Arkitektura

Lazcano jauregia. Lazkao

Lazkanotarren nobleza-leinua Gipuzkoako garrantzitsuenetako izan zen. Jauregi hau leinuaren historiako laugarren jauregia da. 1632 eta 1664. urte bitartean hamabigarren belaunaldiko oinordetza Lazkaoko Mariak izan zuen, bere anaia Lazkaoko Felipe hil ondoren. Garai honetan, jauregiaz gain, aipaturiko bi komentuak eraikitzeko agindua eman zuen, Lazkaoko multzo historikoa osatuz, San Migel parrokiaren ondoan.

Jauregi hau 1630eko hamarkada amaieran hasi eta 40ko hamarkada bukaeran amaitu zen. 1639an jauregi berria eraikitzeko lehen hitzarmenak sinatu zituen Beasaingo Martin Abaria eta Amasako Joan Zumeta hargin ezagunekin. Eta, 1644ean hargintza-lanak Lezoko Kristobal Zumarrizta eta Tolosako Martin Landak obrak ikuskatu, tasatu eta guztiz onetsi zituzten. 1640ko hamarkada amaiera aldera Lazkaoko Maria jauregira joan zen bizitzera, seme-alaba eta senarrik gabe geratu ondoren.

Gaur egun eraikinak landako jauretxe osaera du, bere lorategiekin batera. Eraikina Hiribarren kaletik atzeratua dago, burdinezko hesiz mugatua eta eraikinaren inguruan lorategiak ditu. Mendebaldetik, Agauntza ibaiak mugatzen duen lorategia San Migel elizarekin partekatzen du eta bi eraikinak komunikatzen dituen bide bat ere badu, erlazio zuzena eratuz. Ibaia zubiz zeharkatuz, orain herriko parke den eta lehen Lazkanotarrenak ziren lursail zabaletara joaten da.

Jauregiaren fatxada nagusia (Santa Ana komentuaren parean dagoena) harlanduz egina dago. Baoen antolaketa bost ardatzen inguruan antolatzen da. Hauetako bi, albo banatan dauden dorreetan eta beste hirurak, berriz, erdiko zatian kokatzen dira. Bi dorreak hiru solairutan antolatzen dira eta erdiko zatia, aldiz, bi solairutan. Nahiz eta, era berean, erdiko zati honetan ere hiru baoak bereiz daitezkeen, tartekoa gailenduz besteen artean, altuagoa izateaz gain, ate nagusia jasotzen du eta denetan apainduena baita. Sarrerak garrantzi handia hartzen du. Horrela, zurezko ate nagusia taulamendua eusten duten toskanar erako zutabe bikoitzek mugatzen dute. Taulamendu honen gainean eta barrurago beste bi zutabe bikoitz txikiago daude bigarren taulamendu bat eutsiz. Honen gainean, alboetan, zizelkaturiko irudi bana eta erdian Lazkanotarren armarri ederra kokatzen da. Esan bezala, alboan dituen bi baoak baina altuera handiagoa du eta ezker eskuineko baoetako erlaitza eten egiten da horretan armarria bertan kokatzeko. Dorre bakoitzean ere armarri bana dago.

Beste fatxadetan harlandua egiturarako soilik erabiltzen da, hau da, forjatu, hutsuneetan edota iskinetan. Gainerako manposteriaz osatzen da.

Hegoaldeko fatxadak (San Migel elizara ematen duenak), nahiz eta dorrea baino zertxobait baxuagoa izan, hiru solairu ditu. Eskuinaldean dorrea kokatzen da eta gainontzekoa beste unitate baten antzera tratatzen da, erdigune bat nabarituz. Bigarren solairuan hainbat balkoi kokatzen dira eta hirugarrenean, erdigune horretan ere, bata bestearen segidan dauden eta goiko aldean puntu erdiko arkua osatzen duten leihoek osatzen dute fatxada.

Mendebaldeko fatxadan bost baoen konposizioak jarraitzen du. Erdiko ardatzak (sarrera nagusiaren ardatz berak) bere lursailetara joateko zeharkatu behar den zubiarekin bat egiten du. Eskuinaldeko baoa, berriz, azpimarratu egiten da, behe solairuan atea eta goialdean frontoi bat izanik.

Eta, azkenik,iparraldeko fatxada (karmeldarren komentura ematen duena) ere bi egitura ezberdinetan antolatzen da, hegoaldekoan bezala (ezkerraldean dorrea eta gainontzekoa). Hala ere, fatxada hau aurrekoa baino itxiagoa da.

Burdinaren lanketa ere nabaria da, bai kanpoko hesian eta bai baranda eta balkoietan. Taulamendu gainean bermatzen dira balkoi batzuk baina beste batzuk, aldiz, burdinezko egitura fin batean.

Barrualdea galeriek inguratzen duten patio baten inguruan antolatzen da. Patioaren erdigunean ur edangarria duen putzua kokatzen da eta bere inguruan lorategi txiki bat. Sarrera nagusitik sartuz gero, lurra enkatxatua eta apaindurik duen atari nagusia kokatzen da eta parean arkuz inguraturiko patioa. Behe solairuan zerbitzurako espazioak kokatzen dira, solairu nagusian, aretoak, jangelak, liburutegia eta logelak eta azken solairuan, berriz, zerbitzarien logelak izandakoak.

Sailkatutako kultura ondasuna da eta babes maila berezia du. 2007. urtean estalkia konpondu zen eta 2010. urtean, berriz, jauregia eraberritu zen. Gaur egun Lazcanoko dukearen esku dago eta landetxe erabilera du.