Ibaeta abesbatzak bere ibilbideari 2008ko urrian hasiera eman zion, Donato Unanue buru zuelarik, Ibaeta auzoko eguberri giroa suspertzeko asmoz, euskal kantuen bidez.
Hasieran, 35 kantari ziren, auzotarrak ia denak, eguberrietako kantuen prestaketari ekin ziotenean. Gabon eta Urte-Zahar egunetan irten ziren kantari auzoan zehar. Jendearen harrera beroaz animaturik, Santa Ageda eta Ibaetako festetan jarraitu zuten kantatzen.
Hortik aurrera, korua kantari gehiagoz osatzen joan zen, prestaketa lanean sakontzen eta euskal kanta zahar eta berriez errepertorioa osatzen.
Taldeak kontzertuak emateari ekin zion Donostian: zenbait elizetan (San Bizente, Santa Maria, Antiguoko San Sebastián Martiria, Ibaetako Izpiritu Santua, San Inazio, Artzain Onaren katedrala ...), Donostiako udaletxean eta herri festa klasikoetan.
Gero, irteerak egiten hasi zen:Arantzazuko Basilika, Azpeitia, Usurbil, Zumaia, Errenteria, Astigarraga, Etxarri-Aranatz, Hernani....Baita Euskal Herritik kanpo ere: Madrilera 2011ko urrian (San Inazio eliza eta Euskal Etxea) eta Parisera 2013ko urrian (Eglise Saint-Louis-en-I'lle eta Eskual Etxea).
Halaber, Ibaeta Abesbatzak bere lehenengo diska atera du, "Kantuz euskaraz", 17 kanturekin: hamaika kanta klasikoak eta sei berriak.
Sorrerako helburuari eutsiz, hau da, Ibaetako auzoa animatzea, bertako herri festetan parte hartzen jarraitzen du bai Gabonetan eta bai Santa Agedatan ere.
Donato Unanue Elustondo (Azpeitia, 1943) da zuzendaria. Berak sortu zuen korua euskal musika koralari eragiteko.
Zuzentzeaz gainera, kantuak harmonizatzen ditu abesbatzaren beharretara egokituz.
Harmonia eta konposizioa Donostiako Seminarioan ikasi zituen Juan José Iruretagoiena irakasle zuelarik. Seminarioko koru bereziko zuzendari izan zen 1965 eta 1966 urteetan, eta Gernika abesbatzarena Parisen 1967 eta 1969 artean.
