Etnografoak

Lopez de Guereñu Iholdi, Gerardo

Argazkilaria eta etnografoa. Gasteizen jaio zen 1928an eta 1989an hil zen.

Aitaren babesean -Gerardo Lopez de Guereñu Galarraga-, erraz kutsatu zen bere lurraldearekiko maitasunaz. Argazkilari ona izaten ikasi zuen eta arte hura Arabako, Euskadiko eta probintzia mugakideetako lurraldeetan egindako askotariko ibilaldietan aplikatu zuen. Horrez gain, Pirinioetako eta Europako mendietako gailur altuenetako mendizale eta eskalatzaile garrantzitsua izan zen. Aitarekin batera Manuel Iradier Txangozaleen Elkartea sortu zuen, elkarteko Mendi eta Ibilaldi ataleko arduradun izan zen hainbat urtez eta, horrez gain, argazkilaritza eta erakusketak eta etnografia eta toponimia ataletan lagundu zuen.

Jai, artisautza, museo eta abarrei buruzko argazki-erreportaje ugari jarduera horien emaitza izan ziren, baita Txangozaleen Elkarteko buletinean argitaratutako arte herrikoiari, toponimiari eta abarri buruzko hainbat artikulu etnografiko ere. Mendizaleen Elkarteko Etnografia atala Arabako Foru Aldundiaren mende geratu ostean, Gerardok bertako kide esanguratsu izaten jarraitu zuen eta egungo Arabako Etnografia Mintegi bihurtzen aitzindaria izan zen. Mintegi haren barnean Ohitura. Estudios de Etnografía Alavesa aldizkaria zuzendu zuen hasieratik eta haren aitak idatzitako Apellanizeko galdeketa etnografikoari osoki zuzendutako 0. alearen argitalpena bultzatu zuen; gainera, berak ere hainbat artikulu argitaratu zituen landako txabolei, jaiei, artisautzari eta abarri buruz. Ohitura aldizkarian artikuluak argitaratu zituen, baina ez hor bakarrik, baita Eusko Folkloreko urtekarian, Cuadernos de Sección de Antropología-Etnografía koadernoetan eta Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkarian ere; azken hori Eusko Ikaskuntza erakundearekin zuen loturari esker, hain zuzen, Arabako lehendakariordea izan zen 1980ko hamarkadaren amaieran. Horrez gain, hainbat jardunaldi eta hitzaldi-ziklo zuzendu zituen -bera ere ohiko hizlaria zen- Arabako Aldundiko Etnografia Sailetik eta hainbat ikerketa-proiektutan hartu zuen parte, bai taldean, bai bakarka: kanpai-jotzeak, ikuztegiak eta iturriak, disko-formako estelak, arte herrikoia, otso-zuloak eta abar. Ikerketa-lan horietako gehienak guztiz amaitu gabe geratu ziren, egilearen heriotzaren ondorioz. 61 urte zituela hil zen, hil berria zen emaztearen heriotza gainditu gabe zuela.

  • GALDÓS, Juanjo. "En recuerdo de Gerardo López de Guereñu Iholdi (1928-1989"). Anuario de Eusko Folklore, 36 libk., 1990.