Arkitektura

Koroatzearen eliza. Gasteiz

Koroatze eliza Gasteizen dagoen eliza dugu, 1959an eraikia eta Miguel Fisac (Ciudad Real, 1913-Madril, 2006) arkitekto madrildarraren lana da. Eliza hau Aingeruen elizarekin batera -hiri berean eta urte bat beranduago Jose Maria Garcia de Paredes eta Javier Carvajal arkitektoek eginiko lana izanik - eraikin erlijioso benetan interesgarriak eta harrigarriak gertatzen dira gure testuinguruan. Bi elizek modernotasuna eta estilo garaikidearen aldeko joera eta atxikimendua erakusten dute eta gainera, tipologia erlijiosoan oso proposamen ausarta burutzen dute. Ez dugu ahaztu behar bi elizak eraiki ziren urteetan Espainian frankismoak estilo eklektiko eta historizistak bultzatzeaz gain -bereziki Errenazimenduan oinarritutakoa aldarrikatuz, Inperio estilo izenarekin El Escorial eraikina eredutzat hartuta-, errejimen horren zutabe garrantzitsuenetako bat Eliza erakundea bera izan zela. Horren ondorioz, eliza horien garrantzia Euskal Herriko arkitektura garaikidearen historian itzela izan da, baita tipologia erlijiosoaren historian ere, kontutan hartuta gainera 1960 eta 1959ko eraikinak direla.

Arkitektoaren aldetik, Miguel Fisac madrildarra garai honetan arkitektura garaikidearen aldeko apustua egin zuen bakanetakoa dugu. Bere estiloagatik nabarmendu zen, funtzionalismoa eta organizismoa maisuki konbinatzen baitzituen, bain horrez gain material berriak eta bereziki hormigoia erabiltzeko erakutsi zuen maisutasuna apartekoa zen. Bereziki elizak eraikitzen nabarmendu zelako.

Euskal Herriko arkitektura erlijiosoan eraikin berrien -eta bide batez liturgiaren irakurketa berriaren- aldeko benetako lehen apustua Gasteiz hirian hasi zen 1957an. Zabalguneko auzo berriek elizak behar zituztela ikusita, Francisco Peralta apezpikuak -Gasteizeko gotzaina garai horretan- zortzi eliza berri eraikitzeko aurreproiektua aurrera ematen saiatu zen. Apezpikuaren ustetan, eliza berriak eraikitzeko orduan bi ziren arrazoi nagusiak: batetik, industrian murgildutako garai berriei aurre egitea. Aipatzen ez bada ere, ezkerreko alderdiek bultzatutako laizismoaren aldeko mugimenduei zieten beldurra sumatzen da. Bestalde, Gasteizera heltzen ziren etorkinak fede kristauan murgiltzen saiatzea zen helburua. Beraz, eliza horiek liturgiarako lekuak izateaz gain, beste bi funtzio bete behar zituzten: kristautasunarentzat arimen konkista lekua izan behar zuten eta, era berean, komunitatearen bilera lekuak. Azken ezaugarri hori da esanguratsuena, bertan antzematen baita jarraian gertatu ziren aldaketak sumatzen hasiak zirela -Vatikanoko Bigarren Kontzilioa (1962-1965) hurbil zen-. Horrela, argi geratzen da Elizak garai hartan gizarteak izan zezakeen indarra bideratzeko nahia.

Aurreko hori guztia nahiko esanguratsua ez bazen ere, apezpikuaren asmotan arkitekturaren ikuspuntutik eraikin berriek beste hiru ezaugarri izan behar zituen: modernitatearen aldeko apustua egin behar zen, eraikinak garai berrietara egokitutako estiloan gauzatuz. Elizak liturgia modu berrietara egokitu behar ziren, entzule eta ikusleei garrantzia emanez eta espazioa antolatuz erritoetan horien parte hartzea bideratzeko. Eta azkenik, Elizaren baldintza ekonomikoetara egokitutako elizak eraiki behar ziren, hau da, kostua murriztuta, gardentasunez eraikiak eta ahal izanez gero, beraien ustetan fede kristaua izan behar zuen bezala, soila, luxurik gabekoa, horretarako elementu apaingarri gutxi erabiliz, hau da, eraikinak berak zituen formak adierazgarria izanik.

Gasteizeko elizak burutzeko gotzainak bederatzi arkitektoei dei egin zien eta gehienak gazteak: Alejandro de la Sota, Javier Carvajal, Jose Maria Garcia de Paredes, Miguel Fisac, Jose Antonio Corrales, Ramon Vazquez Molezun, Francisco Javier Saenz de Oiza nafarra, Luis Romani eta Rafael de La Hoz. Azkenean, diru arazoak zirela medio -edota heldu ez zaizkigun beste arrazoiren eraginez-, bakarrik lau proiektu garatu ziren. Bata Alejandro de la Sotak egin zuen, bestea Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes elkarrekin gauzatu zuten, hirugarren proiektua aldiz Miguel Fisacek aurkeztutakoa izan zen eta azkenik laugarrena Jose Antonio Corralesen eta Ramon Vazquez Molezunen artean burutu zen. Azkenean bi proiektu bakarrik gauzatu ziren: Aingeruen eliza (1958-1960, Bastiturri kalea, 4. zenbakia) Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes elkarrekin egindako lana, eta Koroatzearen eliza (1958-1959, Eulogio Serdan kalea, 9. zenbakia), Miguel Fisacek aurkeztuta.

Lan honetan nabaria da arkitektoaren saiakera behar berrietara egokitzeko. Horrela, eraikinean bai oinplanoa bai forma nagusiak helburu bera lortzeko antolatuta daude: aldarearen zonaldea -presbiterioa- indartzea, azpimarratzea, baina era berean ikusleen garrantzia ere nabarmenduz eta, batez ere, parte-hartzea erraztuz. Helburu hori lortzeko Miguel Fisacek Koroatzearen elizan nabe bakarreko oinplanoa aukeratu zuen. Espazioa simetrikoa eratu zuen bi murruen indarrak konbinatuz eta kontrajarrian ipiniz lortu zuen. Ezkerraldekoari -ekialdekoa- kurbadura eman zion, zuria, lisoa eta itsua da. Eskuinaldekoa aldiz -mendebaldekoa- zuzena da adreiluz egina, eta material hau bistan utzita. Azken horretan osatu zituen beste dependentziak -sakristia, kapera eta bataiotegia-, eta argia sartzeko murrua zulatuz. Baina eraikinean ere sabaiak funtzio garrantzitsua jokatzen zuen, aldarera hurbiltzen den neurrian gora egiten baitu oinarekin ere gertatzen den bezala, sarreran zabalagoa baita eta amaieran estuagoa. Azkenik, argiak ere garrantzi handia dauka, zuzenean sartzen baita mendebaldetik, eta zeharka sabaitik presbiterioko espazioan, beste elementuekin ere bezala bilatutako efektua lortzen baita, funtzioa bete baina eduki erlijiosoa eta, ondorioz, sinbolikoa galdu gabe.

Eraikinean erabilitako materialak soilak izateaz gain, gardentasunarekin erabilita daude, eta Miguel Fisacek Koroatzearen elizan, bestalde, bai eskuineko murruan baita kanpoaldean ere, oinarrizko harria begi bistan uzten du -kasu honetan, alde batetik Le Corbusierreri omenaldia eginez, eta bestetik hainbeste maitatu zuen Alvar Aaltori ere begirunea erakutsiz-. Orokorrean, elizaren kanpoko itxurak ez du zerikusirik ohiko elizekin, inguruko beste eraikinekin baizik -etxebizitzak, lantegiak-. Horrela, gizarteak zituen beharrak ase nahian eliza eraikiko balitz bezala jokatzen zuten, baina ez bakarrik izpiritualak baizik eta baita beste motakoak ere. Azken finean, eliza horien -bai Koroatzekoa bai Aingeruena- helburu nagusia bertan liturgia garatzea bazen ere, horretarako sortu baitziren espazio berriak helburu horietara egokituta, aldi berean gai erlijiosotik kanpo zeuden beste ekimen eta ekintza biltzeko asmoa ere bazuten, hasierako kristauen izpiritu komunitarioa berreskuratu nahian.

Elizak garatutako apaingarri elementu bakarrak argia bera da eta presbiterioan dagoen Pablo Serranoren eskultura, Jesus gurutziltzatuaren irudia alegia. Sabaitik zintzilikatuta dago kable batzuen bitartez. Elizaren altzairuak eta bataiarria ere Miguel Fisacenak dira, kanpoan dagoen dorrea bezala. Elizatik bereizia eta hormigoizko hiru zutabez osatuta dago. Horren buruan kanpaiak daude eta itsasargiaren lanak egiteko helburuarekin eratu zuen.