Pintoreak

Lafuente Pascual, Rafael

Bilaketa askoz ere pertsonalagoa, hasieran giza irudiaren esperimentazioan, "pop-art" eragineko itxaropen bihurtuko da: egitura kromatiko aberatsen ekarpenekin. Ondoren, esperimentazio horrek gero eta sintetizatuagoak diren irudizko erreferentziak gorpuzteko beharra izango du, silueten eta oso markatutako profilen bidez. Koadroaren erabat kromatikoak diren atzealdeen gainean definitzen -eskematikoki eta espazialki- diren siluetak, ingeradak eta profilak. Ikerketaren hastapen horretan hirurogeita hamarreko hamarkadako lehen urteak eman zituen.

Pixkanaka adierazpen antropomorfikoetatik urrunduz, eta zuzenean horren ondorioz, gero eta barne-begiradazkoagoa eta intelektualizatuagoa den eboluzio-prozesuak, abstrakzio geometrikora edo analitikora eramango du. 1975az geroztik, hogei urtez, printzipio geometriko eta espazialek, eta koloreen konbinazio-dialektikak Rafael Lafuenteri adierazteko, komunikatzeko, modu berria ekarriko diote.

Orduan konposizio abstraktuak sortuko dira, lerroen, formen, koloreen eta mugen banaketatik eta konbinaketatik islatuta. Kontzeptuak eta balioak, garai batean bezala, espazioarekiko loturan definituta. Oso hausnartutako oreken (edo desoreken) unibertsoari egin behar diogu aurre, simetria (edo asimetria) oso aztertuekin eta ondo neurtutako distantziekin. Horrela, konposizio piktorikoak, formetan eta zabaltasunetan, berezko legeek gobernatzen dituzte.

Pintorea bilbe oso arrazionaleko zorroztasun geometriko arautzaile horretatik laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean libratu zen. Freskotasun eta naturaltasun handiagoa eskatzen hasi zen. "Askatasuna behar dut forman eta kolorean" (itzulpen moldatua gazteleratik) zioen 1994ko ekainean eta, aldi berean, keinuzkoagoak ziren diskurtso abstraktuagoak aldarrikatzen zituen eta, hortaz, akuarelaren prozedurari dagokionez berezkoagoak zirenak.

Gasteizko Amarica aretoak 1998ko martxoaren 17tik maiatzaren 3ra azken lanen bilduma jaso zuen (1990-1997). Bere alderdi esperimentalaren errepasoa izan zen, lan abstraktu eta geometrikoekin, baita bere azken etapa sortzaileko joera eta norabide garden, trebe eta argienetan ugariak diren formatu handiko akrilikoekin eta akuarelekin ere.

Lafuenteren heriotzatik urte eta erdira, 2006ko irailaren 8tik urriaren 12ra, Vital Kutxa Fundazioaren aretoak Rafael Lafuenteren erakusketa antolatu zuen, artista eta haren lana gogoratzeko. Artearekin bakarka hartu zuen ezin hautsizko konpromiso pertsonala nabarmenduta batik bat. Erakusketak bost atal izan zituen: "Trayectoria en el tiempo", "Geometría y color", "Espacio y color", "Últimas pinturas" eta "Obra sobre papel".