Udalak

Izkue

Hirigunea muino txiki baten gainean dago, aldapa suabe batean eta eliza puntu altuenean dagoelarik. Elizaren sarreran oinplano luzea duen etxe horizontal bat dago, kalearen ibilbidearen formari egokitua. Bi solairu ditu, hegal luzeko bi isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak harlankaitzaz egina daude, gaur egun luzitu gabe, eta harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Atea hari molduratua duten dobela motzez osatutako erdi puntuko arkua da, leihoak zuzenak diren bitartean, harrizko karel molduratuekin solairu noblean. Atearen gainean dagoen erdiko leihoa arku konopial zuzenarekin doa, tradizio gotikoa jarraitzen duena, hurrengo mendeetan ere maiz erabili zen arren. Arkuaren giltzarriaren gainean honako inskripzio hau irakur daiteke: ESTA POR/ TALADA/ YZO MAR/ TIN DE GA/ RRO DEL AÑO/ 1740. Parean, oinplano karratuko eta garapen bertikala duen etxe bat dago, nahiko eraldatua. Murruak luzituak doaz, harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Sarrera dintelatua da, eta leihoak zuzenak. Gertu, eraldatutako etxetzar bat ikus daiteke, erdi puntuko arkuarekin beheko solairuan eta balkoiekin solairu noblean.

Elizaren parean etxe batzuek enparantza txiki bat osatzen dute. Bi solairu dituzte, erdi puntuko sarrerak eta leiho zuzenak, murruen luzitua arestiko erreformetan kendu dutelarik. Jarraian Etxetzar dotore bat ikus daiteke, burdin sare batek inguratzen duen lorategi batekin. Oinplano karratu zabala du, bi solairu gehi ganbararekin, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak luzituta daude, ohiko salbuespenekin, aurrealde nagusiaren beheko solairuak kuxineztadura itxurako harlanduak dituen arren. Atea, hormatalaren erdian, arku beheratu batekin doa, lehenengo solairuak leiho zuzenak eta erdiko balkoia dituen bitartean. Atikoan argizulo txikiak daude. Aurrerago oinplano errektangeluar zabala duen etxetzar bat dago, bi solairuekin gehi ganbara, eta lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak harlankaitzaz egina daude, ohiko salbuespenekin. Aurrealde nagusian hari molduratuko erdi puntuko arkua dago, gehi lau leiho zuzen. Solairu noblean bi leiho daude, baita hiru balkoi ere, eta atikoan argizulo txikiak.

Alboko kale batetan etxe gotiko baten aztarnak ikus daitezke, ziur aski herriko etxerik zaharrena. Oinplano karratua du, harlanduxkaz eginiko murruak, eta nahiko hondatua dago gaur egun. Murru batetan leiho bikoitz bat dago, oso luze eta estuak diren bi arku zorrotzekin osatua, zaharra dela adieraziz. Gertu dauden beste etxe batzuek dagoeneko aipatu ditugun ezaugarriak errepikatzen dituzte.

Herriaren beheko zonaldean erdi-aroko iturri bat ikus daiteke. Zizur Txikiko edota Artaitzeko iturrien tipologia jarraitzen du, eta estalkiaren harlauzak galdu ditu, aipatutako beste bi iturrietan errestauratu baino lehen gertatzen zen bezalaxe, gangaren kanpoko harlanduak agerian utziz. Ondoan abereentzako aska bat du, baita garbitegi publiko bat ere.

  • Baselizak

Pérez Ollo jaunak San Salbadoreko baseliza aipatu zuen, Sarbilgo mendizerraren maldan nonbait, baina gaur egun galdu egin da.

  • Elizaberriko San Pedroren eliza zaharra

Pérez Ollok baseliza bezala aipatu zuen, aspaldian eliza eta parrokia izan zela aitortzen badu ere. Hilerriaren kapera ere izan zen, eta gaur egun hondatua dago. Badirudi tenplu hau monasterioa izan zela XII. mendearen lehen laurdenean, Urraca Semenoiz bere jabeak Izkue herriari eman zionean. XII. mende berean García Ferrándiz Iruñeko gotzainak arrazoi ezezagunengatik Danimarkara bidaiatu zuenean, monasterio hau erabili zuen mailegu baten berme bezala, Normandia dirurik gabe geratu zenean. Aro Modernoan, XVII. mendean Elizaberriko San Pedro eliza hau izenaz aldatu zen, Santa Eulaliari dedikatu zitzaionean, eta XVIII. mendean tenplua berreraiki zuten.

Muino jaso baten gainean dago, herritik nahiko urrun, eta gaur egun XIII. mende hasierako fabrika da, gotiko goiztiarra. Habearte bakarreko oinplanoa du, barneko espazioaren banaketarik gabe, eta burualde absidial erdizirkular peraltatua du, habeartea baino zertxobait estuagoa. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago.

Murruak harlanduxka luze eta txikiaz egina daude. Burualdearen ardatzean gezi-leiho edo argizulo bat ikus daiteke, erdi puntuko arkutxo batez bukatua, eta barnealderantz abozinatua. Atea, hegoaldeko murruan, zutoinen gaineko erdi puntuko arku xume bat da.

Elizak ganga batekin estalita egon zen, arku fajoien azpian zeuden mentsulak besterik gelditu ez bada ere. Burualdean labe-ganga batek iraun du.

Barnealdean, presbiterioan Gurutziltzatu moderno bat ikus daiteke, eta alboetan Ama Birjinaren eta San Joan Bataiatzailearen eskultura erromanistak. Gertu, Arrosarioko Ama Birjinaren irudi barrokoa dago, XVII. mendekoa, burua geroago gehitu diotelarik.

  • Santa Eulaliaren parrokia

XVIII. mendean egindako fabrika da, eliza zaharra oso urrun zegoelako hemen altxatu zuten beste baten ordez eraikia. Oinplanoak luzera berdineko bost tarteuneez osatutako habearte bakarra du, gehi burualde erdizirkularra. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin eta eskola zaharraren eraikinarekin babestua doa. Pareko murruan oinplano errektangeluarreko bataio-kapera dago, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruari itsatsitako oinplano karratuko gela da.

Murruak harlanduxkaz egina daude, elizaren zati bat eskolen eraikinak estaltzen badu ere, eta barnealdean harlanduen itxura imitatzen duen luzitu bat darama. Argiztapena bermatzeko bi leiho ditu, burualdean eta hegoaldeko murruan, eta habeartearen oinetan zurezko egitura duen koru jaso modernoa dago, zurezko balaustradarekin.

Habearteak lunetazko ganga bat jaso zuen, bost tarteuneetan antolatua erdi puntuko arku fajoien bidez. Bultzadak hormetara transmititzen dira elizaren barne-perimetroa zeharkatzen duen erlaitza baten bidez. Burualdeak labe-ganga bat du, eta sakristia zurezko habeak dituen sabai lau batekin doa.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean dago, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan ohi den bezala. Fuste motz eta trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko baoekin irekia dago. Atea dintelatua da, eta nitxo batetan Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko irudi gotikoa dago, XIV. mendekoa eta nahiko gaizki kontserbatua.

Barnealdean, presbiterioan erretaula erromanista bat aurki daiteke, XVII. mendearen lehen erdialdekoa. Traza poligonala du, burualdearen formari egokitzeko, eta bankua du, hiru kaleko bi atal, eta frontoi bikoitz makurra, kanpokoa hautsia. Zutabe korintoarrekin antolatua dago, eta trazaren garaikidea den sagrarioa kontserbatu du. Lehenengo atalean Deikundearen eta Ama Birjinaren Ikustaldiaren erliebeak daude, tolestura zurrun eta geometrikoekin, trakets xamarrak. Bigarren atalean San Fermin, San Pedro eta San Joan Bataiatzailea daude, mukulu biribilekoak. Nitxo txiki batean Santa Eulalia titularraren eskultura dago, San Pedro eliza zaharreko titularraren azpian.

Bi erretaula simetrikoki kokatuta daude bi alboetan. Fatimako Andra Mariari eta Ama Birjinari dedikaturik daude, eta traza berdina dute. Atal bakarra dute, zutabe korintoarrekin, eta frontoi triangeluarra duen atikoa. Aipatu dugun lehenengoak irudigintza modernoa du, interes gehiegirik gabekoa, San Migelen eta gotzain baten irudiak izan ezik, erromanistak eta XVI. mende bukaerakoak. Bigarren erretaulak Santa Katalina eta Santa Barbararen irudiak ditu, erromanistak ere, beste irudi modernoen artean. Gertu Gurutziltzatu barroko bat ikus daiteke, estilo herrikoian egina.

Ebanjelioaren aldeko murruan Gurutziltzatu erromanista bat dago, XVII. mende hasierakoa, eta elizaren oinetan dagoen kaperan erdi-aroko bataio-ponte bat ikus daiteke, fuste zilindrikoarekin eta katilu semiesferikoarekin. Sakristian, azkenik munta txikiko beste irudiren bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 434-435 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 361 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 433-438 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 134 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.

JAS 2009