Eskultorea. Barakaldo, 1961.
LH (metalaren adarra) ikasi zuen, eta aroztegi batean hasi zen lanean. 1983an Basauriko Kultur Etxeko Zeramika eta Eskultura Tailerrean sartu zen, eta zeramika tradizionala eta sormen handiagoko beste bat landu zituen.
Han piztu zitzaion eskultura modernoa lantzeko grina. Garai hartakoak dira buztin erregogorrean egindako torlojuak eta iltzeak. 90eko hamarkadan Estatuko artisautza-azokarik nagusienetan parte hartu zuen eta zenbait erakusketa kolektibotan ere izan zen. 1997an industria-mundua ezaugarri zuen aldiari ekin zion: engranaje-serietan oinarritu zen. Bi urte geroago bide eskultorikoagoari heldu zion, brontzea eta zura erabiliz baina buztina baztertu gabe. 2002an "los toros", "los ciclos", "los ensayos opticos" moduko lanak egin zituen.
Hasierako gairik usuenak familia, maitasuna eta industria izan bazituen ere, ondorengo lanetan erreferente horiek galdu eta, haien ordez, plastika biluziagoa erabiltzen hasi zen. Horretan ez da gizakirik agertzen, ez bada haren ingurunea eraldatzeko duen gaitasuna agerian uzteko.
Bere lehen taldekako erakusketa 1984an Bilboko Juan Larrea aretoan eskaini zuen eta orduz geroztik hainbat ekimenetan parte hartu du. Taldeka burutu dituen azken saioen artean honako hauek azpimarra daitezke: 2003an Valentziako Arte Feria eta Bartzelonako Darby Louise galeria; 2004an Eibarren ALFA ARTE taldea eta Las Rozaseko Ana Linares galeria; 2005ean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre, eta Txikagoko Water Tower 2nd; 2007an Portugaleteko Rialia aretoa, Aranda Dueroko Caja Circulo aretoa; 2008an Bilboko Arte Sakratuko museoa; 2010ean Bilboko Carlton Hotela, eta Madrileko Paz Feliz aretoa; 2011n Alakanteko Open Art saioa, eta Palentziako Expo Aire; 2012an "Gernikari Buruzko Bestelako Begiradak".
Banakako azken erakusketen artean honako hauek dira esanguratsuenak: 2006an Bilboko Carlton Hotela, eta Iruñeko Ormulu galeria; 2008an Marbellako Arte Feria eta Alakanteko Diorama aretoa; 2009an Iruñeko Ormulu galeria; 2010ean Alakanteko Diorama galeria, Toledoko Arte Zirkulua, eta Rondako Kongresu Jauregia; 2011an Logroñoko Caja Rioja Fundazioa, Torrelavegako Diario Montañes Aretoa, eta Florentziako Arte Garaikidearen Bienala; 2012an Bilboko Atheletic Club taldearen museoa; eta 2013an Kultura Leioa erakusketa aretoa.
Hainbat sari jaso ditu bere ibilbide artistikoan zehar. 1999an Leioako Kultura Gelaren Artisautza Lehiaketan 1. saria irabazi zuen. 2004an Ohorezko Bizkaitarra izendatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. 2007an Basauriko Udalak Arte Plastikoen Sari Nagusia eman zion. 2008an Faustino Orbegozo Eizagirre Fundazioak Urrezko domina eman zion Arte Plastikoen inguruan, eskulturan alegia, burututako ikerketa lanak direla eta. 2010ean Extremadurako Kutxak antolatutako III. Nazioarteko Eskultura Lehiaketan Finalista geratzen da, eta Portugalen Cascaiseko Artemar-Estoril Award.en Eskultura lehiaketan ere finalera ailegatu zen. 2011n Florentziako bienalaren 8. Edizioan Eskulturako Lorenzo el Magnifico urrezko domina eman zioten.
Bere lanak hainbat erakunde eta museotan aurki ditzakegu, esaterako, Eusko Jaurlaritza, Bartzelonako Museo Olinpikoa, Belfasteko Udala, Txikagoko Darby Louise Cultural Center aretoa, edota Grupo Previsora Bilbaina de Seguros.
Horrez gain, zenbait herrietako parke eta esparru publikoetan ere ageri dira bere lanak, besteak beste, Basauri, Galdakao, Mungia, Palentzia edo Bartzelona.
- Jesús Lizaso: "Sortze-lanetan, etsi gabe aurrera egiten eta sasoi txarrak igaro arren lanean jarraitzen jakin behar da". Euskonews ; 471. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.
