Iñaki Goenaga - Zentro Teknologikoen Fundazioa (IG-ZTF) bezala ezagutzen den erakundea, 1995ean sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da. Berrikuntzaren kultura sustatzeko eta zabaltzeko eratu zen, gerora lan munduan sar daitezen tituludun berriak espezializatu eta gazte ikertzaileak trebatuz.
Fundazioaren helburu nagusia, Euskadin ikertzaile gazteak trebatzeko, zientzia eta teknologia arloko beka programak sortzea eta kudeatzea da.
Gainera Fundazioak ondoko ekintzetan ere parte hartzen du:
- Ikerkuntza sariak.
- Ikastaroak eta mintegiak.
- Berrikuntzaren eta teknologiaren kultura hobetzen laguntzen duten ekintzak.
- I+G+b alorrean ari diren ikertzaileen eta profesionalen mugikortasuna hobetzeko jarduerak.
Patronatua da Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioko gobernu organoa, aldiro-aldiro bildu eta erakundearen oinarriekin bat etorrita jardueren programa zehazten duena.
Fundazioa osatzen duten Zentroek, bertan partaidetza eduki ahal izateko, ondorengo baldintzak bete behar dituzte:
- Iñaki Goenaga Fundazioaren programen bitartez bekak eskainiko dituzten erakundeek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide gisa erregistratuta egon beharko dute.
- Bekak ikerketa proiektu baten esparruan kokatu beharko dira. Enpresek eskatutako zereginak nahiz berehala merkaturatzeko asmoa dituzten ekintzak ezingo dituzte ikerketa proiektu horien barnean hartu.
- Beka bakoitzak prestakuntza plan bat izango du, bekadunek egin beharreko zereginak nahiz beste ikastegi batzuetan gauzatu beharreko ikastaroak eta egonaldiak bertan zehaztu beharko direlarik.
- Bekadun bakoitzak tutore bat izango du ikastegian, eta beka behar bezala garatzea eta heziketa plana ongi betetzea tutore horren ardura izango da.
- Beken prestakuntza xedea honakoa izango da: bekaren bereizgarri bezala, bekadunaren ikasketak, prestakuntza eta espezializazioa erraztea, eta ez haren ikasketaren emaitzak edo lanaren fruituak Ikastegiaren edo Fundazioaren ondarera gehitzea.
- Deialdian parte hartzen duten ikastegiek deialdiko oinarriak beteko eta betearaziko dituzte, bekak argitaratu, eta ezarritako hautespen prozesua jarraituz.
- Ikastegiak Fundazioaren gastu orokorrak ordaintzen lagunduko du, baita deialdi bakoitzeko gastu eta bekadunen hileroko zenbatekoak ere.
