Kontzeptua

Mateo-Txistu

Euskal Herriaren baitan, Zuberoatik hasi eta Bizkairaino zabaltzen da apaiz ehiztari madarikatuaren legenda. Euskal Herritik kanpo berriz, Europa osoan ugari dira halaber, izaki madarikatuen gaueko ehizaldiak. Ugari dira, besteak beste, agian ziklo berekoak ez diren kontakizunak nahastu ohi direlako. Izan ere, ehiztaria, zakurrak, eta ehizaldi madarikatuaren ideia guztien oinarrian egon arren, anitz dira ideia honen inguruko irudikapenak, itxura eta ezaugarri diferentez hornituak han eta hemen. Ehiztari nagusia pertsonai garrantzitsua izandako norbait da beti,- apaiza, gerlari noblea, erregea-, baina hura laguntzen doazenak zakurrak baino ez dira batzuetan, eta ehiztari madarikatu talde handia berriz, bestetan. Talde madarikatuok batzuetan ez ditu inork ikusten, Euskal Herrian ia beti gertatzen den bezala, eta besteetan jendearekin hainbat elkarrekintza mota izaten dituzte. Jendeak ikusi egiten ditu, eta haiekin harremanen bat izan, batzuetan kalterako eta batzuetan onerako. Dena den agerkunde guztiak esparru germanikoan edo noizbait germaniar eraginpeko izandakoetan gertatzen dira.

Ugaritasun eta desberdintasun hauen erakusgarri, hainbat aldagai aipatuko dugu. Ehiztariaren nortasunari dagokionez, gizonezkoa da gehienetan, baina emakumezkoa ere izan daiteke (Freya jainkosa mitologikoaren eratorpen bide diren Frie edo Frau Holle kasu). Estatusari dagokionez, denetarik topatzen dugu, beti ere pertsonai nagusi bat delarik, noski: Teodoriko Handia edo Danimarkako Valdemar Atterdag bezalako errege historikoak, erdi aroko santuak, Inglaterrako St. Guthlac bezala, Infernuko Etsaia, edo baita Francis Drake kortsario ospetsua ere. Hauen artean ezagunenak Arturo Erregea eta Odin eskandinaviar mitologiako jainko nagusia. Multzoari dagokionez, Suedian ehiztari bakarra dugu gehienetan zakurrek lagundurik, baina erdi aroko Ingalaterran bildutako lekukotasunen arabera, hogei edo hogeita hamar zaldun beltzek osatzen dute ostea. Eta elkarrekintzari dagokionez, Suedian gehienetan ez da ikusten, sumatu baizik, baina gainerako toki gehienetan ez ikusi bakarrik, gainera hainbat elkarrekintza gertatzen dira: ikusleak laguntza ematen badie sariren bat jasotzen du, edo zigorren bat nozi dezake, trufa eginez gero edo lagundu ezean.

Badirudi ideologikoki hurbil izan daitezkeen hainbat ziklo ezberdin bildu ahal izan direla bat eginez zenbait kasuetan: ehiztaria, (Wild Hunt) eta oste beltz haserrea (Furious Host), arima erratu izate horretan daude kide, eta bizitzan egindako ogenen ondorio den erratutasun horrek bildu ditu agian.

Euskal bertsioak banaketa honetan nola sartu eta sailkatu gogoeta egiterakoan, gauzak nahiko argi daude: hasieran eta Europako hainbat oste ikusgarrien ondoan Mateo Txisturen agerpena apal samar ematen badu ere, ez da uste izan behar kontakizun handios batzuen endekapena denik gurea. Izan ere, espazioan urrunenak diren arren, eskandinaviar bertsioak nabarmenki antzekoenak ditugu hainbat ezaugarriri dagokionez: ehiztaria eta zakurrak ezin dira ikusi, entzun eta sumatu baizik; ez dago inolako elkarrekintzarik, ez laguntzarik ez saririk, ez zigorrik, ezta hizketa izpirik ere. Ehiztaria bakarka ari da, zakurrak baino ez dituela lagun. Hotsei dagokienez, suedian baino ez dira zakurren uluak aipatzen, gainerakoetan zaunka hotsak nagusi diren bitartean. Haize zakarrarekiko lotura orokorra da, baina berriro Suedian baino ez da aurkitzen Amezketan ere aurki daitekeen lotura bera, hots, ehiztariaren agerpenak aldi baterako eguraldi aldaketa dakarrela. Ehiztariaren ogenari dagokionez gizon handikiak bizitzan egindako gehiegikeria izan ohi da sarrien aurki daitekeen motiboa (ankerkeriazko bidegabeko hilketak eta antzekoak), baina berriro Suedian topatzen dugu Euskal Herrian bezalako erlijioarekiko lotura: Jainkoa laido dezaketen hitzak (Har dezala Jainkoak zerua beretzat baina utz diezadala niri ehiza), edota igandea errespetatu gabe ehiza egitera joatea. Eskandinaviar eta euskal bertsioen arteko azken antzekotasuna protagonistari dagokio. Hau ez da bakarrik handikia, handiki mota berezi eta berekoa baizik. Han Odin da ehiztaria, garai bateko jainko nagusia, kontakizunak bildu ziren garaian legendazko errege bihurtua. Odin jainkoaren ezaugarri nagusia eskandinaviar mitologian, bere jakituria da. Odin begi-bakarra da, bere begi bat galtzea onartzen duelako "Jakituriaren osinatik" edan ahal izateko. Jakituria eta aztigoa dira bere ezaugarri nabarmenenak. Euskal ehiztariei begiratu ezkero berriz, denak apaizak dira, eta horrek garaiko testuinguruan jakituria eta aztigoaren jabe diren pertsonaiak bihurtzen ditu. Baina ezaugarriztatze orokor honetaz haratago, pertsonaiak hartu dituen izenen azterketak ideia bera azpimarratzen du. Xalamon izena Bibliako Salomon erregetik dator, kristautasun testuinguruan jakituriaren ikur gorena. Eta Priste Juan izenak berriz Erdi Aroko legendazko pertsonai ospetsu baten izenetik dator: Preste Juan errege mitikoa, ezaguna besteak beste, bere jauregian ispilu harrigarri bat zuelako, bere erresumako bazter guztiak erakusten zizkiona. Euskal Herrian Erdi Aroan gertatutako bataiatze berri hauek erakusten digute Mateo-Txisturen arbasoaren ezaugarriak jakituria eta aztigoaren ingurukoak zirela.