Kontzeptua

Ilarduia, Egino eta Andoineko Herri-Inauteriak

Inauteri-igandean, eguerdiz, gazteak "porrero" modura janzten ziren; hala izendatzen ziren mozorrotzen ziren guztiak. Ardura handiz saiatzen ziren gainerakoek ez ezagutzeko moduan janzten, eta hori lortzeko arropa eta zapatak ere trukatzen zituzten. Ahalik eta itxuragabeen janzten saiatzen ziren. Porreroak etxez etxe eskean ibiltzen ziren herri-musikako instrumentuak hartuta: soinua, filarmonika, danborra edo gitarra. Gurdi batekin ibiltzen ziren kalean zehar bi ardo-zahagi hartuta bisitatzen zituzten etxeetako biztanleei gonbidatzeko.

Porreroen jantzia ez zen uniformea izaten; aitzitik, xehetasun asko izaten zuten eta, elementu ezberdinak, gehienetan, landa lanerako erabiltzen zituztenen antzekoak ziren. Batzuk idien larruak eramaten zituzten. Beste batzuk arropa zaharrak eta zakuak soinean jarrita mozorrotzen ziren, zekalearen lastoz, arto-hostoz edo belar lehorrez beteta; modu horretan, bolumen handiaren irudia hartzen zuten eta anatomikoki itxuragabetzea lortzen zuten. Zenbaitek tolestutako zaku bat eraman ohi zuen buru gainean, txano modura, edo soka bidez gerrira lotuta. Gona zaharrak eta kolore askotako arropak (ijitoenak) janzten zituenik ere bazen. Errautsa botaz ibili ohi ziren, baina ohitura hori debekatu egin zuten, behinola, gazte baten ikusmena kaltetu baitzuten.

Osagarri modura zintzarriak, kaskabiloak eta matrakak eraman ohi zituzten horiek. Haiek baino luzeago ziren makilak eramaten zituzten eskutan. Batzuk putxika eramaten zuten, haurrak astintzeko erabiltzen zutena. Beste batzuk egurrezko sardeak eramaten zituzten, hiru eta bost puntakoak. Txilarrez egindako erratzak goratzen zuenik ere bazen haurren atzetik haiek harrapatu asmoz; zenbaitetan lohietan sartzen zuten erratza eta etxeko ateak zikintzen zituzten. Batzuk zaldiaren zurda makila motz batera lotu eta harekin astintzen zituzten neskatoak.

Aurpegia margotzen zuten kolore beltz (kedarra, ikatza edo kortxoa erabiliz) edo gorriz. Katamaloak ere egiten zituzten, bi kolore horiekin margotzen zituztenak. Batzuk kartoizko katamaloak erosten zituzten. Katamalo horiek beldur asko ematen zuten oso itsusiak baitziren. Beste batzuk animalia-hezur batekin estaltzen zuten aurpegia, edo artoaren ilez egindako bibote bat itsasten zuten.

Buruan normalean lastozko kapera bat edo txapela eramaten zuten. Sarritan, txapelaren azpitik mantelina jartzen zuten, aurretik, aurpegia estaltzeko. Zenbaitetan txanoak janzten zituzten, kukurutxo modura, haietatik kolorezko xingolak zintzilikatzen zirela, edo bestela artoaren hostoz egindako ile modukoak ertzetan zintzilik; atzean, zinta batekin lotuta edo elkarlotutako lumen bidez erantsita, zaldi-buztana eramaten zuten.

Mozorrotuen artean bazen ezkongai modura janzten zenik ere. Bikoteak ohiko moduaren alderantzizko erara janzten ziren: senargaia emaztegai modura eta alderantziz. Ezkondutako azken bizilagunen trajeak jantzi ohi zituzten. Elementu deigarri eta probokatzaile modura, "senargaiak" piper gorri handi bat erakusten zuen gerrira lotuta, aurretik zintzilik; "emaztegaiak" aldiz, bular handi batzuk itxuratzen zituen. Gurdian eserita joaten ziren eta idiak behar bezala apaintzen ziren, luxuzko tapakiz eta borla gorriak adatsetan.

"Atsoa", "kinkila-saltzailea" eta "latorrigilea" ziren inauterietako beste pertsonaia batzuk.

Festaren une jakin batean pertsonaia nabarmen bat agertzen zen, demonio itxura zuena, haurren artean izua sortuz. Gorputza gona beltz batekin estaltzen zuen, oinetaraino iristen zena. Deigarriena bere katamaloa zen. Handia zen, gorri eta beltzez margotua, begi oso handiekin eta deabruzko adar txiki batzuekin. Katamalo hori aski landua zen; odola zirudien -edo hala zen- kolore gorria izateaz aparte, animalien gantz eta hesteak zeuden hartan zintzilik, hala, itxura ikaragarria hartzen zuen. Buruan zapi bat izaten zuen, atzealdean lotuta. Txikienak odol gatzatuz zikindutako putxikaz armatutako pertsonaia izugarri horretatik ihesi ibiltzen ziren. Oso denbora laburrean agertu ohi zen pertsonaia hori.

Inauterietako festa horietan ohikoa izaten zen piper-jana egitea. Piper lehor pikanteak erre egiten zituzten eta kea etxeko bazterren batetik barna sartzen zen: iturriko isurbidea, ateko katazuloa, etab. Modu eraginkorrean eginez gero guztiak lokaletik atera behar izaten zuten, hazkura jasanezinak eraginda.

Haur ausartenak mozorrotuei aurre egiten zieten hau abestuz: "Porrero, atera babak eltzetik, atera bat, atera bi, atera hiru, atera lau, atera bost...eta eman jauzi handi bat" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). Berehala, porreroak putxikak hartuta haurren atzetik abiatzen ziren beldur handia sortuz, izan ere, horietakoren bat harrapatuz gero, aurpegia busti edo lohiz zikintzen zioten.

Astearte-inauterian, goizez, bi gazte uztarri bidez batu eta idien itxuran ibiltzen ziren. Tankera horretan beste gazte batzuk aldemenean zirela, elorri-triskak jaisten zituzten iluntzean sua egiteko. Halaber, egun hori izaten zen lasto gizona egiten zutenekoa.