Kontzeptua

Iparraldeko departamenduaren aldarrikapena

1.- CHAUSSIER (1998) ospetsuak adierazi bezala, lehen ikuspegi batetik lurraldea subjektu kultural gisa hautematen da, afiliazio etniko gisa. Tokikoari izaera instituzionala emateko proposamenek Euskal Herriko Departamendua (Departamento Pays Basque) eskatzen dute. Hori argudiatzeko berezko izaera bat aipatzen dute, bi oinarri dituena, alde batetik (a) euskal probintzia zaharren usadioak eta ohiturak eta, beste alde batetik (b) berezko hizkuntza batekin gauzatzen den batasun sinbolikoa: euskara. Lurraldetasunaren interpretazio horren adierazpen politikoa 1790ean Gorte Konstituziogileetan Euskal Herriko ordezkariek erakutsitako departamenduaren aldeko joeran, 1945ean Marc Legassek Asanblea Nazionalean aurkeztu zuen proposamenean eta, batez ere, 1963an antolatu zen mugimendu nazionalista euskaldunaren sorreran ikus daiteke. Arrazoi etniko eta nortasunezkoak gordetzen ziren planteamenduaren funtsean eta, autorearen arabera, planteamendu hori denboratasun batean islatzen da, iraganetik etorkizunera doana, instituzioak berrezarriz historia autonomoa sortzeko ahaleginean, azken batean, berezko Departamendua sortzeko xedez.

Hori izango litzateke abiapuntua eta hortik aurrera herriak eta kultura naturalak aintzat izango zituen botere-harreman bat eraikitzeko helburua eskuratu nahi da, eta ez egungo estatuen testuingurua aintzat izango duena. Azkenik, berezko nortasun bati atxikitako lurraldearen interpretazio horrek euskal nazionalismora garamatza, Pirinioetako iparraldera eta hegoaldera kokatzen diren zazpi euskal lurraldeez osatutako nazio independente bat xede duena.

2.- Lurraldearen bigarren ikuspegi batek tokiko eremu euskalduna garapen ekonomikorako eragile gisa hautematera garamatza. Interpretazio horri jarraiki, eragile batzuek Iparraldearen berrantolaketa ekonomikoarekin eta kohesioarekin lotzen dute departamenduaren sorrera. Aurreko interpretazioan ez bezala, eremu euskalduna ez da osagai etnikoen arabera bereizten, Baionako kaiaren eraginak duen irismenaren arabera baizik. Hala, modernizazioaren aldeko burgesia berriaren dinamikari esker, Merkataritza eta Industria Ganberak 1836an proposatzen duen departamenduaren sorrerak, kasu honetan, ekonomikoki kohesionatutako lurralde baten industria- eta teknologia-garapen batera so dagoen etorkizuna du oinarri. Hala, proposamen hura zuen oinarri XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan egindako aldarrikapenak. Orduko hartan, ordea, aldarrikapen hori gizarte zibilak eta hautetsi batzuek dinamizatu zuten, lehenengoek Departamendu Berri baten aldeko Elkartearen (AND elkartea) bidez eta bigarrenek Euskal Herriko Departamenduaren aldeko hautetsien elkartearen (AED elkartea) bidez.

3.- Gizartea departamenduaren aldeko aldarrikapen baten inguruan mugitu ezinik, eskari hori gizartearen esparrutik politikara pasa zen. Modu horretan, Hautetsien Elkartea lurraldearen hirugarren interpretazio baten alde agertzen da, zenbaitetan hura elikatuz: hedapenean dagoen alderdi baten eragile politikoa. Alderdi Sozialistak laurogeigarren hamarkadan boterea eskuratu zuenean zentroaren eta periferiaren arteko botere-harreman berri bat ezarri nahi zuen eta departamenduaren aldeko apustua erabili zuen tokiko eremuan asmo hori gauzatzeko ikur gisa. Departamenduaren aldarrikapena baliabide mugimendu-eragile garrantzitsu bilakatu zen euskal gizartean; modu horretan, sozialistek aldarrikapen hori, alde batetik nazionalismoaren sektore moderatuetara eta, beste alde batetik, departamenduaren aldeko apustua ikuspegi ekonomiko batetik egiten zuen gizarte zibil bateko ordezkariengana hurbiltzeko ahalegina egin zuten. Dena den, pixkanaka interpretazio horrek izaera politikoa hartu zuen, alderdi sozialistak indartsu sustraitu zuen deszentralizazio-estrategia batean gauzatu zena.

4.- Hala ere, CHAUSSIER (1998) laugarren interpretazio batekin datorkigu eta ezinbestekoa da hari erreparatzea: Frantzian lekutzen den euskal eremua "tokiko kudeaketa behar duen lurralde" gisa hautematen duena. Ikuspegi horren arabera, Iparraldea politika publikoa behar duen eremua da, eragile ezberdinen itunean eta baterako lanean oinarritzen dena; hots, lurraldearen gobernaketan. Modu horretan aurreko paradigma irauli egiten da eta dagoeneko lurraldea ez da garapen kultural edo politiko-sozialaren faktore gisa hautematen; orain, lurraldea eragile ezberdinen arteko plangintza eta lankidetzaren bidez tokiko garapena sorrarazteko abiapuntu gisa hautematen da, horrenbestez, logika teknokratikoa, prospektiboa eta garapenezkoa baitaratzen dituena. Epe laburreko denborazkotasuna ezartzen da: 2010. urtea, lurraldearen izatea bermatuko duten neurriak abiarazteko epemuga gisa ezarrita.

Lurraldeari buruzko laugarren interpretazio horren logika laurogeita hamarreko hamarkadan gauzatu zen eta tokiko eremua birsortu asmo duen lurraldearen garapeneko ereduan oinarritu zen, zeinaren arabera lurraldea arrazionaltasun ekonomikora, premia politikoetara eta modernizazioaren eskakizunetara egokitu behar baita. Azken buruan, lurraldeari buruzko laugarren interpretazio horrek eremuaren birsorkuntza-prozesu bat eskatzen du, politika publikoak euskal eremura moldatzearen bidez gauzatzen dena. Dena den, lurraldearen aitorpenik ez zegoenez, euskal eliteen interesak eta departamenduko edo eskualdeko eliteen interesak aurrez aurre jarri ziren, eta azkenekoen interesak gailendu ziren, tokiko estrategiek ez zutelako inolako izaera arauemailerik. Paradoxa hori aintzat hartuz Iparralden lurraldetasunaren guraria aitorpenaren gurari bilakatzen dela uler daiteke.