Arkitektura

Kursaal Zentroa. Donostia

Kursaal terminoak Kur (sendatu) eta Saal (gela, egongela) hitz alemanetan du jatorria eta etimologikoki "sendaketa-gela" da bere esanahia. Kursaal ala Kurhaus Europako erdialdeko balneariotako elementu tipikoa zen, eraikin erabilera anitza. Beranduago, Kursaal terminoa antzeko funtzioak betetzen zituzten kostako hirietako eraikinetan erabili zen, jolas kasinoetara lotuta gehienetan.

Gran Kursaal eraikina 1921eko abuztuaren 15ean inauguratu zuten eta mendeko lehenengo laurdenaren, obra nagusienetako bat izan zen hirian. Eraikuntzak, Belle Epoqueko aisirako hiri kosmopolita oso ongi irudikatzen zituen.

1924ko urriaren 31.ean, Primo de Riverak jokoa debekatzea erabaki zuen eta kasinoak bere ateak itxi zituen. Gran Kursaal bestelako jarduerak egiteko behin behineko egoitza bezala erabili zuten, 1972. urtean, jabeek eraikuntza eraistea erabaki zutenera arte. Orubea, konpondu gabeko arazoa izan zen bi hamarkadatan baina azkenean herriak jabetza lortu eta hiriari Auditorio bat eta Kongresu Jauregia emateko aukera sortu zen.

1973ko Gran Kursaalaren eraisketarekin 1975ean eraikin berria egiten hasi ziren baina obra gelditu egin zen eustorma eta zimenduak eraiki bezain pronto. K deituriko orubea libre geratu eta hutsik egon zen 20 urtez. Tarte horretan, K orubea esku pribatutik publikora pasa zen.

1989.urtean nazioartean ospetsu ziren sei arkitekto deitu zituzten: ario Botta, Norman Foster, Arata Isozaki, Rafael Moneo, Juan Navarro Baldeweg eta Luis Peña Ganchegui. Azkenik 1990ean Rafael Moneorena aukeratu zuten sei proposamenen artean.

1991 eta 1994 bitartean proiektua idatzi zuten eta 1995ean obrei hasiera emateko behin betiko onarpena lortu zuten. Obrak urte horretako maiatzean hasi eta, prozesuan zehar zenbait arazo sortu ziren arren (finantziazio arazoak eta barneko eskailera batzuen erorketa), 1999an amaitu ziren.

Kursaal Zentroa Groseko ondartzaren aurrean kokatzen da, Urumea ibaiaren itsasoratzearen ondoan, itsasoari irabazitako orubean, 1973.urtan eraitsitako Gran Kursaal eraikinaren (1921) toki berean. Zurriola hiribidea, 1. 20002 Donostia (43.3243°N 1.978°W). Mies van der Rohe Europako Arkitektura Garaikideko Sariarekin saritua izan da. Hau Europa mailan ematen den garrantzitsuena da eta Kursaalari eman zioten proiektuaren "izaera bikaingatik" eta "berrikuntza kontzeptual, estetiko, tekniko eta konstruktiboagatik".

Beira zeharrargizko bi prisma nagusiz osatua dago, harrizko plataforma oinarri dituela. Prismek mendietara begiratzen dute, Urgull eta Uliara, hiriarekin baino naturaren zati balira bezala. Beira zeharrargizko horma bikoitzez osatuak daude eta egitura metalikoan eusten dira. Beirazko hormen tartean argiztapena kokatzen da eta gauez pizten dira eraikinaren nortasun publikoa azpimarratzeko. Prisma hauetako bakoitzak areto bat du barnean, zurezko oholez estalia: kubo handian, ibaiarekiko paralelo dena, 1800 ikusle har ditzaken auditorio/antzoki bat dago. Kubo txikian, berriz, 600 lagun sartzeko moduko ganbera-musikarako areto/biltzar-jauregia.

Bi kuboen artean, itsasoaz gozatzeko terraza zapalgarriez osatutako plataforma batzuk sortzen dira, itsasora ala Urumea ibaira begira. Terraza hauetan ospatzen dira besteak beste Donostiako Jazzaldiko ala Aste Nagusiko zenbait kontzertu eta ekitaldi. Bestalde, hirirantz sarrera nagusiak, dendak eta erakusketa aretoak irekitzen dira, Zurriola hiribideari kale giroa emateko. Eraikinaren gainerako espazioan (sotoak eta plataforma), erakusketa-areto bat, erabilera anitzeko areto bat, jatetxea, dendak, aparkalekuak eta abar egin dira.

  • Auditorioa.

Prisma handian kokatuta dago, Urumea ibaitik hurbilen dagoenean. Ikuskizun nagusiak bertan egiten dira: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak, Zinemaldiko film ofizialak eta abar. Hasiera batean Moneok jasotako enkargua Auditorioa egitea izan bazen ere, txapelketa irabazi ostean opera ekitaldiak ere emateko gai izango zen antzokia enkargatu zioten. Auditorioak 1806 besaulki ditu.

  • Ganbara Aretoa.

Prisma txikian kokatua dago, 624 pertsona sar daitezke eta biltzar eta kontzertu txikietarako erabiltzen den 120 metro karratuko agertokia da. Balioanizduna da, kongresu, konbentzio eta formatu ertaineko bileretara, nahiz ganbara musika kontzertuetara egokituz.

  • Erabilera Anitzeko Bilera Aretoak.

Modulagarri diren areto hauek (20 aukera desberdin daude 10 eta 575 pertsona bitartean sar daitezken aretoak osatuz) era guztietako enpresa ekitaldiak ospatzea ahalbidetzen dute: asanbladak, konbentzioak, jardunaldiak, mintegiak, mahai-inguruak, produktuen aurkezpenak edo prentsaurrekoak besteak beste.

  • Erakusketa Eremuak. Kubo Aretoa.

Gipuzkoa Donostia Kutxaren erakusketa areto nagusia da. Bestalde, eraikinaren 5000 m² baino gehiago, erakusketak antolatu eta stand-ak edo azokak zein produktu aurkezpenak egiteko erabiltzen dira.

  • Terrazak.

5.000 m² baino gehiagoko azalera duten kanpo terraza irekiak, itsasoari begira eta Urumea ibaiaren itsasoratze ondoan daude. Bertan egunez zein gauez era guztietako jaiak ospa daitezke.

  • Aparkalekuak. Merkataritza.

Jauregiak beheko plataforman 500 ibilgailurentzako aparkalekua, merkataritza gunea, jatetxea eta hall eremua osatzen duen sarrera nagusia ditu.