Kontzeptua

Meatzaritza. Ostatua

Gerra Zibilaren ostean, XIX. mende bukaeran barrakoiak eraikiarazi zituzten arazoak konpondu gabe zeuden oraindik: alde batetik meategietara iristen ziren langileentzako etxebizitza gabezia, eta bestetik, meatzariak kontrolpean eta ustialekuetatik gertu mantentzea. Horren ondorioz, barrakoi zaharrak mantendu egin ziren, eta beste batzuk, berriz, etxebizitza gisa erabiltzeko egokitu eta aterpetxe izena eman zitzaien. Hala ere, kultura herrikoiak ez zuen izen hori erabat bere egin.

Aterpetxe batzuek egurrezkoak izaten jarraitzen zuten, eta beste batzuk, adreiluzkoak izaten ziren. Horrez gain, moldaketa harrigarriak ere egiten ziren, besteak beste bagoiak ustialekuetara garraiatzen zituzten zaldien ukuilu zaharrenak. Orconerako aterpetxean, komunak, eraikineko kanpoaldean kokatuta zeudenak, animalien aska zaharrak ziren. Aterpetxeetan ez zitzaion beti pertsona kopuru berari ostatu ematen, baina gehienetan ehun bat pertsona izaten ziren aterpetxe bakoitzean. Sukaldeaz gain, jangela eta logela gisa erabiltzen zen gela bat (lau ohe bakoitza bi ilaratan banatuta), eta banakako armairuak izaten zituzten bertan. Baldintzak hobetzen joan ziren heinean, dutxak (nahiz eta gutxiegi izan), konketak eta larrialditarako botikin bat ere jarri ziren aterpetxeetan. Botikin horri erizaindegia esaten zitzaion.

Meatzetako enpresa handiak izaten ziren aterpetxeen jabeak, eta horiek enpresa bertako langile bat izendatzen zuten aterpetxeak kudeatzeko. Azken hauek, batzuetan, bertan ematen ziren zerbitzuak kontratatzen zituzten (sukaldea, logelak, garbiketa eta abar). Lan horretan aritu ziren, besteak beste, Rikarda Allue (1913) eta Angelines Arroyo (1924) emakumeak.

Oraindik ere galiziarrak ziren etorkinen gehiengoa, asturiarrekin, andaluzekin eta extremadurarrekin batera, gehienbat gazteak. Bigarren Mundu Gerraren ostean, alemaniar soldaduek meategietan egin zuten lan, eta aterpetxeetan hartu zuten ostatu. Garai hartan, meatzariak oso maiz aldatzen ziren, "hiru egun lanera joan gabe, kalera botatzen zituzten eta aterpetxea ere utzi behar izaten zuten". Gehienetan aterpetxe guztiak beteta egoten ziren "enpresak erabakitzen zuen nor sartzen zen", eta ondorioz, kanpoan geratzen ziren langileak ostatuetara edo peoi-etxetara joan behar izaten zuten.

Azpikontratatuen lan nagusiak jatekoa prestatu, garbiketa orokorra egin eta logelak garbitzea zen. Otorduak (gosaria, bazkaria eta afaria), gehienetan lekaleak (garbantzuak, babarrunak eta dilistak) eta arrautza frijituak izaten ziren. Batzuetan arraina ere ematen zieten, edo bestela, patata gisatuak zaldi haragiarekin (haragi merkea ere esaten zitzaion) plater bakarra bezala. Afaltzeko, zopa eta marlinak eskabetxean. Eltze handi batetik jatekoa platerean zerbitzatzen zieten, eta jarraian jangela deiturikora joaten ziren. Noizean behin, enpresako administratzaileak aterpetxeko instalazioak eta eskainitako zerbitzuak ikuskatzen zituen.

1950ko hamarkadan, Orconerako aterpetxean ostatu hartzen zuten langileek, eguneko 14,06 pezeta ordaintzen zizkion enpresari, eta eguneko pezeta bat aterpetxeko arduradunari (azpikontratatua eta gizarte segurantzan kotizatzen ez zuena). Horrez gain, enpresak arduradunari pezeta bat ordaintzen zion egun eta langile bakoitzeko. Enpresak jatekoa, beharrezko tresnak (garai hartan beharrezkoak jotzen zirenak) eta garbiketarako materialak ere jartzen zituen. Arduradunak beste langile batzuk azpikontratatu behar bazituen, bere kontuz izaten zen. Aterpetxerako jarritako produktu eta materialen erabilera oso era zorrotzean kontrolatzen zuen enpresak.

Aterpetxeetan bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ziren, besteak beste arropa garbitu eta lisatzea, baina zerbitzu horiek bereiz ordaintzen ziren, aldez aurretik hitzartutako prezioaren arabera.

Askotan atzeratzen ziren meatzarien soldatak, eta ondorioz aterpetxeak utzi behar izaten zituzten. Hori zela eta, kontrol-sistemak ezartzen hasi ziren (ez zitzaien soldata ordaintzen, aterpetxea ordaindu zutela egiaztatu arte). Horrez gain, familia plusarekin ere arazoak izaten zituzten. Plus horri puntuak esaten zitzaion, eta puntu horiek jasotzen zituztenek beren familiari bidali beharreko dirua jasotzen zuten, baina hori ez zuten beti betetzen.

Meategietan lan egin zutenek gogoan dute oraindik Overedo txakurra, batez ere asteburuetan, meatzariek aterpetxetara bakarrik joan ezin zutenean, bidean laguntzen ziena.

Aterpetxeen ardura zuten emakumeek nortasun handikoak izan behar zuten. Izan ere, ehun gizon ingururen buru izaten ziren, gehienetan oso gazteak. Lanaldia amaitzean, marregazko zaku bat buruan jarrita iristen ziren. Kontuan hartu behar da, meatzari horiek bakarrik bizi zirela, oso soldata eskasa irabazten zutela, eta ia heziketarik gabekoak zirela. Ondorioz, emakume horiek diziplina handia jarri behar izaten zuten, eta batzuetan, egoera zailak konpondu.

Poliki-poliki meategiak ixten hasi eta meatzarientzako ostatu gehiago izaten hasi zenean, aterpetxeak ixten hasi ziren, bate zere 1950ko hamarkadatik aurrera. Hala ere, aterpetxe batzuk, besteak beste Concha de Orconera aterpetxea, ia 1960 hamarkada hasiera arte egon ziren irekita.