Eskultoreak

Lizaso, Jesus (2009ko bertsioa)

Eskultorea. Barakaldo, 1961.

LH (metalaren adarra) ikasi zuen, eta aroztegi batean hasi zen lanean. 1983an Basauriko Kultur Etxeko Zeramika eta Eskultura Tailerrean sartu zen, eta zeramika tradizionala eta sormen handiagoko beste bat landu zituen.

Han piztu zitzaion eskultura modernoa lantzeko grina. Garai hartakoak dira buztin erregogorrean egindako torlojuak eta iltzeak. 90eko hamarkadan Estatuko artisautza-azokarik nagusienetan parte hartu zuen eta zenbait erakusketa kolektibotan ere izan zen. 1997an industria-mundua ezaugarri zuen aldiari ekin zion: engranaje-serietan oinarritu zen. Bi urte geroago bide eskultorikoagoari heldu zion, brontzea eta zura erabiliz baina buztina baztertu gabe. 2002an "los toros", "los ciclos", "los ensayos opticos" moduko lanak egin zituen.

Hasierako gairik usuenak familia, maitasuna eta industria izan bazituen ere, ondorengo lanetan erreferente horiek galdu eta, haien ordez, plastika biluziagoa erabiltzen hasi zen. Horretan ez da gizakirik agertzen, ez bada haren ingurunea eraldatzeko duen gaitasuna agerian uzteko.

Jesús Lizaso: "Sortze-lanetan, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen jakin behar da". Euskonews ; 471. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.