Kontzeptua

Mateo-Txistu

Hainbat esparru edo maila diferenteetan egin behar da interpretazio ahalegina. Batetik, euskal eta eskandinaviar lotura argitu behar da, eta bestetik mitoaren esanahia eta funtzioa zehaztu. Legendaren banaketa esparruari begiratuta zalantzarik gabe esan daiteke jatorri eskandinaviarra dela eutsi beharreko hipotesia. Euskal Herrira noiz eta nola heldu zen da orduan argitu beharrekoa. Historiak erakusten duenez, Euskal Herria Erdi Aroan, Europa osoaren antzera kultura germanikoen bizimodu eta egitura feudalen arabera antolatuta zegoen. Aitzitik, ez frankoek ez eta bisigodoek ere ez zuten kolonizatu. Badirudi ordea, normandoen presentzia eta eragina gero eta nabarmenago agertzen dela hainbat aurkikunde arkeologikoen argitan.(Vikingoak alegia, ez gaurko Normandiako biztanleak).

Mateo Txisturena ez da euskal mitologiak erakusten duen lotura eskandinaviar bakarra. Sanmartintxiki ere jatorri berekoa dugu. Honek presentzia egonkor bat adierazten du, kolonizazio arin bat neurri batean. Normandoei buruz dakigun apurraren argi-ilunetan, badirudi konkistatu zituzten lekuetan geratu zirela bertakoen artean disolbatuz. Eta ezinbestekoa da honelako hipotesi bat, euskal mitologiaren baitan eskandinaviar jatorriko mitoak agertzea ulertu ahal izateko, mito bat ez baita herri gogoan txertatuta geratzen konkista bat edo beste gorabehera. Aldi luze bat eskatzen du, bizikidetza bat. Areago oraindik, Mateo Txisturen kasuan bezala, Mariren esparruan sartzeraino iristen bada, alegia, eguraldiaren ulerbideen esparruan. Zernahi dela eta, ikerketa mitologikoaren ikuspuntutik zalantzarik gabe esan daitekeena da Mateo Txistu legenda ziklo germaniko bateko euskal bertsioa dela, eta germaniar munduko eredu antzekoenak ez daudela Frantzian, Ingalaterran edo Alemanian, Danimarka eta Suedian baizik.

Mitoaren funtzio eta esanahiari dagokienez, mitoaren bertsio eskandinaviar hauek ez dira osoki ortodoxoak indoeuropar ideologiaren ikuspuntutik. Eskandinaviar testu mitologiko tradizionaletan ez dira inoiz ageri, eta XIX. mendeko foklore bildumetan baino ez ditugu aurkituko. Halere honek ez du esan nahi oso berandu sortuak direnik,- euskal bertsioak horren frogagarri-, baizik eta eskandinabiar sinkretismoaren emaitza direla.