako batean udaletxea sartzeko aukera eman zuen diseinu desberdin batekin, Silvestre Perez arkitektoak proiektatu zuena. Multzo osoari batasuna emateko asmotan hiriaren berreraikitzeko proiektuan ordenantza zurrunak inposatu zirenez, baina aldi berean enparantzari izaera desberdin bat ematen saiatuz, bi arkitekto gipuzkoarrek enparantza aldameneko beste eraikinetatik bereizteko eta nabarmentzeko hiru elementu erabili zituzten: arkupea behe solairuan, balkoi jarraituak eta sarrerako arkuak.

Aipatutako ordenantzarekiko, nabarmendu behar da bertan bai Ugartemendiak bai Mirandak ilustrazioaren joerak jarraitu zituztela etxeetako osasuna eta erosotasunarekiko, ez baizituzten eraikuntzetako fatxadak soilik erregularizatu baizik eta barruko espazioak ere, logeletako angelu zorrotzak kenduz eta hauen birbanaketa logikoagoa bilatuz argia eta aireztapenari lehentasuna emanez, aurreko garaietako logela ilunak ezabatuz.

Azken lana honen ondoren eta bere heriotza arte Bergaran 1821ean ez dugu konstantziarik Alejo de Mirandak proiektu edo lan amaitu gehiago egin zituenik.