Kontzeptua

Kutun

Gaixotasunak sendatzeko edo gaitzak eta arriskuak uxatzeko ahalmena duten objektuei kutun deritze.

Sastei eta Berrain baserrietatik gertu, Agauntza ibaiak urloa egiten du. Urlo horri Lamiñosiñe izena ematen zaio: "lamien putzua". Behinola, bertatik igarotzen zen gizon bati bi sorgin hurbildu zitzaizkion. Sorginetako batek besteari esan zion: "elakio, elakio" (heldu ezan, heldu ezan). Baina besteak erantzun zion: "ik elakio or zeuzken orrek amak jarri-ta erueda eta apio" (hik heldu ezan, hor zeuzkanan horrek amak jarrita erruda eta apioa). Erruda eta apioa oso erabiliak izan dira kutun askoren osagaitzat.

Kutun mota asko daude. Adibidez, leku askotan, San Juanen ebanjelioaren lehenengo hitzak papertxo batean idatzi, zorro txiki batean sartu, eta lepotik zintzilik edo umeen gerrikoetan edo jantzian josita eraman ohi da, begizkoetatik babesteko. Aitzina, kristau-herri guztietan oso zabaldua zegoen sinbolo hori. Izan ere, zorrotxoak usu erabili izan dira, eta lekuaren arabera, gauza ezberdinak eramaten dituzte: Itziarren, San Juanek bedeinkatutako belarrak; Bolibarren, landare-ikatza; Kortezubin, Foruan eta Muxikan, ogi bedeinkatua, oilo-ongarria eta landare-ikatza; Lekeition, zilborrestea, ikatza eta zentimo bateko moneta; Zegaman, ereinotza, asentsio-belarra, oliba, erromeroa, erruda, apioa, errautsa, ikatza, kuku-praka, horma-belarra eta zilborrestea.

Kutuna duen poltsa ezin da ireki. Ume batena irekitzen bada, mutu geratuko da edo ez du hitz egiten ikasiko (Oiartzun).

Eitzagako Gure Aman dagoen oholtzatik ateratako zatiak gaixotasunen aurkako kutunak egiteko erabiltzen dira, ohol hori Kristoren Gurutzearen parte bat omen delako (Zumarraga). San Pedroren (Ibarrangeluko elizan) estatuaren zatiak ere erabiltzen dira, itsasoan zorte ona izateko.

Halaber, arrunta zen umeei gerrikoan edo arroparen batean etxez etxe santutegirako limosna eskatzen ibiltzen ziren santutegi-zaindariak gurutzetik zintzilik zeramatzan zintetako bat jartzea (Ataun). Elosuko gazteek gaztainondo-ikatz zatiak zeramatzaten lepotik zintzilik erromesaldietan, begizkoen kontra babesteko.

Laudion, umeei kiriño-hortzak jartzen zizkieten hortzak lehenago ateratzeko, Larrabetzun horiekin batera baita basakatu-hortzak ere, eta Bedian, zaldi-hortzak.

Burukominak uxatzeko, Gibijoko mendilerroan dagoen Trinitate haitzuloan batutako harritxoak erabiltzen ziren. Usadioak dio bekokian zapi batekin lotuta eraman behar direla (Kuartango). Itzako haranean, Arkaitzetik edo Oskiako haitzetatik igarotzean, harri-koskor bat hartu, eta gurutze bat egiten dute haitzean, sorginak uxatzeko. Herpesa sendatzeko, Logroñoko Inkisizioaren epaimahaiko dekretu batean jasotako nafar usadio-zerrendaren arabera (1727ko martxoaren 14a), hiru txinparta ateratzen ziren, kate-maila batekin harri bat jota, eta gaixoari aplikatzen zitzaizkion. Praktika horri buruzko oharrean, halaber, tertziarietatik sendatzeko, gaixoa hiru goizez landetara joan behar zuen, bidetik Pater, Ave eta Gloria batzuk errezatuz. Bertan, mendafin basati baten aurrean belauniko jarri, Salve bat errezatu eta hitz hauek esaten zituen: "Mendafin basati, nik hotzikarak ditut eta zuk ez, Jainkoak nireak ken ditzala eta zuri eman. Hemen ditut zuretzat ogia eta gatza" (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Hori esan bitartean, belarraren gainean mami apurrak botatzen zituen, gatzarekin nahastuta.

Haurtxoak eradoskitzen ari diren emakumeek ere kutun bat erabiltzen dute, bularrak ez gogortzeko eta tumorerik ez izateko. Ataunen zingiñani deitzen diote, Oiartzunen arraiarri, Elosun abilau edo erraberri, eta Larrabetzun eta Mendexan ugetzarri. Beira gorrixka da, poliedro formakoa, eta aldeak karratuak ditu. Erdian, alderik alde doan zulo bat du, kordela pasatzeko. Kordel horrek lepotik zintzilikatzeko balio du. Bi tamainatakoak daude, handienak zentimetro bateko diametroa du gutxi gorabehera, eta besteak (gutxiago erabiliak) zentimetro erdi edo gutxiago dute.

Azkonar-hankak ere erabili izan dira sorginen kontra babesteko, eta baita azkonar-larrua ere, idi-pareen edo behien uztarrian, animaliak begizkotik babesteko (Ataun). Hori jendaurrean aurkeztu behar zirenean egin ohi zen batik bat, hala nola azoketan eta ezkontzetan. Kasu horietan, Orozkon begibedar izenez ezagututako belarrak (baliteke aster generoko belarrak izatea) botatzen zizkieten, Gernikan tu egiten zieten, eta Markinan, lepoan kordel bat kiribildu edo adar batean egindako zulotxoak argizariz bete.

San Miguel de Excelsis santutegian dauden Teodosioren kateak ere kutun gisa erabili ohi dira, eta horien inguruan bueltak ematen dituzte erromesek, gaixotasunak sendatzeko edo uxatzeko. Ernio mendian, tontorrean dagoen gurutzetik gertu, burdinezko uztaiak daude, eta erreuma pairatzen dutenek gorputz-atal gaixoak horiekin inguratzen dituzte, sendatzeko. Langarikan, bada burdinazko gurutze bat, eta besoetatik iltzeak daude zintzilik. Haginetako mina sendatzeko, gaixoak gurutzera igotzen dira, eta ahoarekin iltzeak ukitzen dituzte. Laguardian, zilarrezko kanpaitxoak jartzen dituzte, begizkoa uxatzeko.

Kutunen esanahi mitikoa eta mitoetan, praktika erlijiosoetan eta eguneroko bizitzan duten rola ikerketarako gai zabalak dira. Izan ere, kutunak hainbat iturritatik edaten du: magia, erlijioa eta zientzia.