Abesbatzak

KUP Taldea

Musika biziki maite duen gazte talde batek sortutako abesbatza da KUP. 2003ko udaberrian hasi zen lanean, musikaz gozatu eta, aldi berean, ahalik eta kalitaterik handieneko musika eskaintzeko asmoarekin. Gabriel Baltes da taldearen zuzendaria: abesbatzen munduan punta-puntakoa eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikasketen Zentroan abesbatzen zuzendaritza-irakaslea.

Taldeko partaideak gazteak izan arren, abesbatzen munduan esperientzia handikoak dira, bai eta musika ikasketa zabalekoak ere. Hori horrela, eta Gabriel Baltes maisuak eskaintzen duen bermea kontuan hartuta, zailtasun eta konplexutasun tekniko handia duten maila goreneko obrak interpretatzen ditu KUP taldeak.

2006ko udan, KUP taldeak Aita Donostiaren eliz musika biltzen duen programa landu eta Donostiako Musika Hamabostaldiak Chillida Leku museoan antolatutako Aita Donostiaren zikloan eskaini zuen oso-osorik. 2007ko azaroan, berriz, lan hori biltzen duen taldearen lehen diskoa kaleratu zuen, "Priez pour paix" izenarekin.

2007. urtean, Luxenburgoko bi jaialditan parte hartu zuen: De Kenge Maarniche Festival eta Rencontres musicales de la Vallée del L'Alzette izenekoetan, hain zuzen ere. Izandako arrakasta dela-eta, 2010. urterako gonbitea jaso zuten. Horrez gain, Gipuzkoako hainbat ziklo eta jaialdietan parte hartu du taldeak, bai eta Estatuan zehar kontzertu ugari eman ere.

Lehiaketak:

  1. Tolosa 2008. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan, Tolosako Ekinbide Etxearen aldetik parte hartzeko gonbitea jaso ondoren, KUP taldeak folklore sailean 3. saria eskuratu du.
  2. Maribor 2009. Mariborko Nazioarteko lehiaketan, lehen saria ex-aequo AVE Chamber Choir Abesbatzarekin batera. Lan behartuen atalean puntuaziorik altuena lortuaz, eta bere zuzendari den Gabriel Baltesek zuzendari onenaren saria eskuratu zuen, derrigorrezko egilearen (J. Gallus) interpretazio onenari esker.
  3. Tours 2010. Lehen 3 sari (ahots nahasiak, programa librea eta berpizkundea) eskuratzen ditu eta Florilege Vocal Nazioarteko lehiaketan Sari Nagusia.

2009ko uztailean, KUP Taldeak Frantziako Borgoñan hainbat kontzertu eskaini zituen "Musique en Morvan" jaialdiaren barruan (uztailak 16-25) bertako gonbitea jaso ondoren, filipinetako Phillipine Madrigal Singers abesbatzarekin batera. Kontzertuak Autun, Ecuises, Paray-le-Monial, Quarré-les-Tombes, Saint-Léger-Sous-Beuvray herrietan eman zituzten entzulego eta kritikoen aldetik oso harrera ona izan zutelarik.

Jaialdi amaieran bi kontzertu sinfoniko eskaini zituen KUP taldeak Pierre Cao zuzendariaren eskutik J. Haydn-en "La Creación" lana eskainiaz Autungo katedralean eta Vezelayko basilikan.

2010 urtea hasteko martxoan, KUP taldeak Luxemburgoko Rencontres Musicales de la Vallée de l'Alzette eta De Klenge Maarniche Festival jaialdietan parte hartu zuen hiru kontzertu eskaini zituztelarik.

Aipamen berezia egin beharra dago 2010. urteko maiatzean KUP taldeak garaipen nabarmena lortu baitzuen Tourseko 9. Internacional Florilège Vocal de TOURS lehiaketan. Sari nagusia lortu zen eta lehen sariak ahots nahasietan, programa librean eta berpizkundean.

Garaipen honekin, 2011ko azaroaren 5ean Tolosan ospatu zen Europako Abesbatzen Sari Nagusian izan ziren. Bertan Arezzo, Maribor, Debrecen, Varna eta Tolosako lehiaketetako irabazleekin lehiatu ziren. 20 urte zireneuskal abesbatza batek horrelako lorpenik izan ez zuela.

2011. urtea hasteko Rossiniren Petite Messe Solennelle eskaini zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Classic zikloaren barruan.

Urtean zehar hainbat kontzertu eskaini zituen bere inguruan:Zumaia, Oñati, Ugao-Miraballes, Ascain, Eibar, Leioa... beti ere azaroaren 5ean ospatu zen Europako Grand Prix lehiaketarako prestaketa moduan.

2012. urtea gogotsu hasi zuten. Miramongo Matineetan programa berri bat estreinatuaz pianoa eta gitarraren laguntzaz. Irailerako aldiz, Mendelssohnen eliz musikan oinarrituriko programa oso bat izan dute eskuartean.

2013. urtea proiektuz beteriko urte borobila izan zen, 10. urteurrena izan zuen KUP taldeak. Batetik Brahms-en "Un Réquiem alemán" obra eskaini zuten pianoaren laguntzaz martxoan, eta maiatzean aldiz, Mozart-en Requiema aurkeztu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokian Kammerphilharmonia orkestrarekin.

Abuztuan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, kritika eta entzulekoaren erantzun ezin hobe batekin, F. Mendelsshonen eliz musikaz osaturiko lan monografiko bat eskaini zuten Orioko San Nicolas de Bari elizan.

Urteurrena borobiltzeko, "KUP Taldea 10 urte" izenburupean, diska bat aurkeztu zuten. Zuzeneko kontzertuetan egindako grabaketekin osaturiko diska batekin hain zuzen ere.

2014. urtea proiektu interesgarriekin hasten da. Bi proiektu garrantzitsurekin, batetik Frank Martinen "Messe pour double choeur a cappella" egingo da bi korutara eta Ildebrando Pizzettiren "Messa di Requiem".

Udazkenerako Baionako Cote Basque orkestra eta Baionako kontserbatorioko abesbatzarekin elkarlanean, Ermend Bonna egilearen "Poèmes franciscains" orkestra, korua eta bakarlariak dituen lana estreinatuko dute Nicole Corti-ren zuzendaritzapean.