Jaialdiak-Ekimenak

Irungo San Martzial Alardea

Alarde

San Martzial Alardea Irungo (Gipuzkoa) autoafirmazio errito nagusia da. 1522ko ekainaren 30ean (San Martzial eguna egutegi katolikoan) irundarrek etsaien aurka lortutako garaipena ospatzen du. XVI. mendean hasi eta 2000 arte urtero ospatu izan da, udalak antolatuta, gerrarik-edo izan ezean. Emakumeei bertan berdintasunez parte hartzeko eskubidea aitortu dieten epai judizialen ondoren, 2001etik aurrera Udalak Alardea antolatzeari utzi dio, eta harrez geroztik Alarde izeneko bi ekitaldi antolatzen dira: bata, gizon-emakumeek berdintasunez antolatutakoa; bestea, emakumea kantinera gisa (19 lagun) baino onesten ez duena.

Erritoaren jatorrian kabildo sekularrak eta eklesiastikoak garaipenarengatik San Martzial santuari esker oneko zina betetzeko prozesioa dago. Haren atzean zihoazen herritarrak; buruan, berriz, ohorezko salbak egitearren, berrogei bat su-armadun, ordena militarrean, agintarien menean, herriko banderarekin eta musikaren erritmoan. Ohorezko eskolta hark herriek bete beharreko alarde militarren antz formal handia zuen, eta gutxienez 1717az geroztik Alarde hitzez ere izendatzen zen.



Nafarroa birkonkistatzeko saioen artean kokatu behar da 1522ko borroka. Emaitzengatik berez munta militar gutxikoa izan arren, irundarrentzat sekulako garaipena izan zen: batetik, etsaiek hartutako herrira itzultzea izan zutelako; bestetik, arrakasta gainerako gipuzkoarren eta errege-tropen laguntzaz lortuagatik, nagusiki bertako gizon-emakumeek protagonizatu zutelako.

Alarde

Handik aurrera, borroka-tokian, Aldabe gainean, ermita eraiki eta harrez geroztik San Martzial izenez ezagutzen da mendia. Esker oneko zina betetzeko prozesioa eratu zen. Urteroko alarde militarra egun haren bezperan, San Pedro egunean, egiten hasi zen. Ordutik herriko festak ere San Pedro eta San Martziali eskainiak dira. Hortaz, borrokak garrantzi sinboliko handia izan du herri-nortasunaren eraikuntzan. Alardeak, ordea; hau da, prozesioaren ohorezko eskoltak, ez zuen aparteko sinbolismorik. Gerora hitzaren erabilera bikoitzak eta garaipen militar baten ospakizunak nominalismo arazoak ekarri arren, armadun haien presentzia prozesio batean ez zen justifikatzen udal alarde derrigorrezkoengatik edo garaipen militar bat ospatzeagatik. Izan ere, gainerako prozesio erlijioso edo bestelako ekitaldi folklorikoetan ere arruntak ziren armadunen ohorezko salbak.

Irunen behintzat, alarde militarrak geratu ziren ohorezko eskoltaren menean, ez alderantziz: 1707tik aurrera, derrigorrezko alarde haiek gero eta gutxiagotan egiten ziren, bolbora gastuak saihestearren, eta ofizialki 1773ko eta 1804ko udal ordenantzek prozesio zibil eta erlijiosoaren baitan txertatu zituzten eginkizun militarrak, borroka gogoratzeko helburuz, txertatu ere.

XIX. menderako derrigorrezko alarde militarrak praktikan guztiz desagertuak ziren. Alarde folklorikoek, ordea, berdin jarraitu zuten, gerrek edo iskanbila politikoek galarazten ez zituztenean: armadunen ohorezko eskolta izaten. 1849ko dokumentazioak, berriz, aldaketa formal eta kontzeptual handia gertatua zela salatzen du, Alardeek XIX. mendeko armada baten eite folklorikoa hartu baitzuten: janzkera uniformatua, hatxeroak (gastadore edo zapurrak), armadunak hainbat konpainiatan kantinera banarekin eta txilibitu eta danborrekin, danbor nagusia, jenerala, zaldieria, artilleria, musika-banda... Napoleonen "Grande Armée" delakoaren eragina nabaria da garai hartako folklorean. Adibidez, Bidasoaz bestaldeko Besta Berrietan, prozesio erlijiosoak izan arren.

Alarde

Dena den, Irunen kutsu militarra, formala ez ezik, kontzeptuala ere izan zen: ekainaren 30ean, 1522koaz gain, 1813ko abuztuaren 31n San Martzial mendian tropa anglo-hispano-portugaldarrek frantsesen aurka lortutako garaipena ere ospatzen zen. Hortaz, garaipenaren ospakizunak nortasun lokalari ez ezik, espainiar naziotasunari lotua ere agertu zen. San Pedro arratsaldean ospatzen den "errebistak" borrokaren bezperan egindako azken ikustaldi militarra gogorarazten du, ez egun hartan egiten ziren foru alardeak.

Hurrengo urteetan joera finkatu eta hedatu egin zen, konpainia berriekin eta lagun gehiagorekin XX. mendean aurrera egin ahala, gerren etenaldien ondoren. Konpainiak auzoka edo kaleka osatzen ziren, edo izaera politiko (tradizionalistak, errepublikanoak, Batzokikoak), sozio-kultural (Kasinoa, futbol taldeak, gazteria katolikoa) edo laboralen (trenbideko langileak) arabera sailkaturik. Kritikak ere jasotzen zituen, auzo frantsesen iraingarria zelakoan. Areago, Lehen Mundu Gerran, errespetuz, bertan behera geratu zen.

Alarde

Hortaz, San Martzial Alardea XIX. mendearen erdialdetik aurrera etengabe eraberritu -osagai koreografiko berriak gehitu, beste batzuk baztertu...- den errito konplexu samarraren emaitza da, balio sozialekin batera eboluzionatu duena, komunitatearen "nor den nor" delakoa agertzen duen heinean.

Prozesuan, 1976 mugarritzat har daiteke: ikurrina zeramala-eta, guardia zibilak "soldadu" bat atxilotu ondoren Alardea protesta bide bihurtu zen eta, musikarik gabe eta armak behera. Harrez geroztik, partaidetza handitu zen, kantineren papera, behiala oso kritikatua, goresten hasi zen... 1981ean, orduan ezagutzen zen dokumentazioaren arabera Alarde modernoaren sorreraren mendeurrena zela eta, frankismoaren azken urteetan abiarazitako prozesua areagotu zen, eta herri-nortasunaren sinbolo are nabarmenago agertu zen. Alardeen jatorriari buruzko bertsio "foruzalea" ere orduantxe hedatu zen.

Alarde

Ordurako Irun demografikoki ikaragarri handitua zen eta Alardearen egitura koreografikoki oso aproposa da jendea integratzeko. Handitze demografikoaren adierazgarri, laurogeiko urteetan bi konpainia berri sortu ziren, auzo berriak sortuta. Gainerakoan, berriz, koreografiaren kristalizazio bat gertatu zen antolakuntzan, uniformeetan, kantineren itxuran, musika tresna eta jo beharreko doinuetan, ordutegi eta ibilbideetan... Ikusleen janzkeran ere, kolore zuri-gorriak, eta gutxixeago beltza, nagusitu ziren. Lagun kopurua 8.000 mila lagunetara hurbiltzean, kantinera ez ezik kopuru mugatua zuten unitateetan hautatua izateko (zaldieria, artilleria, hatxeroak, danborrada...) irizpideak zorroztu eta praktikan eliterako joera nozitu zen.

Alarde
1996an emakume talde batek publikoki adierazi zuenean Alardean berdintasunez parte hartzeko asmoa, gehienen erreakzioa kontrakoa izan zen. Argudioak baino, deskalifikazioak gailendu ziren, bereziki sexualak eta identitarioak: berdinzaleak kanpotarrak ziren, edo "herriaren etsaiak"; baztertzaileak, berriz, jatorrak edota "integratuak". Lehendabiziko urteetan irainak, eraso fisiko eta psikologikoak, boikotak, eta abar nagusitu ziren berdinzaleen aurka.

Udalak, epaiek beharturik, teorian alardeak antolatzen zituen, baina diru gutxiagoz eta baztertzaileak publikoki babestuz. Zinegotzi berdinzaleak beren alderdietan bazterturik geratu ziren. 2001-2002an Oiasso izeneko konpainia mistoa ahalegindu zen gehienek osatutako alarde pribatuan parte hartzen. Izan ere, udal alarderik ezean, baztertzaileek Donostiako elkarte pribatuen ereduan antolatzen hasi ziren, diru-iturriak bere kasa bilatuz eta emakumeen partaidetza ez beste aldaketa asko bere eginez.

Alarde
2003an, epai batek arlo pribatuko bazterkeria zilegi zela eta betiere udal alarde bat antolatzea bazegoela iritzita, berriro ekin zitzaion alarde publiko eta ez baztertzaile bat egiteari. Udalak uko eginda, Diputazioaren eta Emakunderen diru-laguntzaz eta babesaz (2011ko Emakunde saria barne) egiten da. Nahiz eta 2005eko Berdintasun Legeak arlo pribatuko ekintza baztertzaileak -areago, elkarteak berak- debekatu, praktikan Bidasoaldean ez da betetzen. "Bi alardeen soluzioak" indarkeria gutxitu du, ez ezabatu, eta arazoak ebazteke dirau.

  • ARAMBURU, Antonio. Orígenes del Alarde de San Marcial: Las milicias forales. Donostia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. 1987.
  • ARRIZABALAGA MARÍN, Sagrario. Alarde de San Marcial: origen y evolución. Irun: Casino de Irun. 2011.
  • BULLEN, Margaret, eta Egido, José Antonio. Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea. 2004.
  • KEREXETA, Xabier. Dime de qué alardeas. Argitalpen digitala. 2001. [Kontsulta data: 2011ko abenduak 26].
  • MARTIN LOPEZ, Juan José, eta bestetzuk. Los Alardes: una perspectiva jurídica. Libertad e igualdad en las relaciones entre particulares. Irun: Casino de Irun. 2000.
  • MORENO, Gorka; KEREXETA, Xabier (ed.). Bidasoaldeko alardeak: herria versus hiria. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea. 2005.
  • Festa bat, Alarde bat. [Kontsulta data: 2011ko abenduak 26].
  • Irungo Alardea. Festa bat, sentimendu bat. [Kontsulta data: 2011ko abenduak 26].