Kontzeptua

Joko / jolas

Euskaraz gaztelaniazko "juego" hitzak eta frantsesezko "jeu" hitzak baitaratzen duten ideia adierazteko bi hitz erabiltzen dira: jokoa eta jolasa. Arrunki jolasa haurrek egiten dutena da, tartean demarik izan gabe. Jokoa, aitzitik, helduek egiten dutena definitzen duen kontzeptua da, tartean dema agertzen delarik. R. Maria de Azkueren hiztegian (Azkue, 1984) joko itzultzeko "juego" erabiltzen du eta jolas itzultzeko, berriz, "juego, divertimento y recreación". Mitxelenaren hiztegian definizio esplizituagoa agertzen da. Hala, joko deskribatzeko (adjektiborik ez badu, ausazko jokoaz ari da) "juego, competición, deporte edo acción de jugar" agertzen da eta hauek ematen ditu gizarte-fenomenoaren adibide gisa: antzinako kanazko jokuak, karta jokukoak, aizkora jokoak, antxitxiketa jokua, ezpata jokua, zezen joko, indar yokua, antzarra jokua, zirku-jokua, diru-joko, pilota joko, burruka joko, eta Olimpiar-iokoak. Hiztegi horretan, joko kontzeptua haurrek egiten dutena izendatzeko erabil daitekeela azpimarratzen da, ahozko ohiko erabileraren aurka: "Ume txikien joko aren antzera" dio. Bestalde, jolas honela definitzen da: "chiste, broma y fiesta". Bi hitz horien arteko, hots, joko eta jolas hitzen arteko polisemia handia da. Horrela, arestian joko kontzeptuaren adibide modura agertzen den Joko Olinpikoen aipamena, sarrera honetan jolas modura agertzen da: "Olinpiar jolasak". Hari erantsitako azalpena irakurtzen badugu "jolastu" aditzaren ekintzak, jolasteko ekintzak, "divertirse, jugar (sin apuesta ni competición)" ideia gordetzen du, aurrerago ñabardura hau irakur daitekeelarik "cuando no hay competición (juegos de saltar a la comba, "a alturitas") o cuando se juega como pasatiempo". [Lehiaketarik ez denean (soka saltona, bale-baleka) edo denbora pasa jokatzen denean]. Jokatzen azpimarratu hori guk emana da eta haren bidez joko kontzeptuaren erabilera nabarmendu nahi da, jolas ekintza definituz. Halako elementu polisemikoetan maiz gertatzen denez, bi hitzen erabilera linguistikoan baterako elementuak aurki badaitezke ere, joko eta jolas hitzetatik eratorritako aditzen ekintzak aurkakoak dira. "Jokatu" aditz iragankorra da eta objektu zuzen bat agertzen du, zerbait jokatzen da (dirua, apustua, ohorea, ospea) eta "ukan", eduki, aditzarekin artikulatzen da "dirua jokatu dugu"; aitzitik, "jolastu" aditz iragangaitza da, beraz, ez du objektu zuzenik, eta "izan" aditzarekin osatzen da "harrapaketan jolastu gara".

Kontzeptuzko labirintu horrek eite anitzeko intelektualak erakarri ditu; itxuraz, ekintza horrek gordetzen duen hutsalkeria eta xalotasunaren atzean gizarte-konplexutasun bitxia gordetzen da. Joseba Zulaika (1985) antropologoa da, zalantzarik gabe, misterio hori egokien argitu duena. Egile horren arabera, joko lehiakorra da, bipolarra, denboran eta espazioan neurtu egiten da, eta garailearen definizio argi eta anbiguotasunik gabea da. Serioski jokatzen da: irabazi ala galtzeko, "bata ala bestea". Bestalde, jolas hitzak, zure edo nire arteko dikotomia hausten du, bata ala bestearen ideia birrintzen du eta beste errealitate bat agertzen du, non dena nahasten den, dibertsioz jolasten den, non partaideek irabazi eta galdu egiten duten aldi berean, egiaz mukuru den gezur handi batean jardunez. Aisian jolasten da, garaile edo galtzailerik gabeko denbora-pasan, non neurtzeko zailtasuna da jolasaren jaun eta jabe. Euskal kulturan hain ezaguna den bat-bateko poesia hori, metafora eder eta burutsuak erakusten dizkiguna, Zulaikaren arabera, neurtzen horren zaila den jolas horren zakuan sartuko litzateke; aitzitik, pilotan jokatzea, artekariak tarteko direla, jendea zirikatuz, joko hitzaren errealitatean sartuko litzateke, non jokalarietako batek, pilotarietako batek edo demazaleetako batek irabazi egiten duen bestearen kaltean.

Ikuspuntu etimologikotik beha, joko latinezko jocus hitzetik dator, gaztelaniazko juego eta frantsesezko jeu bezalaxe; jolas hitza, ordea, Okzitaniako erromantzeko solaz hitzarekin sustraitzen da. Gaztelania jantzian aisiaren sinonimo gisa erabiltzen da hitz hori eta, aldi berean, holgar eta holgazán hitzen sortzaile da. Hain zuzen, horietatik dator euskarazko holgeta hitza, Bizkaiko euskalkian jolas hitzaren sinonimo modura erabiltzen dena.

Gizarte-erabilerari dagokionez, haur zein helduek dituzte joko eta jolas hitzen adibideak. Dena den, jarduera ludiko ezberdinak baitaratzen dira haietan, hala, esate baterako, haragizko jolasak edo antzarra-jokoa helduentzat gordetzen dira eta ez dira egokitzat jotzen gaztetxoentzat. Euskaldunen belaunaldi bakoitzak talde autonomo gisa egituratzeko joera du eta gainerakoekiko harremanak hierarkikoki ematen dira adinaren arabera, izan ere, adinak ere egiten du joko eta jolas hitzen arteko bereizketa. Haatik, "jolas" hitza haurren jardueretan erabiltzeko joera dago, "joko" hitza helduek egiten dituzten jardueretara mugatuz.

Kirol arloko jardun herrikoietara jotzen badugu (kirol-joko-jolasak), hala joko nola jolas egitura ezberdinei begira daudela ikus daiteke. Jokoa, harria jasotzekoa, pilotan aritzekoa edo ziba botatzekoa, lan lehiakor batean oinarritzen da, herriko plazan egiten da komunitatearen aurrean, bakarka edo beste baten aurka, horretarako, tresna ludiko jakin bat baliatuz. Jolasa, ordea, lehiarik gabeko taldeko jarduera bat da, gehienetan materialik erabili gabe egiten dena, eta herriko plazan nahiz inguruetako basoetan egiten dena jolasteko. Hori gertatzen da harrapaketa eta hezkutaketa jolasa delakoekin. Horrenbestez, bi eredu horiek eragiten duten plazera ludikoa ezberdina da: joko hitza hartuta, jardunaren akuilua garaipenaren bilaketa da, irabazi nahi hori, areriotasunera laburtzen dena; aitzitik, jolas hitzean aisiaren ardatza jolasteko ekintza partekatzea da, sekretuak partekatzea, uneak, harremanak, oroimenez betetako bitxikeria askeak. Joko eta jolas hitzen artean espazio zabala dago, non tarteko formula kulturalak batzen diren, esate baterako, soka salto jolasa. Neskato eta emakumeen jolas horietan ez dira antzematen aurrez aipatutako irabazteko plazera edo partekatzekoa. Kasu honetan errepikaren plazera gailentzen da.

Ezinbestekoa da joko eta jolas hitzak gizarte-portaeraren eredu gisa ulertzea. Horrenbestez, indarreko balio kulturalak sortzen dira haien inguruan. Hala, elementu garrantzitsuak dira kide berriak gizarteratzeko orduan. Modu horretan, jokoa portaeraren eredu bilakatzen da jendaurreko egoeratan, non jokalariak bere interesak defendatzen dituen, tradizioan sustraitutako etxekoen interesak arerioen aurka, kanpokoen aurka. guztiak egoera berean legearen aurrean ahalik eta etekin handiena eskuratzeko. Gizarte-erabilera oso lotuta dago mutilaren generoarekin, plaza-gizon ereduarekin. Harremanen pribatuetan, etxekoekin, aitzitik, jolasa da gailentzen dena: guztiak ezberdin talde sendo bat sortzeko, familia bat edo koadrila bat sortzeko, "etxekoak" izenarekin ezagutzen den talde hori sortzeko. Hasiera batean emakumeen kasuan aipatu dugun errepika etxekoandrearen portaerarekin lotzen da. Jokoa eta jolasa gizarte-portaeren eredu direla baieztatzean, argi geratzen da kulturaren isla direla, ezaugarri bereizgarriak egitura ludiko horietan batu egiten dira, gizarteratzea sustatuz. Halaber, joko eta jolas horien inguruan egindako aldaketek aldaketa sozial handiak ekarriko dituzte. Hori dela eta, aldatutako portaera-eredu horien heziketa bilakatzen da aldaketa sozialerako ardatz. Joko eta jolas kontzeptuen inguruan sortzen den aberastasun eta konplexutasunak eraginda, joko-jolasak lokuzioaren erabilera bultzatu da. Lokuzio hori aurkako bi hitzen loturaren ondorioz sortzen da eta jarduera ludikoen multzo zabala izendatzeko erabiltzen da, esate baterako, kirol arlokoak, kirol-joko -jolasak.