Mediku nafarra, Iruñan 1801ean jaio. 1862ko urtarrilaren 20an hil zen, gure egunotara arte iraun duen mediku-dinastia baterako oinarriak ezarriz.
Zaragozan egin zituen bere ikasketak eta bere jaioterrian egin zuen bere pedagogia- eta osasun-lana. Nafarroako erresumako Farmazia, Kirurgia eta Medikuntza Errege Baltzuko katedraduna izanik zientzia-ekoizpen ugaria garatu zuen. Lesakan izandako helmintiasis-endemia bat aztertu zuen. Beraz egiten duen aipamenari jarraituz lurralde hezeetako tokietan ohikoa zen askaride bat omen zen: Rufino Landa. Historia de una helmintiasis en Lesaca (Eskuizkribua. Nafarroako Aldundi Gorenaren Artxibategia). Odolaren erauzketei buruzko bere beste eskuizkribu bat ere badago. Bertan gauza bitxi batzuk esaten ditu; adibidez, emakumezkoek gizonak baino suero bolumen gehiago omen du, odolaren alderdi ilunari dagokiona; eta bestalde suero hori umeetan areagotu egiten dela ere ikusten du: Rufino Landa. Memoria de las alteraciones de la sangre (Eskuizkribua. Nafarroako Aldundi Gorenaren Artxibategia). Landak albiste bitxi bat ematen digu: odol-hodietan arrak egon daitezkeenari buruzkoa. Egun, erraztasun guztiarekin odolean mikroskopioarekin aztertzen diren microfiliaria, schistosoma eta ankilostomen larben ezagutza sakona izanik, albiste honek interes handia sortzen du.
Barthezek odolaren koagulazioa odolarengan eragiten zuen nerbio-eragin bati esker zenaren susmoa zeukala eta Lobteinek bolumena handiarazten zion nerbio-gas bat zela pentsatzen zuen bitartean, Landak, hipotesia bezala, odolaren koagulazioa aztertu zuen. Nafarrari aipatutako doktrina horiek bere onetik ateratakoak begitandu zitzaizkion. Eta ondorioz odolarengan nerbioak zuen eraginaren eta odolak nerbioarengan zuenaren inguruko eztabaida egin zen baina ez zuten gauza handiegirik argitu. Bestalde, Anatomia Patologikoak praktikarako zituen aplikazioen inguruko beste lan bat ere idatzi zuen: Rufino Landa: De la Anatomía Patológica aplicada a la práctica (Eskuizkribua. Nafarroako Aldundi Gorenaren Artxibategia). Beste gai batzuk ere aztergai izan zituen: aldizkako sukarrak, konbustioa, sorosle laguntzaileen jarduna. Frantsesetik Tardieuren osasungarritasun publikoaren Hiztegia itzuli zuen. Azkenean, 1840an, Aresora joan zen haur epidemia jakin bat ikertzera. Egin zuen txosten ofiziala, oso ondo arrazoitutakoa, Iruñako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Txostenak agertutako ondorioa hauxe izan zen: "izerdi miliarra" izenekoaren izurrite-agerraldi bat izan zela.
Kliniko bezala, 1834ko kolera izurriteetara, eskuzabaltasunez, joan zen. Erregeordearen aginduz, lehen guda karlistan Iruñako seigarren barrutira bidali zuten. Bere funtsezko ekimena izan zen Iruñako irakaskuntzarako erakundearen itxierak egoera kaskarrean utzi zuen. Ikastetxe hartako irakasle izan ziren guztiak euren katedra galduengatik berme eta eskubiderik gabe gelditu ziren, eta Landak Valentziako praktikoen kolegioko Anatomia katedra izendapena jaso zuen. Iruñan baina bezero onak zituen eta gelditzeko esaten zien maitasun handiak. Geroztik udaletxeko alkate izendatu zuten .1847an Osasun Batzordeko burua zen, kide bezala Javier Blasco (farmazialaria), Isidoro Vidarte jauna eta Pedro Zabaltza jauna zituela. Urte horretatik bertatik hasi eta bere heriotzara arte Medikuntzako ordezkariordea izan zen. 1854 urtean kolera izurritea iritsi zenean, gaixotutakoak ardura handiz zaindu zituen. Beste hainbat mediku bezala, etengabeko ikerlaria izan zen eta laneko irakurketak Idazteunarekin, eta oso zalea zen antzinateko filosofo gehienekin ere bateratu zituen, bere zaletasunik handiena Epictetori emanez. Latina ondo hitz egiten zuen.
Erref. Larregla Nogueras, A.: "Aulas médicas de Navarra", Iruña, Príncipe de Viana, 1952, 83-87.
