Kontzeptua

Ituren eta Zubietako Inauteriak

Denborak ez du atsedenik ematen. Behatzaile onak ikus dezake urtero zerbait aldatzen dela, ia oharkabean bada ere. Horixe gertatzen da hainbat ekitaldi eta jaialdirekin eta Inauteriak ez dira salbuespen.

2000. urtera arte gutxi gorabehera, urtarrileko azken igandez Iturengo Joaldunak goizean zehar kalera ateratzen ziren herria zeharkatzeko. Larruzko jantzia, kanpaiak, gomazko abarkak eta galtzerdi zuriak izaten ziren haien arropak eta eskuan isipua eramaten zuten. Jantziaren gainerako osagaiak ez ziren uniformearen zati, bakoitzaren lanarekin lotutako osagarriak baizik. Hamar edo hamabi joaldunek eta saski handiz hornitutako bi bikote gaztek osatzen zuten segizioa.

Herriguneko bazter guztietan ibili ohi ziren arrautzak eta lukainkak bilduz. Egun berean Zubietan antzeko eskea egiten zen. Dena den, herri horretan biztanle gutxiago zeudenez, bertako gazteak (bi edo gehiago), ibilian ibili beharrean, sakabanatu eta korrika ibiltzen ziren kalez kale kanpaien soinua barreiatuz. Bakoitzak saski bat izaten zuen arrautzak jasotzeko eta burduntzi bat lukainka eta xingarra biltzeko.

Hala ere, 2002an Iturengo konpartsako kideek janzkera aldatu zuten eta, ordutik, gainerako egunetan bezalaxe janzten dira. Dagoeneko ez da ohikoa saskia ikustea eta, horrez gain, orain hartza ere ateratzen da segizioan.

Hurrengo egunez, urtarrileko azken astelehenean, Zubietan zenbait joaredun ikus ditzakegu zenbait osagarriz jantzita (zintzarri, larru eta abarkak) eta eskean, goizeko lehen ordutan.

Ondoren edo segizioa egiten den bitartean herriko txoko ezberdinetan mozorrotuak agertzen dira eta haur, gazte eta helduak udaletxera abiatzen dira prestatu eta janztera. Elkar lagunduz aritzen dira eta pertsona batzuk trebetasun berezia behar dute, izan ere, zintzarriak behar bezala kokatzea garrantzitsua da fisikoki eta baita soinuari dagokionez ere.

Girotze aldera eta herria miatzeko herrigunean zehar ibiltzen dira kanpaiak erritmo berean astinduz, uneoro mozorrotuak alboan direla.

Ordu jakin batean eskualdeko errepidera hurbiltzen dira. Han kamioneta edo furgoneta izaten da zain. Ibilgailuan sartu eta Aurtitzera abiatzen dira, Iturengo auzora. Kanpoaldean segizioa dute zain, beste joaldun talde batez osatua. Elkartzean bisitaldia egiten dute erritmo berean eta hartza lagun dutela. Animaliak, bere jabeak gidatzen badu ere, zenbait bihurrikeria egiten ditu.

Aurtitzetik bi lerrotan irteten dira (halaxe ibiltzen dira uneoro) eta oinez sartzen dira Iturenera. Han joaldunen azken taldea dute zain. Guztiak elkartu eta bi lerro luze osatzen dituzte, antzinako ejertzitoa bailitzan. Guztiak erritmo berean ibiliz ezkila-mihien soinua sortzen dute. Ikusle leial ez denak ez ditu sumatuko segizio bakoitzean sortzen diren soinu eta erritmoekin lotutako zenbait alderdi.

Guztiek herri guztia zeharkatzen dute mutur batetik bestera. Dagoeneko eguerdia da. Ordurako prest daude karroza guztiak ekitaldi nagusirako, Inauterietarako, eta kaleak alaitu eta barre-algarak sorrarazten dituzte. Horrez gain, mozorrotuek oinezkoak ikaratzen dituzte noizean behin.

Asteartean atzekoz aurrera egiten da ibilbide osoa. Hau da, segizio nagusia Iturendik ateratzen da eta Aurtitzera abiatzen da. Azkenik, Zubietan amaitzen du ibilbidea.