Pintoreak

Lafuente Pascual, Rafael

Abangoardiako pintore garaikidea eta Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea; Gasteizen jaio zen 1936. urtean. Hiri horretan bertan hil zen 2005eko martxoaren 8an.

Nerabezaroan -hamalau urte zituenetik- Arte Eskolako ikaslea izan zen eta lehen aldiz XI. Arabako Arte Lehiaketan hartu zuen parte (1954). Zuzenean, tarteko faserik gabe, artista beteranoen kategorian sartu zen. Horrek, hala ere, ez zion eragotzi aurkeztutako olio-pintura bildumarekin saririk onena irabazteko aukera; titulu bera eta generikoa jarri zien aurkeztutako hiru lanei: Figura.

1955. urteko deialdian aurkeztu ez zen arren, 1956an berriro aurkeztu zen eta hirugarren saria eskuratu zuen Figuras lanarekin. Urte batzuk beranduago, ohorezko saria irabazi zuen XXVI. Lehiaketan (1969), Figura aprisionada en su blanco lanarekin. Urte hartan bertan Arabako Kutxaren I. Gabonetako Aretoan hartu zuen parte Oveja muerta (Homenaje al pastor vasco) mihisearekin eta lehen saria irabazi zuen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte, giza irudia eta natura hilaren zenbait pintura izan ziren Lafuenteren lanaren interes-puntu nagusiak. Are gehiago, marraztu zuen lehen koadroa, hamar urterekin, erretratu bat izan zen. Lurreko beste pintore batzuk ez bezala, paisaiak ez zuen erakartzen. Ez zuen genero horrekiko inolako zaletasunik, eta bere exekuzioan ez zuen garrantzi jakinik.

Lafuente izan zen abangoardiako artearen aldeko jarrera lehenengo eta konbentzimendu handienarekin agertutako pintore gasteiztarretako bat; hala erakutsi zuen San Prudentzio kaleko Arte Galerian egindako banakako lehen erakusketan. 1958an izan zen. Orduko hartan erakusgai jarritako lanek -oso pertsonalak, potentzia kromatiko handikoak eta espresionismo handikoak- ez zuten herritarren estimulua eta ulermena topatu. Berak formulatutako arte mota horrekiko harrera eskasaren eraginez, 1964ko I. Urteko Arte Plastikoen Sarira arte ez zuen erakusketarik egin.Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean Heraclio Fournier enpresako marrazkilari-taldearekin bat egin zuen eta bertan Carlos Saenz de Tejada ezagutu zuen, enpresako zuzendari artistikoa. 1958ko banakako erakusketan izandako desilusioaren ondorioz, arte grafikoetara jo zuen; diziplina hori 1966an utzi zuen, berriro ere eta behin betiko pinturari dena emateko.

Hurrengo urteetan jarduera hori irakaskuntzarekin bateratu zuen eta Gasteizko gazteen belaunaldi ugarik aterako zuten horren etekina. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan pintura, eredu bizi eta estatuaren kopia ikasgaiak eman zituen 1967-68 ikasturtetik aurrera; horrez gain, Adierazpen Grafikoko Teknikak irakatsi zituen Jesus Obrero Politeknikoan ia hamar urtez, 1976 eta 1984 artean. Diziplina artistiko ororen zimendu sendoenak marrazketan eta teknika menderatzean oinarritzen direla gogorarazteko ohitura zuen. Orduan, teknika bikain menderatuta -kasuren batean artistaren teknika idazlearen gramatikarekin alderatu zuen- ikerketa eta esperimentazio plastiko oro ardura gehiagorekin jorra daitezkeela errepikatzen zuen.

Inoiz ez zuen gustuko izan talde edo kolektibo artistikoetan parte hartzea. Nahiago zuen bere aldetik joan, baina ez zituen elkarteko abenturak baztertzen hala eskatzen zitzaionean. Hori dela eta, hirurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean, ANSIBA taldearen (Araba aldeko Arte Ederretako Talde Nazional Sindikala) lehendakaritza onartu zuen, eta 1969an, bere agintaritzapean, I. Artearen Biurteko Probintziala sortu zen.

Ibilbide profesionalean ez zuen teknika artistiko bakarra eta esklusiboa erabili: olio-pintura, ondoren akrilikoa, akuarela eta marrazkia adierazteko modu erabat baliagarriak ziren berarentzat, garrantzi berarekin eta ez zien inolako hierarkiarik ematen. Hala adierazi zuen erakusketetan. 1971ko urrian, Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialeko Independentzia aretoan egindako erakusketan marrazkiak soilik erakutsi zituen. Akuarelarekin erakusketa monografikoak ere egin zituen. Hauek dira horietako zenbait: Gasteizko Eder-Arte galerian 1975eko maiatzean; Hedegile kaleko Espacio 40n, 1994ko ekainean; Luis de Ajuria aretoan 1996ko apirilean; Bilboko Berta Belazaren galerian, 2000ko apirilean eta Felisa Navarroren Gasteizko galerian, 2004ko azaroan.