Kontzeptua

Laino Marismea

Jentilen akabera kontatzen duen mitoaren bertsioetan, Jentilen azkena iragartzen duten hainbat igargarri diferente ageri dira. Itsasoko urez beteriko pertza, lehen elurtea, izar harrigarria, gaueko izarrak, laino argiduna, laino polit bat, itsaso aldetik zetorren laino txiki bat eta laino marismea. Azken hau Orozkoko Olarte auzoko bertsioan ageri da, eta Barandiaranek neblina hitzez itzultzen du. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakar hitz hori. Barandiaranek proposaturiko itzulpena eta gainerako lainoen deskribapena ikusirik, marasma hitzarekin loturik egongo liteke, azken termino hau armiarma moduan ez baizik eta armiarma-sare adieran ulertuz.

Jentilen akabera iragartzen duten igargarri guztien artean, lainoak dira, zalantzarik gabe, denetan bitxi eta ulergaitzenak. Izar harrigarri bat agertzea eta gainera Jesukristoren jaiotzarekin lotzea ulergarri egiten zaigu, Belengo izarra gure testuinguruan dagoen datua delako. Lehen lainoa edo lehen elurtearen motiboak ere ez zaizkigu arrotz egiten, "lehen" den guztiak harridura eta beldurra eragin ditzakeelako horrelakorik inoiz ikusi gabeko edonorengan. Laino horietan berriz, ez da batere argi ikusten ahal, zer izan daitekeen hain beldurgarri bihurtzen dituena. Gure testuinguruan, lainoa beldurgarri izateko tximistarekin edo txingorrarekin loturik agertu behar da, baina argi dago jentilen akabera iragartzen duten hauek ez direla ekaitz laino handi trinko beltz horietakoak. Beraz, ez dugu ulertzen lainook zergatik diren harrigarri edo beldurgarri. Are gutxiago oraindik Jentilarriko bertsioan hartzen duen jarrera.

"Artaldeak Aralarko mendebaldeko larreetan zeuzkaten artzain batzuk 1917. urtean zera kontatu zidaten, aspaldi aspaldian, jentilak dantza eta jolasean arituz Argaintxabaletako zelaian bildurik zeudela, iparretik haien gainera zetorren laino harrigarri bat agertu zela. Jentilek, izuturik, ihesari ekin zioten Intzensao (Intxensao beste ahoskeren arabera) deritzan baso batean barrena. Arraztaranera heldu zirenean, gaur oraindik bertan dagoen eta Jentilarri deritzan harri pila baten azpira sartu ziren. Bertan geratu ziren betirako lurperaturik" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Bertsio honetan lainoa ez da igargarri hutsa, jentilen akaberaren eragile zuzena baizik, akabera hori nola eragiten duen jakin gabe geratzen bagara ere. Honek guztiak adierazten duena zera da, alegia, lainoa izan behar dela guztien artean motiborik jatorrena, erabat ulergaitza egiten zaigulako.

Txikia eta arina den laino bat nola izan daitekeen beldurgarria eta nola eragin dezakeen jentilen akabera, ez da kontalarien testuinguruan ulertzen ahal. Auziaren gakoa, halere ez zen urruti. Barandiaranek jasotako albiste baten arabera, laino bat izan zen, XIX. mendearen erdialdean kolera izurritea Gipuzkoara ekarri zuena. Berri honen transkripzio zuzenik ez dator hark argitaraturiko lanetan, baina mintzatzen zaigu horretaz ordea bere Diccionario Ilustrado de Mitologia Vasca hiztegiko hiru artikulutan:

"AIDE: "Aide", berez uler ez daitezkeen gaitz guztien erantzulea da.(...). Kolera bera ere, -joan den mendeko erdialdekoa-, "aidek" ekarri zuen behe laino koxkor baten itxurapean agertu zelarik, Zerain eta Zegaman esaten dutenez.

LAÑAIDE, "niebla": Duela mende erdi pasatxoko koleraren jenioa lañaide baten itxurapean agertu zen Seguran.

LAUSO, "bruma", "neblina". Gipuzkoako goiherriko zenbait lekutan lausoak "aide" gaiztoa daramala uste da.(...)."Aidek" zitu uztatan, patata eta belarretan gaitza sortzen du, eta joan den mendeko erdialdera hainbat heriotza eragin zuen kolera ekarri zuen. Nire Zeraingo albiste emaileak zioenez, lauso bat pasa omen zen Segurako kaleen gainetik, eta hurrengo egunean inguruetako jendea hiltzen hasi omen zen izurriteak jota" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

"Koleraren jenioa" esaera eta "aide" gizarapen bat bailitzan erakutsi nahi diguten gainontzeko esaldiak alde batera utzirik,- horiek Barandiaranen elaborazioak baino ez baitira-, eta "aide" edo "aideko" hori, "berezkoari" kontrajartzen zaion natura-gainekoa den guztia hartzen duen kategoriaren izentzat jotzen badugu,- horixe baita bere benetako esanahia-, aurreko albisteek eskaintzen diguten irudi jator soila geratzen zaigu: lauso edo ganduzko laino bat Segurako kaleen gainetik behe samar iragan ondoren, jendea erruz hiltzen hasi zen biharamunean.

Hiztegiko erreferentziok gazteleraz daude, eta euskarazko orijinalak ez daude eskuragai. Gaia ikertzen nenbilela, Segurako kolera lainoari buruz galdetu nion Barandiarani, eta berak laino marismea hitzak erabili zituen hura deskribatzeko.

Etimologia

Laino, lauso eta honelako hitzen artean bada anbiguotasun pixka bat deskribapenei dagokienez, eta ondo zehaztu beharra dago zertaz ari garen, ikerketa sendo oinarritua egongo bada.

Hiztegian ez datorren marismea, hiztegiko marasma-rekin lotuko genuke, eta honen "armiarma" adiera ez, baizik eta "armiarma sare" adiera hartuz.

Izurrite lainoaren deskribapena, beste hizkuntzetan jasotako hitz jatorretan honelakoa da:

  1. "cloud of mist": Ganduzko lainoa
  2. "klein blauw dämpken": Lurrun urdin txikia
  3. "blaue Wolk": Laino urdina
  4. "kleinen blauen Dunstes": Gandu txiki urdina
  5. "kleines blaues Räuchlein": Ketxo urdina.

Germaniar esparruko zenbait legendetan gainera, lainoa zirrikitu batean sartu eta bertan harrapatzen dute. Beraz zera txiki eta ertz mugatukotzat hartu behar da, eta ez ortzi osoa bere baitan hartzen duen behe-laino horietakotzat. Euskarazko bertsioetan ere, deskribapen anbiguoagoen ondoan, badira lainoaren txikitasuna eta mugatutasuna iradokitzen duten beste batzuk ere: "laino polit bat" Oiartzunen, "laino argiduna" Ataunen, "laino txiki bat" Zerainen.

Irlandako "Historia" mitologikoan, bada jentilen akaberaren antzeko legendarik. Han ez da lainorik aipatzen, bai ordea izurritea. Izurrite bat izan zen bertako jentil guztiak aste beteko epean akabatu zituena. Hauek, zetorrena ikusita, trikuharriak eraiki zituzten eta bertan hobiratu ziren.

"Partholon-en askaziko bederatzi mila lagun hil ziren aste baten buruan Sean-Mhagh-Ealta-Edair izeneko zelaian, hain zuzen bost mila gizon eta lau mila emakume. Hortik datorkio Tamlacht Muintire Parthaloin izena,- egun Tallaght deritzan lekua, Dublin-en hurrean-; eta bat bateko izurriteak erho zituen lehen kolonizatzaile hauen harri pilak, inguruko muinoetan ikus daitezke oraindik. Hau da Irlandan erregistraturiko lehen izurritea. Irlanderazko "tamh" hitzak izurritea adierazten du; eta "tamh-leacht" hitzak (izurritearen oroitarria),- Irlandako topografian hain ugaria-, zenbait gizaki izurrite batek garbitu eta elkarrekin lurperatuta dauden tokia adierazten du" (Hartsuaga, 2004).

Euskal Herrian hainbat trikuharriri Jentilarri esaten zaien bezala, Irlandan beraz "peste-harri", edo "izurrite hilobi" esaten zaie. Alemaniako iparraldeko Oldenburg-en ere, gauza bera diote bertako legendek.

"Pestrup-eko bailara osoan erraldoi (hühnen) asko bizi izan ohi ziren garai batez, baina peste batek denak eraman omen zituen. Hortik omen dator Pestrup inguruan ikus daitezkeen horrenbeste erraldoi-hilobiren (hühnengräber) izana, eta hortik halaber Pestrup-en izen bera, Pestdorf (pestearen herria) alegia" (Hartsuaga, 2004).

Jentilen legenda ugari gorde duten Europako eskualde beretan, izurritea zabaltzen duen ganduzko lainoaren motiboa aurkitzen dugu. Ez gaur egungo testuinguruan bizirik dagoelako, duela hainbat mendeko literatura medikoan ageri delako baizik. Izurriteek nola zabaltzen ziren jakina ez zen garaian, airetik zabaltzen zenekoa zen, Galeno-ren arabera, teoria nagusietako bat, eta lainoaren motiboa ezagutzen zuen nekazariren bat kontu horrekin joan ezkero, teoria horren zaleek aintzat hartzen zuten lekukoak esandakoa. Honatx hainbat deskribapen. Holandako Twente eskualdekoa,

"Aamsvenne-n,- esan zidan-, laino koxkor urdin bat soroen gainetik hurbiltzen ari zela ikusi zuten behin. Jendeak peste laino bat izan zitekeela pentsatu zuen. Zuhaitz bateko zuloan harrapatu zuten, eta bertan gorde zuten, zuhaitzari josi zioten egur puska batez zuloa itxiz. Hurrengo urtean, haren indar gaiztoa higatuta zegoelakoan eta hartatik zer geratu ote zen ikusi behar eta, egurra kendu zioten. Eta hona non irteten den lainotxoa berealdiko indarrez, eta berriro jendea milaka hiltzen hasi" (Hartsuaga, 2004).

Laino beronen itxura eta ekineraz zerbait gehiago diosku ahapaldi honek:

"Hain gauza eskasa dirudi, laino koxkor urdin bat,
Lur sailen gainetik irago, eta geldirik geratuz;
Isilean etxeetan sartu eta hormetan zehar lerratuz.

Bizitza zimelduz, lore bat
izozte gogor baten ondoren bezala" (Hartsuaga, 2004).

Oso antzekoa, Twente-tik urrun ez dagoen Alemaniako Oldenburg-ekoa:

"Neuenkirchen-en hurrean, Oldenburg-en, bada baserri bat, eta bertara heldu zen hogeita hamar urtetako gerratearen garaian ondoko hiritik astiro zetorren pestea lurrin urdin baten itxuraz. Etxean sartu, eta gala bateko ateko zutabearen zulo batean barrena sartu zen bizkor. Etxeko jaunak bere aukera ikusi eta azkar baino azkarrago karabila bat hartu eta mailuz joz zuloan sartu zuen, pestea kanpora egin ezinean utzirik. Halere, astia igaro eta arriskua aienatu zelakoan, karabila erauzi zuen. Horra! Lurrin urdina berriro narraztuz eta kizkurtuz zulotik irten dela. Honela askaturiko pestea etxeko familia gaixo hartako senide guztiei atxiki zitzaien bat ere bizirik utzi gabe" (Hartsuaga, 2004).

XVII eta XVIII. mendeetako hainbat medikuntza liburuk, erakusten digute laino txiki izurrite zabaltzailearen motibo hau germaniar kulturako beste hainbat eskualdetan eta Britainiar Irletan ere ezaguna zela. Halere, folklorea eta medikuntza biak aintzat hartuta, Europa osoan lau mendetan zehar idazten den literatura guztian, hamaika aldiz baino ez da aipatzen.

Euskal Herrian trikuharriak laino txiki erailgarri batekin lotzen dituen kontakizuna dugu, bai eta antzeko laino txikia kolerarekin lotzen duena. Irlandan trikuharriak pestearekin lotzen dituen legenda dugu eta Alemanian berriz, trikuharriak pestearekin lotzen dituena eta ganduzko laino txikia pestea ekartzen. Gauzak nahiko garbi badaude ere, estimatzekoa litzateke hirurak elkartzen dituen legenda bat, hots, hilobi megalitikoa, lainoa eta pestea. Munduan bakarra bada ere, bada hori egiten duen legenda bat, germaniar esparruko Tormersdorf hirian hain zuzen ere:

"Aspaldiko garaietan pestea Rothenburg-eko inguruetan urrun eta zabal hedatu zenean eta bakar batzuk bakarrik bizirik zirautelarik, ondoko Böhmenrland (Bohemia) eskualdeko ospe handiko azti bati idatzi zioten gaitza konjuratu eta uxatzera etor zedin. Hau etorri eta Tormersdorf-eko Zechberg mendian hilobi handi bat hondeatu eta harrizko hormak eraikitzeko agindua eman zuen. Bertan, bere azti zotza jasoz, hilobi zuloraino hurbildu eta bere konjuru formulak kantatu zituen pestea beregana erakartzearren. Hura, laino urdin baten itxuraz agertu zen inguruko herri guztietatik erakarririk, eta hilobi barrura ezkutatu zen. Aztiak honako agindua gaineratu zuen oraindik, hots, inork ez zuela sekula hilobia zabaldu behar, eta ondoren bere ere hilobian barrena sartu eta jendeak ez zuen sakon bat lurrean besterik ikusi geroztik, hain zuzen ere, gaur egun oraindik ikusgai dagoen eta "Peste Hilobia" deritzan sakon bera" (Hartsuaga, 2004).

Ganduzko laino txiki baten irudia, izurritearen zabaltzaile gisa irudikatu zen jentilen mitologia indarrean egon zen garaian, Europa osoan. Bera da, jentilak beldurtu, erasotu eta azkenean akabatu egiten dituena jentilen akaberaren legendan. Horregatik da beldurgarri laino marismea: heriotza daramalako bere baitan.