Irakasleak

Malharin, Jeanne Marie

Irakaslea eta euskaltzalea. Jeanne-Marie Malharin 1912ko otsailaren 1ean jaio zen Ostankoan (Nafarroa Beherea). 2001eko abuztuaren 11n zendu zen.

Lehen mailako ikasketak Aiziritzeko eta Donapaleuko eskolan egin zituen, ondoren Uztaritzeko Les Filles de la Croix komentuko ikastetxean egon zen 16 urte bete arte. 1928an hasi zen lanean irakasle bezala. Gazte-gaztetatik, 25 urte besterik ez zituela, Mugerreko Sainte-Marie ikastetxeko zuzendari izendatua izan zen eta karguan 30 urte eman zituen.

Mugerren lanean zela, Frantzia 1939ko gerran sartu zen. Herriko soldadu asko preso hartu zituzten alemaniarrek eta Alemaniara eta Poloniara eraman zituzten. Haiei laguntzeko zerbait egin behar zela-eta Malharin gaztea eskolako neskekin hasi zen antzerki-lanak antolatzen. Sarrerekin ateratzen zuten diruarekin premiako gauzak erosi eta soldadu frantsesei bidaltzen zizkieten. Modu horretan ohartu zen antzerkigintzarekin gauza asko lor zitezkeela: batetik, herriko gazteak bildu eta formatu; bestetik, norberaren konfiantza landu; eta azkenik, euskal kultura hobeto ezagutu. Antzerki-saioak hasiera batean frantsesez aurkezten baziren ere geroago euskaraz antzezteari ekin zioten.

Mugetarrak antzerki-taldea 25 urtez ibili zen taulaz taula antzerki-lanak antzezten. Hasieran Piarres Larzabal antzerkigilearen lanak jorratzen bazituzten ere, Paul Guilsou eta Ernest Bidegain idazleek taldearentzat espresuki sortutako antzerki-lanak ere antzeztuko zituzten geroago.

Mugarre herrian 30 urtez egon ondoren, 1967an Itsasura joan zen bertako Saint-Joseph ikastetxe pribatuan eskolak emateko asmoz. Itsasun, irakasle lanak betetzeaz gain, ordura arte ukitu ez zuen lan bati ere ekin zion: irratiko esatari lana. Bertan, Gure Irratia emisoran Itsasuko berriak zabaltzen zituen.

Euskararen alde egindako lana ere aipagarria da. 1960 urte arte Eskualzaleen Biltzarra elkartea Iparraldean euskararen alde lan egiten zuen ia erakunde bakarra zen. Eskoletako haur eta gazteei zuzendutako literatur lehiaketak antolatzen zituen euskaraz idatzitako lanak aurkeztera bultzatzen zituztenak. Malharinek beti bultzatu zituen ikasleak halako lehiaketetan parte har zezaten.

Ohidurak elkartean ere ibili zen. Euskal dantza eta kultura zabaltzeko helburua zuen erakundea, eskolaz eskola ibiltzen zen gai horiek irakasten. Elkarte horretan, Malharin bertako zuzendaritzan egon zen hamabi urtez jarraian lanean.

Ikas elkartean ere ibili zen bere sorreratik, euskal irakaskuntzaz arduratuko zen taldea. Janamari Malharin lehen zuzendaritzako partaidea izan zen, lehendakariordea, hain zuzen ere. Elkarte honek helburu nagusitzat elebitasunaren garrantzia eta aberastasuna ohartaraztea eta aldarrikatzea zen.

  • LANDART, Daniel. Janamari Malharin (1912-2001). Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003.