Bestelakoak

Mamur

Izen hori ematen zaie Lesakan gizakiei beren ekimenetan arrakasta lortzen laguntzen dieten zenbait izaki misteriotsuri. Mamur izena oso eremu mugatuan erabiltzen da, eta baliteke Leitzako Maimurrekin lotuta egotea. Bertatik kanpo objektuak berak beste izen batzuk hartzen ditu. Adibidez: Mamarro edo Galtzagorri "galtzamotz gorriak dituena", Zarautzen; Prakagorri Gernikan; Gaizkiñak Bedian; Mozorro Albizturren; Autzek Ziortzan; Patuek Ibarrurin; Bestemutillak, Foruan eta Gernikako inguruetan; Aiar "deabrua" Lapurdin eta Baxenafarren; Etxejaunak Ithurrotxen; Arerioak Abezian; Areriotxoak Añesen; Aidetikako Saran eta Ximengorri Abadiñon.

Mamurrak jeinu txikiak dira, eta haien jabe egiteko, sasi gainean orratzontzia edo kutxatila bat irekita utzi behar da, San Juan bezpera-gauan. Mungian, orratzontzia Sollube mendian jarri behar dela sinetsi ohi da; beste batzuek, aldiz, Artxandan jarri behar dela diote. Artatzan eta Lacozmonten uste dute Mamurrak gaueko hamabietan jaso behar direla, San Juan bezpera-gauan. Zarauzko kondaira batek dioenez, antzina Mamurrak Baionako denda batean eros zitezkeen, ontza erdi urreren truke.

Herri askotako sinesmenen arabera, intsektu-forma dute; baina beste leku batzuetan, galtzamotz gorriak daramatzaten gizontxoak dira. Orratzontzi bakoitzean, lau sartzen dira. Kutxa ireki bezain pronto, bertatik irten, eta jabearen buruaren inguruan biraka hasten dira, galdezka: "zer egin behar dugu?". Eta berehalakoan, hark eskatutako guztiak egiten badituzte, lan sinesgaitzak badira ere. Mirariak edo aparteko egintzak egiten dituztenek -aztiak, sorginak eta zenbait petrikilo kasu- mamurrak dituztela esan ohi da. Orratzontzian eramaten dituzte normalean; baina Añesen uste dute igitaiaren kirtenean eramaten dituztela, eta kirtena apurtuz gero, jeinuak desagertzen direla.

Mamurrak erabilita, Aizpuruko (Orozko) apaiz bat Madrilera joaten omen zen neskamearekin. Bertan, zezen-korridak ikusi, eta unean bueltatzen zen herrira. Zarauzko kondaira batek dioenez, itzain batek apustu egin zuen haren idiek beste itzain batzuenak baino urrutiago eramango zutela proba-harria. Idiak huts egiten hasi zirenean, apustua galtzeko zorian zegoela ikusita, ezkutuan Mamurren orratzontzia jarri zien uztarrian. Hala, lehiakideek lortu ez zuten lekuraino iritsi ziren. Arabako mendialdean ezaguna da Juanis, Bargotako apaiza, Mamurren laguntzarekin hainbat balentria eta gaiztakeria egin baitzituen: etxea eraikitzea, mandazain baten mando-taldea hegan jartzea, eper-saldoa buztinlari baten dendara erakartzea, etab. Atauneko kondaira batek dionez, Bargotako gizon bat zorrak ordaindu aurretik hil zen, eta haren hartzekodunak ez zioten gorpuari lur eman nahi, zorrak kitatzen ez ziren bitartean. Bertan azaldu zen Bargotako Juanis. Hartzekodunei hitzeman zien ahari batzuekin kitatuko zituela zorrak, eta handik gutxira bertan zeuden ahariak. Zorrak ordainduta, hildakoaren gorpua lurperatu zuten. Hartzekodunak ahariekin abiatu ziren; baina herriko mugak igaro bezain laster, animaliak misteriotsuki desagertu ziren. Pertsona batzuek bizitza osoan Mamurrak bahituta izaten dituzte. Mamurrak dituena ezin daiteke hil, ezta hilzoria arindu edo laburtu, jeinuak desagerrarazi, eman edo saltzen ez dituen arte. Bedian diote Burtzela auzoko andre zahar batek hilzorian eman zituela hainbat egun. Hura zaintzen zuen apaiza konturatu zen hilzorian zegoen emakumearen ohean Mamurren zakutxo bat zegoela. Zakua hartu eta sutara bota zuen; horrela, jeinu txikiak desagertu ziren, izugarrizko garrasien artean. Orduan, andre zaharra hil zen. Mamurren istorioak Euskal Herritik kanpo hedatu diren kontakizunen eta sinesmenen euskal bertsioa dira.