Kontzeptua

Ituren eta Zubietako Inauteriak

Iturri eta dokumentazio guztiak ikertzaile ezberdinek aztertuak izan dira XX. mendean zehar: L. de Uranzu, J. Caro Baroja, J. Garmendia, M. Lizarza edo T. Truffaut. Hala ere, 2009an Nafarroako Interes Kulturaleko Ondare Ez-material modura kalifikatu ziren eta M. Ozkoidi eta K. Irujok Carnavales de Lantz - Ituren - Zubietako Inauteriak lana argitaratu zuten urte berean. Gaur egun, lan hori baliagarri zaigu aurretiko artikulu eta liburu guztietan emandako informazio gehiena behatzeko.

Ibilbide historikoa XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara arte luzatzen da gehienera. Urte horietan festari eta Joaldunei buruzko albiste bat aipatzen da egunkarietan. Bertan ez da aipatzen debekuaren aurretik aurpegia estaltzeko erabiltzen zuten katamaloa. Dauzkagun argazkiei esker, bi hamarkada egin dezakegu atzera, 1940. urtera gutxi gorabehera. Bertan antzeko jantziz jantzitako pertsonaiak ikus daitezke Iturengo herria zeharkatzen. Partaide kopurua murritzagoa zen XXI. mendearen hasieran baino.

Hainbat aldaketa nabarmen daitezke, agian agerikoena (ez bada nagusiena) Zubieta-Aurtitz (eta alderantziz) bidean hauteman daiteke, izan ere, hasiera batean oinez egiten zen eta 1980az geroztik furgonetaz egiten da: isiltasuna nagusitzen den une bakarra da hori.

Nolanahi ere, zintzarriaren soinua urtarrilaren 5ean entzuten da lehen aldiz, Errege Mago egunaren bezperaz. Egun horretako arratsaldean gaztetxoak eskean aritzen dira auzotan barna. Antzina, beste herri batzuetan ere egiten zen hori.

Abenduaren amaieran eta Inauterietan bizkarrean edo gorputzaren inguruan zintzarri eta kanpaiak eta praka eta alkandoretan kanpaitxo eta kaskabiloak eramateko ohitura aski hedatua da Europako herrialde askotan. Zarata burrunbatsua da eta ikertzaile batzuen arabera, espiritu txarrak aldentzeko asmoz egiten da. Nafarroako herrietan, gainera, kutsu berezia hartzen du soinuak, izan ere, erritmo eta kadentzia baten arabera entzun daiteke bertan.