Kontzeptua

Meatzaritza. Galgariak

Información complementaria


Bizkaiko meategi eskualdean, usadioz ustiapenerako erabili izan den garraioa animaliek tiratutako ibilgailuak izan dira. Minerala lera eta gurditxoetan kargatzen zen, eta hauek idi edo mando-pareek tiratzen zituzten: Bilboko itsasadarreko zamalekuetaraino edo lantegietaraino garraiatzen zuten. Aldamaren arabera (Aldama, 1851, p. 369), XIX. mende erdialdera, lan horietarako mila lor-abere inguru erabiltzen ziren. Baina 1880tik aurrera, lor-abereen ordez plano inklinatuak, aireko tranbiak eta trenbideak erabiltzen hasi ziren, eta poliki-poliki, sistema berri horiek, animaliak ordezkatu zituzten. Hala ere, 1948an Orconera Iron Ore C.-ko langilerian oraindik zaldi-adituak zeuden.

1855eko Trenbideen Lege Orokorrari esker, meatzetako trenbideak garatzen hasi ziren. Bizkaiko meategien eskualdean, lehen trenbidea Trianokoa izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiak eraikitakoa eta 1865ean inauguratu zena. Hasiera batean 8 km-ko ibilbidea zuen, baina 1900. urtean, ibilbide hori 12,8 km arte luzatu zuten: Muskizeraino iristen zen eta Bilbo-Portugalete linearekin elkartu zuten. Hurrengo hamarkadetan trenbide linea gehiago eraiki zituzten, besteak beste Luchana Miningek egindako El Regatoko trenbidea (1873), bost urte geroago 12 km-ko ibilbidea izatera iritsi zena; Bilbao River Cantabrian Railway konpainia ingelesak egindako Galdameseko trenbidea (1876), 22,4 km-rekin denetan luzeena; eta Orconera Iron Orek egindakoa (1877), 13,8 km-ko ibilbidea zuena. Baita ere aipatzekoa da Trenbide Franko-Belgiarra (1880), 7 km-ko ibilbidea zuen eta motzena zen. Baina meategi-eskualdea garatzen gehien lagundu zuen trenbidea Trianokoa izan zen. Izan ere, mineral tona gehien garraiatu zituen trenbidea izateaz gain, prezioak ere arautzen zituen. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiarentzat diru-iturri ezin hobea izan zen (La cuenca minera, 1994.

Meatzetako trenbideekin batera lanbide berriak sortu ziren, hauek ezaugarri bereziak zituzten, trenbide arruntetakoetatikk bereizten zirenak. Horien artean aipagarriak dira galgariak. Horien lana, betiere gidarien esanetara, bagoiak balaztatu edo geldiaraztea zen. Lan horretarako trebetasun eta segurtasun handia behar zen. Izan ere, lan hori aire zabalean egiten zen, eta babes bakarra lanerako arropa zen. Hori zela eta, askotan arrisku handian egiten zuten lan.