Udalak

Lizasoain

Elizaren oinetan atxikia dago parrokia-etxea, eraikin xumea eta gaizki kontserbatua. Bi solairu ditu, gehi ganbara, eta luzitua galdu duten harlanduxkaz eginiko murruak, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan. Leihoak zuzenak dira, eta atea molduratu gabeko erdi puntuko arku bat. Elizaren atzean dagoen enparantzan etxe eraldatu bat dago, dobela handiko erdi puntuko arkuarekin, haria kanabera erdiko moldura batekin doalarik. Giltzarrian armarri bat dago, eta gainean leiho bikoitza ikus daiteke, bi arkutxo konopialez osatua, erdiko mainela galdu den bitartean. Atea eta leihoa XV. mende bukaeran edo XVI. mende hasieran eta estilo gotiko berantiarrean lan egin izan zuen tailer bereko lanak dira, zalantzarik gabe.

Aldapan doan kale batetik igoz "Barberenekoa" izeneko etxetzar dotorea dago. Oinplano lauangeluarra du, hiru solairu eta lau isurialdeko teilatua. Murruak luzituak doaz, ohiko salbuespenekin, baita atearen inguruan ongi eskuairatutako harlanduez eginiko hormatal triangeluar bat ere. Beheko solairuan, atea dekoraziorik gabeko dobela motzez osatua erdi puntuko arkua da. Solairu noblean lau balkoi daude, eta goialdean bi argizulo eta erdi puntuko bost arku txikiez osatutako arkuteria bat. Balkoien artean, bestalde, bi armarri tartekatzen dira, bata errokoko eta bestea barrokoa. Azken honetan honako inskripzio hau irakur daiteke: "MUNARRIZ AÑO 1666".

Herriaren zonalde garaian kale txiki bat dago, formatu horizontal luzea duen etxe batekin. Murruak luzituta daude, harlanduzko kateekin, eta beheko solairuan dobela luzeez osatutako erdi puntuko arku bat du. Gainean leiho zuzenak ikus daitezke, bateren batek harrizko karel molduratuarekin, eta bi armarri barroko dotoreak, eraikinaren soiltasunarekin kontraste handia sortuz.

  • Baselizak

Pérez Ollok Legarrako (edo Legardako) Andra Mariaren baseliza aipatu zuen. Itxura modernoa du, interes artistiko handirik gabekoa. Oinplano xumea du, luzea eta burualde zuzen batekin. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, eta zapore zibileko arku zorrotz sinplea da, giltzarriak dekorazio geometrikoa daramalarik. Murruak harlanduxkaz egina daude, eta behar bezalako argiztapena bermatzeko argizulo eta gezi-leiho batzuk ditu, anarkikoki kokatuta. Zurezko habeak dituen sabai batekin estalita doa, bi isurialdeko teilatuarekin. Gainean kanpai-horma du. Baseliza honi Ama Birjina eta Haurraren irudi erromanikoa dagokio. Estilo trakets eta herrikoian egina dago, eta XII. mendekoa omen da. Gertu, XVIII. mendeko pulpitu bat dago, estukoez egina.

  • San Lorenzoren Parrokia

Gaurko fabrika erdi-aroko beste toki batetan zegoen tenplu baten ordez eraiki zen, XIX. mendean, eta parametro barrokoak jarraituz. Oinplanoa bost tarteune berdinez osatutako habearte bakarrekoa da, azken tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua dago. Dorrea ere hegoaldeko murruari atxikia dago, lehen tarteunearen ondoan, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruari itsatsitako oinplano errektangeluarreko gela da.

Murruak estereotomia oneko harlanduz egina daude, eta barnealdean ortostatoen itxura imitatzen duen luzitua dute. Behar bezalako argiztapena bermatzearren, hiru leiho ireki zituzten Epistolaren aldeko murruan, eta habeartearen oinetan koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean.

Habearteak tradizio barrokoko lunetazko ganga darama, erdi puntuko arku fajoiekin antolatua, bultzadak perimetro-hormetan dagoen inposta baten bitartez murruetara transmititzen direlarik. Sakristiak sabai lau sinplea du, zurezko habeekin.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen ondoan dago, lehen aipatu bezala. Fuste prismatikoa du, eta goialdean erdi puntuko bi bao ditu, kanpaiak kokatzeko. Aterpeak pilare karratuen gaineko bi arku beheratu ditu. Arkuartean erdi-aroko medailoi bat sartu dute, Bildots Mistikoaren irudiarekin, eta gainean harlandu onez markoztatutako leiho handi dotore bat ikus daiteke, bertan dagoen gela bati argiztapena emateko. Elizaren atea arku beheratu sinple bat da.

Erretaula nagusia estilo eklektikoan eginiko makina modernoa da. Ikonografian, XVI. mendeko San Lorenzoren irudi espresibista bat berrerabili dute, baita Kalbarioaren eta San Lorenzoren eskultura erromanistak ere. Presbiterioaren ezkerrean Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula dago, barroko goiztiarra. Bere trazak bankua du, hiru kaleko atala, eta frontoi makur hautsia duen atikoa. Irudigintzari dagokionez, bankuan bi bertute daude, Neurritasuna eta Indarra, Michelangelo Buonarrottik Medizitarren kaperan ezarri zuen ereduaren modura etzanda. Atalean Arrosariko Ama Birjina, Santa Kiteria eta Alexandriako Santa Katalinarekin, eta atikoan Deikundearen irudi bat ikus daiteke. Presbiterioaren beste aldean, simetrikoki kokatua, San Migel Goiaingeruaren erretaula txikia dago. Bankuan San Joan Ebanjelariaren eta San Markosen erliebeak ditu, eta atalean Santa Apoloniaren eta Santa Agedaren mukulu biribileko eskulturak, erdian San Migel Deabruari eraso eginez dagoelarik. Atikoan aingeruaren agerpena San Joseri dago.

Korupean erdi-aroko bataio-pontea dago, harroin kubikoarekin, oso hondatua dagoen giza irudien erliebe batekin, eta katilu semiesferikoa, sardinezurra eta soka itxurako moldurekin. Sakristian XVIII. mendeko hiru irudi barroko daude, Gurutziltzatua, San Frantzisko Xabierkoa eta Arrosarioko Ama Birjina, baita zilargintza-lan batzuk ere.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 431-432 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 107-118 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 100, 149 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 441-445 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 148 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.

JAS 2009