Erakundeak

Iñaki Goenaga - Zentro Teknologikoen Fundazioa (2011ko bertsioa)

Iñaki Goenaga 1967ko urrian iritsi zen Eibarko Armeria Eskolara, orduan "Altzairuak aztertzeko laborategia" deiturikoa bideragarri egiteko. Ikasleen praktiketarako zeuden baliabide urriak erabiliz, bezeroak hori eskatzen hasiak zirela eta, inguruko enpresak kalitate kontrolaz hornitzeko zeregina hartu zuen.

Baliabide urriekin hainbat urte lanean eman ondoren, 1971n "laborategiak" bultzada handia izan zuen; izan ere, Altzairu Finen Egileen Elkartearen laguntzari esker, baliabide teknikoak hobetu ahal izan zituen eta, Iñakiren zuzendaritzapean, hazi egin zen jarduera nahiz bezero kopurua, epe luzerako proiektu gisa finkatuz.

Armeria Eskolako denboraldi hartan, eginkizun historiko garrantzitsua izan zuen Iñaki Goenagak, bere parte-hartzearekin egin baitziren bertan hainbat bilera 1977an eta 1978an, bilera haietan, Euskadiko behar teknologikoen katalogoa egiteko helburuarekin, gero zentro teknologiko babestuen arduradun eta Eusko Jaurlaritzako arduradun izango zirenak elkartu zirelarik.

1981ean, Batzar Eratzailearen bidez, TEKNIKER Ikerketa Elkartea sortu zen, eta hala Iñaki Goenagaren proiektuak autonomia eta berezko nortasuna eskuratu zituen. 1982an, Eusko Jaurlaritzaren babes dekretuak barnean hartu zuen TEKNIKER, honela, bere I+G jarduerak hasteko aukera izanik.

80ko hamarkadaren erdialdera, Iñaki Goenagak, enpresa zentzu handiarekin eta garai hartan oso ohikoa ez zen espiritu berritzailearekin, teknologiaren munduan gertatzear zeuden aldaketak somatu zituen, TEKNIKER fabrikazio teknologietara berbideratzea erabakiz.

TEKNIKER proiektua hazi egin zen eta, Armeria Eskolak leku urria zuenez, zentroak, zuzendari nagusiaren eskutik, 1990. urtean egoitza berria ireki zuen.

Iñaki Goenaga izan zen zentro teknologiko baten lehen zuzendaria, elkarteen egoera juridikoaz oharturik, sozietatea fundazio bihurtzea erabaki zuelarik. Aldaketa 1996ko urtarrilaren 1ean gauzatu zen. 1990eko hamarkadan, Iñaki Goenaga zentro teknologikoetatik enpresak sustatzen aitzindari izan zen, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko beste enpresaburu batzuekin lanean aritu zelarik.

Iñaki Goenagaren kezka teknologiaren testuingurura ere hedatu zen. Honela, TEKNIKER Micro Machining deituko zena eratzeko bidea hartu zuen, egun Mikro eta Nanoteknologien Saila osatzen duena.

Iñaki Goenagak TEKNIKER-en buru izaten jarraitu zuen 2002ko apirilaren 22an hil zen arte. 35 urteko bizitza profesionala izan zuen, TEKNIKER-i, teknologiari, enpresari eta Euskadiren aurrerapenari eskainitako bizitza.