Monarkia eta noblezia

Iñigo Iñiguez Arista

Erresuma berriaren egonkortasuna neurri handi batean Frankoen Inperioak eta banukasi aliatuek babestutako muga musulmanen ziurtasunak bizi zituzten egoeren araberakoa zen. Eneko "Arista"k Iruñatik euskal taldearen zuzendaritza bere hartzen du. 824ko urte zail horretatik aurrera, Iruña izango da euskaldunen hiriburua eta erresistentziaren gune ere. Enekok hurrengoak bezalako arazo asko eta larriak beregain hartu behar izan zituen:

  1. Iruñaren inguruan lurralde desberdinetako euskaldunen batasuna.
  2. Pirinioez bestaldeko baskoien harremanak, hau da, hurbileko eta urruneko Baskoniako kondeen artekoak.
  3. Mendebaldeko mugaren berrezarpena, Arabakoa, Belaskotarrek eta Belatarrek gobernatua.
  4. Banu Kasi familiarekin elkartasuna mantendu eta jada zeuden sendi-lokarriekin sendotu.

Eneko "Arista", horrela, Akitaniako Pipino I-ari aurre eman zion, frankoen boteretik eta musulmanen agintaritzatik ere burujabetzen hasiz. Erresuma berriaren historiak euskal integrazioarekiko prozesua zabaltzen du eta bere euskarria Iruñako hiriburua eta bera inguratzen duten eskualde eta bailarak izan ziren. Horrela burujabetutako lurra, iparraldetik Pirinioetako bailarek babestuta dago eta hegoaldean, ezkontza bidezko lokarriak ezarriz, banukasiekin. Aldiz, mendebaldeari dagokionez, egoera ez da hain garbia: Asturiasko gune integratzailea mugagabe hedatze asmotan dabil, bai godoen inperioa zenetik, egun musulmana, bai euskal lurraldetik zehar ere.