Literatoak

Izagirre Urreaga, Koldo

Jean Cazenave.

Euskal idazlea.

1954ko ekainaren 21ean jaio zen Alzan (Gipuzkoa) eta, gaur egun Pasaian bizi da. 22 urterekin hasi zen lehen aleak argitaratzen: Zorion ustela (autoedizioa, Pasaia, 1976, 32 orrialde), Zergatik bai (Haranburu, Donostia, 1976, 100 orrialde), Itsaso ahantsia (Kriselu, Donostia, 1976, 61 orrialde) eta Kristalezko begia, A. Rz. Castelaok idatzitako lanari egindako itzulpena (Kriselu, Donostia, 1976, 63 orrialde). Prosan eta bertsotan idazten duen poeta da, aldi berean garratza eta hunkigarria den mundu batean murgiltzen dena. Euskara batua, aberatsa eta mingotsa irristatzen da bere behatz artetik. Urte horietan "Ustela saila" sortu zuen Junba Berasategi grafistaren lankidetzarekin.

1977an Oinaze zaharra (autoedizioa, Donostia) eta Mermelada ustela (autoedizioa, Pasaia, 42 orrialde) argitaratu zituen. Hurrengo urtean Azkenean dilindan (102 orrialde), Zutaz amoroski (50 orrialde), Guardasola ahantsia eta Gauzetan idatzi eta argitaratu zituen Pasaian. Era berean, 1979an 8 orrialdetako Oh Euskadi kaleratu zuen Pasaian. 1981ean Hordagok 645 orrialdetako lexikologia bilduma argitaratu zuen Euskal lokuzioak izenburupean. Lan horretan Izagirrek euskarazko esamolde eta esaerak jaso zituen, eta haien gaztelaniazko eta frantsesezko baliokideak ere eman zituen. Azkenaldian zinemagintzan ere barneratu da eta Ikuska sari bat ere jaso du.

AAA

Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. XX. mendeko 70eko hamarkadan Ustela aldizkaria sortu zuen Bernardo Atxagarekin batera. Aldizkari hura argitaletxe bilakatu zen berehala, urte batzutan orduko belaunaldi gaztearen literatura-erreferente izan zena. Idazlea bere gizarteko arazo kultural, sozial eta politikoetan inplikatzearen alde azaldu da beti.

1976an bere lehen narrazio-liburua kaleratu zuen (Zergatik bai, Kriselu). 1979an Gauzetan kontakizun-liburua kaleratu zuen Kriselu argitaletxearekin. Marijose Olaziregiren hitzetan "euskal literatura modernoak literatura fantastikoan eman duen lehen urratsetako bat da, Izagirrek erabiltzen duen prosa semantiko eta sinbolikoaren adibide".

Hurrengo paragrafoetan Marijose Olaziregi irakasleak Izagirreren narratibari buruz egindako ikerketa (Historia de la literatura vasca, UHUN, 2000) laburbiltzen da. Hala, Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984) eleberria Euskadin kokatzen dela esan daiteke, gerra zibilaren hasieran. Ez gu gertaera haien inguruko deskribapen errealista egiten, aitzitik, gertaera horien irudikapen estilistiko eta barrokoa ematen du Izagirrek. Oso adierazgarria da kaleko euskaratik hartutako esaera herrikoi eta esamolde andana erabiltzen dituela. Beranduago, gazte-literaturako Bilintx sariketan lehen saria jaso zuen Metxa esaten dioten agirretar baten bili herrenak (Elkar, 1991) lanari esker. Gaztelaniaz ere kaleratu zen lan hori Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha (Hiru, 1997) izenburupean. Hamalu istoriotan, Izagirrek agure burugogor eta bihurri baten erretratua atontzen du. Marijose Olaziregik idatzi duenez "liburu liruragarririk bada, hauxe da liluragarriena". Aurrerago, 1987an Mendekuak narrazio-liburua kaleratu zuen. Aurrekoan baino estilo lau eta zuzenagoa erabili zuen hemen, eta Euskadiko gerra zikina eta Espainiako segurtasun indarren jarduna salatu zituen. Egileak berak aitortu zuenez, kontakizun horiek, hein batean, Euzkadi merezi zuten liburuaren ordain modura idatzi zituen, izan ere, azken hori idatzita porrot egin zuela uste zuen, irakurleen artean irakurtzen nekeza zen liburutzat hartu baitzen. Modu horretan, Izagirrek boterea kritikatuko zuen literatura egiteko asmoa utzi zuen agerian "modu ederrean herri baten borondatea azalduz" (berak esana). Asmo politiko hori hurrengo poesia-liburutan ere argi eta garbi islatzen da.

Ez duk erraza, konpai (Susa, 1995) ordea, idazleak Kuban egindako egonaldiaren inguruko umorezko eta ironiazko kronika da. Nik ere Germinal egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) eleberrian euskal ekintzaile politiko bat ageri da, lehen pertsonan heriotza zigorra jaso ondoren espetxealdiari buruz mintzo dena. Narrazioaren unean, pertsonaia horrek Angiolilloren izaera hartzen du, Canovas del Castillo erail ondoren garrotez hiltzera kondenatu zuten anarkista italiarra. "Germinal" izan zen anarkistak hil aurretik oihukatu zuen azken hitza, eta hitz hori bera oihukatzea erabakitzen du eleberriko protagonistak hil aurretik.

Agirre zaharraren kartzelaldi berriak da Izagirreren azken eleberria (Elkarlanean, 1999), Joseba Jaka literatura-bekari esker idatzi zuena. Berriz ere Metxa agurea kokatzen du protagonistaren lekuan, bere borondatez espetxera nola sartzen den konta dezan. Metxak botere bereziak ditu; hori dela eta, zenbaitetan eleberriari tonu fantastikoa hautematen zaio. Halaber, azpimarragarria da Izagirrek hizkuntzaren arloan egiten duen aukeraketa, izan ere, agureak euskal ijitoen hizkera darabil, erromintxela delakoa, alegia.

Izagirrek saiakera ere landu du, betiere estilistikaren grinak bultzatuta. Euskal zinemagintzari buruzko historia heterodoxo eta pertsonala idatzi zuen (Gure zinemaren historia petrala, Susa, 1996). Horrez gain, Incursiones en territorio enemigo (Pamiela, 1997) liburukian Izagirrek gaztelaniaz idatzitako zenbait saiakera eta artikulu labur barneratu ziren. Saiakerari dagokionez aintzat hartu beharreko lana da Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998). Lan horretan, bakanka emandako argazki bidez, Donostian euskararen inguruan izandako gertaera eta protagonistak erakusten ditu. 1999an, Euskaldunon Egunkariak egindako enkarguari erantzunez, Estatu Batuek Panaman egindako inbasioari buruzko erreportaje-liburu bat argitaratu zuen gertaera haiek igaro eta hamar urtera (Merry Christmas, Panama!).

Askoz lehenago argitaratu zuen Euskal lokuzioak (1981), euskarazko esamoldeen bilduma. Horrenbestez, agerian geratzen da idazleak hizkera eta literatura herrikoiarekiko azaldu duen interesa aspaldikoa dela. Orobat, tradizio kultural modernoena berreskuratzeko ahalegina ere ezin zaio ukatu Izagirreri, Gabriel Aresti eta Telesforo Monzonen lan osoak barneratzen dituen edizio batean erakutsi duenez. Era berean, Euskal Telebistak XX. mendeko 90eko hamarkadaren amaieran eman zituen Txirrita eta Lazkao Txiki bertsolariei buruzko marrazki bizidun saioetarako gidoiak egiteaz arduratu zen Izagirre, eta 1999an Fernando Amezketarra bertsolariari buruzko liburu bat kaleratu zuen. Fernandoren heriotza amezketarra (Bertsolari) izeneko liburu horretan, protagonistaren benetako pasarteak eta bestelako elementu fantastiko batzuk uztartu zituen. Gainera, fikziozko filme bat ere zuzendu du, Euskal Herriko indarkeria politikoari buruzkoa (Off-eko maitasuna).

Bestalde, XX. mendeko poesia kaierak (Susa) izeneko XX. mendeko euskal poeten antologia-bilduma zuzendu zuen, 2000. urtean argitaratzen hasi zena. Liburuki bakoitzean poetari buruzko ikerketa bat eskaintzen zen, Izagirreren eskutik.

Baina, Pasaian bizi den idazlea poesiagintzan ere erreferente bilakatu da. Iñaki Aldekoa adituaren arabera, Itsaso ahantzia (Kriselu, 1976) poema-liburua "irudi surrealisten zurrunbiloan murgildutako lirika bat da". Izagirreren surrealismoa hurrengo poeta belaunaldiraino iritsi zen, XX. mendeko 80eko hamarkadaraino. Jon Kortazar kritikariak idatzi duenez "Bizitza aldatzea, mundua eraldatzea, badirudi hori dela Izagirreren poesiagintzan (eta ideologian) ageri den aldarria". Gerora Oinaze zaharrera (Ustela, 1977) eta Guardasola ahantzia (Ustela, 1977) argitaratu zituen. Bi poesia-liburu horietan elementu surrealistak agertzeaz gain, etorkizunaren oihartzunak ere antzematen dira, Kortazarraren iritziz. Egia esan, Izagirrek Salvat-Papasseit (1985) eta Maiakovskiren (1993) poema-liburuak itzuli ditu; biak ere egile futuristak. Liburu horietan Izagirrek Gabriel Arestik aldarrikatzen zuen poesia sozialaren hizkuntzarekin hautsi zuen. Hamar urte ezkutuan egon ostean bestelako poesia molde batekin itzuli zen, politikarekin konprometitutako poesia batekin: Balizko erroten erresuma (Susa, 1989). Liburu horretan, lehenik eta behin bere iragana kritikatzen du eta, ondoren, lehengo poetekin elkarrizketatzen da, esate baterako, Lauaxeta, Lizardi eta Arestirekin. Poesia lanik argitaratu gabe igaro zituen hamar urte horietan "poeta ikonoklasta izatetik poeta inkonformista izatera pasa zen" Jon Kortazarren esanetan. 1998an, Joseba Tapia trikitilariak Apoaren edertasuna diska kaleratu zuen. Bertan agertzen diren abestien hitzak Izagirrek idatzi zituen, apoaren sinbologia ardatz hartuta. Musikariak eskatuta idatzi zituen testuok.

FIO