Literatoak

Itzaina, Michel

Mixel Itzaina, Errola edo Baxenabartarra ezizenez ere ezaguna, Nafarroa Behereko idazle eta bertsozalea da. 1933ko otsailaren 19an sortu zen mundura, Aldude Mentan.

Gaztetan, batxilergoa Uztaritzen ikasi zuen. Ondoren, Baionara joan zen propedeutika ikasketak egitera. 1956an, 23 urte zituelarik, San Frantzes Xabierrekoaren eta Loyolako Ignazio lana idatzi zuen. Lan honengatik Baionako Seminario Nagusiak antolatzen zuen lehiaketako sari nagusia eskuratu zuen.

Karrera bukatu ondoren, soldaduska egitera deitu zuten. Orduko gazteak 18 urte betetakoan bidaltzen zituzten, baina, ikasketak argudiotzat, Mixel beranduago joan zen. Lehenengo urtean Frantzian egon zen, beranduago Alemaniara igarotzeko. Handik Afrikako iparraldera bidali zuten, Aljeriara, hain zuzen ere, han urte eta erdiz egongo zelarik. Bertan, bulegoko lanak egiten zituen kuartelean. Gertatzen ziren istripuen inguruko txostenak ere egiten zituen.

1958. urtearen hasierako hilabeteetan, Mixel euskal soldaduen egoeraren inguruko gogoeta egiten hasi zen. Atzerrian, familia eta lagunengandik urrun, etxetik milaka kilometrora, pairatzen zuten egoera ez zen batere xamurra, hango kuarteletako bizi baldintzak ez ziren behar luketena bezain egokiak. Bizi zuten errealitateari gozotasun apur bat emateko asmoz, buruari eragin ostean, egitasmo berri bat martxan jartzea otu zitzaion. Pentsatu zuen Aljerian zerbitzuan zeuden Euskal Herriko soldaduek atsegin handia hartuko zutela herrialdean barreiatuta zeuden kideek elkarren berri izateko aukera sortuz gero. Zenbait helbide eskuratu ostean, haien berri eman ziezaioten eskatzen zien; ondoren, Itzaina bera arduratuko zen berriak gainerakoen artean banatzeaz. Honetarako, aldizkari bat sortu zuen. Kuartel Jeneralean zebilen lagun bat zeukan eta, elkarlanean, proiektua aurrera eramatea lortu zuten.

Aljer hirian bazen aurrez kaleratzen zen Eskual Herria izeneko buletina, 1953. urtean plazaratzen hasi zutena. Honen babesean lortu zuten aldizkari berria kaleratzea, Frantziako estatuak ezartzen zuen zentsura zorrotzari izkin eginez eta, jatorrizkoa urtekari bazen, soldaduentzat idatzirikoa bi hilabeteko maiztasunez argitaratuko zuten.

Artisauen lana zen, eskuz egiten zituzten aldizkariak eta materiala bertan eskuratzen zuten. Armadako posta ere erabiltzen zuten banaketa egiteko. Halako batean, materialagatik dirutza ordaindu behar zutela jakinarazi zieten. Egoerari aurre egiteko, diru bilketarako deia luzatu zuten egitasmoak aurrera egitea lor zezan; erantzuna arrakastatsua izan zen. Elkartasun adierazle honek balio handia izan zuen herrialde hartan zeuden euskaldunen arteko haria oraindik sendoago bilakatzeko.

Soldadu zelarik ere, bertsolaritza odolean, edozein momentu begitantzen zitzaion egoki bertso bat edo beste idazteko. Bertsopaper hauek balio handikoak zaizkigu, ejertzitoan zeuden euskaldunek bizi zuten egunerokoaren berri izateko:

Soldadogotik bi pertsu
Kantatzerat niazu Auch-eko kasernan,
Hemengo ichtorioz baduket zer erran.

Lau murruren artean "c'est pas toujours marrant"
Oraino ez dut ikasi ontsa jartzen "en rang!"
Hemengo bizia da etchetik kanbio,
Ah! Churiko gaichoa! Ardiak! Adio!
Goizetik ats artean: "tu es un idiot!"
Ari "au sport!" "aux corvées", mila demonio!
Beharrik eskualdunak adichkide gaude,
Elgarren laguntzeko bada ainitz molde!
Izanen tuk lagunak, eta ez debalde,
Soto-zain hagoeno, oi gaizo Ellande!

Mixel Itzaina, Errola.

Herria, 1956.

Urte batzuk beranduago, Maulera joango zen, Zuberoako hiriburura, irakasle lanetan hasi baitzen bertako zentro batean. Irakasletza utzi ondoren, Kanboko (Nafarroa Behera) herriko etxean hasi zen udal idazkari bezala lanean eta, ordutik aurrera, hogeita hamar urtean zehar jardungo zuen.

Hirurogeiko hamarkada kulturalki oso mugitua izan zen Ipar Euskal Herrian. Euskarak egun baino osasun hobea zeukan, mugaz bestalde bizi zuten diktaduraren hotsetatik urrun; aitzitik, bertsolaritza ez zegoen egoerarik gozoenean. Honen aurrean, 1966an, hainbat euskaltzale bildu ziren Lapurdiko Ezpeleta herrian. Mixel Itzainak parte hartze aktiboa izan zuen biltzar entzutetsu hartan, Pertsulari solas izendatutako gaiaren inguruan.

Ondorengo hamarkadetan, ugari idatzi du euskal kulturaren eta bereziki bertsolaritzaren inguruan, hein handi batean Ipar Euskal Herrian egiten dena jorratuz. Hainbat hedabidetan aritu da kolaboratzaile gisa lanean, Gure Herria edota Herria bezalako aldizkarietarako artikuluak zein bertsoak idazten.

Bertsolaritza biziki maite izan du beti, bere bizitzako ardatzetako bat izateraino. Hamarnaka bertso saio antolatu ditu eta gai-emaile zein gai-jartzaile aritu da askotan. Epaile jardun du txapelketa entzutetsuetan, eta Xalbador bezalako erraldoien lana ere epaitzea egokitu zaio.

Laurogeigarren hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko bertsolaritzak aurrera egin zezan, berebiziko garrantzia izan zuen Mixel Itzainak egindako lana, Bertsularien Lagunak elkartearen sorreran parte hartze zuzena izan baitzuen. Elkartea sortu aurretik, Eraileak erakundea -ondoren Pizkundea izena hartuko zuena- zen garaiko sortzaileak biltzen zituen bakarra. Azken aspaldian bertsolaritzak ez zuen sasoirik onena bizi. Gazteen artean ez zuen inolako jakin-minik pizten, eta belaunaldi berriak erakartzeko formula berriren bat asmatu beharra zegoen, tradizioak zutik iraungo bazuen. Testuinguru honetan, euskal kulturako hainbat lagunek, Mixel Itzaina tartean zelarik, Baionako ostatu batean bilera egin zuten mintzagai baten inguruan: zertan zen bertsolaritza eta zer zen aurrerantzean egin beharrekoa.

Gauzak horrela, aurrez aipatutako Bertsularien Lagunak izena izango zuen elkartea sortzea erabaki zuten, 1980ko agorrilean argia ikusiko zuena. Itzainak, Kanboko herriko etxeko idazkari nagusia zenez, elkarte berriaren egoitza bertako bulego batean jartzea lortu zuen. Bere lehendabiziko helburuetako bat herritarren artean bertsolariak eta euren lana ezagutaraztea izan zen. Honetarako, hainbat bertso-saio eta omenaldi antolatzen hasi zen. Elkarteak, adin guztietako jendeari bertsolaritza erakusteko xedearekin, bertsotan nola egin azaltzeko, liburu batzuk argitaratu zituen. Material didaktikoa sortzearekin, baina, ez zen nahikoa gazteengan bertsoaren inguruko jakin-mina pizteko eta helduengan zaletasuna sakontzeko. Horregatik, irakaskuntzari ekin zioten zenbait elkarterekin elkarlanean. Umeek bertsotan ikas zezaten, 1990ean Seaskarekin lortu zuten hitzarmenari esker, ikastolaz ikastola irakasten hasi ziren.

Hitza jolas, Bertsularien Lagunak barruan egindako lanaz gaindi, ezaguna da, halaber, Itzainak euskal kantagintzarekin izan duen lotura. Honen adibide nagusia, Mixel Labeguerierekin izandako harremana. Itzaina izan zen Uztaritzeko (Lapurdi) kantari eta politikariak inoiz edukitako adiskiderik finenetakoa. Kanboko herriko etxean ere lagun izan zuen hamabost urtez, bertako auzapeza izan baitzen.

Itzainak kantariaren bizitzaren gainean zuen ezagutza hain zen sakona, 1999. urtean bere biografia idatzi baitzuen, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bildumaren baitan.

1980an, Mixel Itzaina Eskualtzaleen Biltzarreko buru izendatu zuten, Mixel Labeguerieren heriotzaren ondotik, honen lekua hartuz.

1981ean bere alaba Joana jaio zen Itsasun (Nafarroa Behera). Aitak txikitatik irakatsi zion bertsotan zein epaile lanetan, eta irakaspenek fruitua izan dute gerora; esan liteke bera dela Mixelen lekukotza naturala hartuko duena.

2010ean, Bertsularien Lagunak elkartearen 30. urteurrena betetzen zela eta, elkartearen sortzaile bezala, Mixel Itzainari eman zioten Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako irabazleari txapela janzteko ardura.

Gaur egun, euskaltzain urgazlea da, bizitza osoa kulturari eta bertsolaritzari lotua eman ondoren, eta Ipar Euskal Herrian euskara eta euskal kultura sustatzen eta hizkuntzak aurrera egin dezan lanean dihardu.