Kulturalak

Kemen Dantza Taldea

Kemen Dantza Taldea 1973 urtean sortu zen, Txingudi ikastolako gurasoen ekimenez. Urte batzuk beranduago, hasierako talde hau bitan banatu zen. Alde batetik Adaxka Dantza Taldea sortu zen, Ikastolako taldea, eta bestetik, Kemen, helduen taldea. Bi talde baina proiektu amankomuna. Nahiz eta formalki bananduta egon, dantza proiektua bera da. Izan ere, Adaxka taldea osatzen duten 200 neska mutikoek, Kemen taldearen harrobia dira, bere etorkizuna.

Gaur egun (2014 urtea), Kemen Dantza taldea 60 lagunek osatzen dute, dantzari eta musikariak barne.

Hiru dira Kemenek dituen helburu nagusiak:

  1. Bere sorterrian (Irunen) berreskuratutako zenbait tradizio mantendu eta indartzea, halanola San Juan bezperako Aurreskua edota, Inaute igandeko puska biltzea.
  2. Bere herrian nahiz probintzian ematen diren ekintza kulturalen sustapena. Ildo honetan Kemenek 1990. urteaz geroztik Irungo Aurresku Txapelketa antolatu izan du, eta 1999. urtean Hondarribiako Udalarekin batera Euskadiko Doinu Zahar Txapelketa antolatzen hasi zen.
  3. Euskal kultur dantzatuaren zabalketaren alde lan egitea. Hau, gutxieneko kalitatea duten dantza saioen bitartez lortu nahi da. Horrela, bere saioetan eta hauen iraupenaren arabera, Euskal kultura dantzatuaren ikuspegi orokor bat erakustea da bere asmoa.

Kemen dantza taldearen ibilbide luze honek (40 urte jada), gero eta ekintza ugari eta anitzagoetan parte hartzea ahalbidetu die. Bere herri eta eskualdeko jai eta ospakizunetan daude askotan presente.

Inauteri igandeko puska biltzea da ospakizun horietako bat. 70. hamarkadaren amaierako urteetan abiatu eta gaur egun arte urtez-urte, inauteri igandean Irungo Olaberria auzoan zehar baserriz-baserri ibili izan dira Kemeneko partaide ugari fandango eta arin-arinak dantzatuz eta puskak bilduz.

San Martzial jaien egitarauaren barnean San Juan egunaren bezperan, soka-dantza burutu ohi du Kemenek Irungo San Juan enparantzan.

Azken urteetan taldeak dantzaren eta orohar folklorearen inguruko festa eder baten antolaketan dihardu buru-belarri. HONDARRIBIA DANTZAN izeneko asteburuak, hezkuntza ikuspegia zein alde ludikoa barneratzen ditu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalketaren alde lan egin ahal izateko bidea ere bada. Taldeak berak antolatzen dituen jarduera hauetaz gain, urte luzetan zehar Irunen antolatu ohi diren beste hainbat ekintzatan ere parte hartu izan du Kemenek.

Batetik, 1984.urtean Kemen dantza taldeak Irungo Atsegiña elkartekoekin elkarlanean jardun zuen Irunen egiten zen kauteren desfilearen berreskurapen lana burutzeko asmoz. Urte honetan, Brahmsen 5. dantza hungariarrarekin dantzatu ahal izateko koreografia bat sortu zuten, Kemeneko hainbat kidek desfilearen amaieran dantza berri zein berezi hau taularatuz. Geroztik urte ugari igaro diren arren, eta hainbat gorabeheraren ondoren, gaur egunean ere Kemen dantza taldeak Irungo kultur bizitzan duen lekutxoa beteaz, kauteren desfilearen amaieran koreografia hau dantzatzen jarraitzen du.

Bestetik, abuztuko lehenengo edo bigarren larunbatez Irunen antolatu ohi den Euskal Jira handian ere parte hartu ohi du Kemenek.

Asko dira urte guzti hauetan zehar taldeak lortu dituen sariak. Batzuk taldeari osotasunean emandakoak, beste batzuk bakarkakoak, neska zein mutilei (Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan).

Bestalde, benetan interesgarria da dantza taldeak mundu osoan zehar bisitatu dituen herrialdeak, bertako Nazioarteko Dantza Festibal eta saioetan parte hartuz: Frantzia (Cognac, Bordele, Montoire), Italia, Belgika, Estonia, Polonia, Danimarka, Ingalaterra, Japonia,...