Kontzeptua

Larrain Dantza

Izen honekin -edo maizago gaztelaniazko izenarekin, baile de la era edo baile de las eras, alegia, Nafarroako Erdialdeko dantza bat ezagutzen dugu, nahiz eta historian zehar esparru handiagoa hartu. Soka dantza eta ingurutxoarekin antza handia du, baina kasu honetan alde zeremoniatsua oso murriztuta dago eta kutsu mediterraneoa askoz ere nabariagoa da. Hala eta guztiz, soka-dantzetan hain ohikoa den erakusketa hierarkikoaren aztarna batzuk gelditu dira ahozko tradizioan: Lizarran, adibidez, maiordomoak ziren dantza hasten zutenak, neskei zapia hartzera gonbidatuz (Villafranca eta Lizarrako gaiteroak 2003:2).

Gaur egun aldaerarik ezagunena, jakina, Lizarrakoa da, baina garai batean oso zabalduta omen zegoen dantza Nafarroan zehar. 1928an, kasu, Iruñako Udalak lehiaketa bat antolatu zuen, txistu eta gaitarako pieza dantzagarrien bilduma bat saritzeko asmoz, de la era, inguruchu, eta abar dantzekin bat etortzeko (Euskalerriaren Alde, 1928, 75 orr.). Eta 1888an, adibidez, aita Castillok Uxuen deskribatu zuen aldaera bat (Arraras Soto 1972:25ean aip.). Patxi Arrarasek berak ere Agoitzeko aldaera bat deskribatu zuen, eta beste aldaera bat, Arruazukoa, berreskuratu zuen Iruña taldea izeneko talde folklorikoak (Gaiteros de Pamplona eta Iruña Taldea 1979).

Arruazuko bertsio hau ziur aski eredu horren adierazle ona izan daiteke: dantza hasten da gaitarien ohiko sarrera batekin (antza denez dantza eta instrumentuak beti oso lotuta egon baitira) erritmo askean, hasteko seinalea. Dantzaren lehen zatia inguruko bat da, hots, 2/4 konpaseko zati bat, erritmo honetakoa:

Partitura

Erritmoa oso karratua da, nota guztiak ia erregularrak izanik: kortxeak, kortxeaerdiak edo beltzak. Doinu honetaz dantzariek bikoteka eskuak zapi baten bidez loturik dantzatzen dute, eta soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa denez, inguru irekian egiten da dantza eguzkiaren noranzkoan, hots, erlojuaren kontrakoan. Halere, larrain-dantzan ez dago beste dantza horietan hain garrantzitsua den protokolozko lehen zatia, bikoteak osatzeko eta bereziki lehen eta azken dantzariaren trebetasun teknikoa eta taldearen barneko hegemonia gauzatuz adierazteko erabiltzen dena. Halere, zati hau egin ondoren, soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa den zubia egiten da, hots, bikote guztiak lehen bikoteak zapiarekin egiten duten zubiaren azpitik pasatzen dira. Suposatzen da, beraz, beste garai batean zubi honen esanahia gizarte-kohesioan zetzala, pertsona ez duinak sokatik kanporatzeko erabiltzen baitzen, hauek pasatu nahi zutenean zubia (ez ahaztu maiordomoek egiten zutela zubi hau) haien aurrean jeitsiko baitzuten pasatzea debekatuz. Ohikoa ez dena da zubi hauek ez direla bakarrik danborrarekin egiten, tartean gaitariek ere erritmo askeko beste doinu bat jotzen baitute. Bikote guztiak pasatu direnean, errepikatzen da lehen dantza hau eta bere zubia, bikoteek lehen zuten tokia berreskuratzeko.

Hemendik aurrera protagonismoa beste dantza batzuek hartzen dute. Soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa dena dantza zehatz batzuk -ia beti fandangoa eta arin-arina- baldin bada, larrain-dantzetan dantza berriago batzuk egiten dira: jotak, balsak eta bolerak hain zuzen. Dantza hauek, dudarik gabe, larrain-dantzaren funtsa dira eta ez, soka-dantza eta ingurutxoetan gertatzen den bezala, epigono hutsa. Honen aurrean, erraz suposatu daiteke larrain-dantzak XIX. mendean gertaturiko soka-dantzaren eboluzioa dela, non bikoteka eta ziur aski lotuta egiten ziren modako dantza demokratikoagoek Erregimen Zaharreko hain garrantzitsua zen alde hierarkikoa ordezkatu zuten. Eta modu berean, dantza lotuen garrantzi honek arazoak sortuko zituela bai Elizarekin bai aginteekin, onestasun publikoaren zaindari arduratsuak beti.