Kontzeptua

Hotelak. Arkitektura

Euskal Herrian hotelaren tipologia ez da XIX. mendearen amaiera arte garatuko, gure artean turismoak orduan ezagutuko baitu lehen garapena. Hain zuzen, Euskal Herrian hasiera batean itsasoarekin lotuta dagoen turismoa garatuko da, gizartearen goi-mailako lagunekin lotura estua izanik. Horren ondorioz sortuko diren lehen hotelak gizarte talde horren beharrak eta nahiak asetzen saiatuko dira. Asmo horren adibide garbiak ditugu Donostian eraikiko diren Maria Cristina Hotela -Charles Meawes arkitekto britainiarraren lana-, Londres Hotela -Luis Elizalde arkitekto gipuzkoarraren lana- eta Hispano Amerikano Hotela -Manuel Dominguez Barrios arkitektoarena-, hirurak eklektizismoren alde eginez eraikiak, bereziki berpizkunde garaiko arkitektura historikoa berreskuratzeko asmoz.

Hala ere, sarreran aipatu dugun bezala, goi-mailako pertsonaiekin batera klase ertainak ere turismoaren modarekin bat egiten duenean, eraikin xumeagoak behar izan zituzten. Horrela, Euskal Herriko kostaldeko hainbat herritan -Getxo, Gorliz, Ondarroa, Deba, Zumaia, Zarautz edota Hondarribian- beste estiloa garatuko da, eklektizismo historizistari bizkarra emanez eta erregionalismoaren aldeko apustua egingo da -bereziki neoeuskalduna esan diogun estiloarekin bat eginez-. Zenbait xehetasunetan ere modernismoaren ezaugarriak sumatzen dira. Hotel horiek, gehienak txikiak, egun desagertuta daude edo etxebizitzak bihurtu dira, zaharberritze prozesuen ondorioz, Ondarroan Pedro Guimon-ek eraiki zuen hotelarekin -Badia Hotela aurrena, gero Vega Hotela izenekoa- gertatu den bezala.

Bestelakoan, XX. mendearen lehen hamarkadetan Euskal Herrian eraikiko diren hotel gehienek, bereziki hiri nagusietan, eklektizismoaren aldeko apustua egiten jarraituko dute, funtzionaltasunari gero eta garrantzi gehiago eskainiz Bilboko Carlton Hotelean -Manuel Maria Smith arkitekto bizkaitarraren lana- argi geratzen den bezala. Bertan, alde batetik oraindik historizismoaren ezaugarriak antzematen badira ere, bestetik modernotasuna eta arrazionalismoaren eragina agerikoa da.

Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera hotelen tipologian aldaketa garrantzitsuak gertatuko dira. Eklektizismoa baztertuz, modernotasunaren aldeko apustua egingo dute, eraikin arrazionalistak eta funtzionalak egoera berri horren emaitza izanik. Garai berri horren adibide gisa aipa ditzagun Bilboko bi eredu, Barcelo Nervion Hotela -Josep Bohigas, Frances Pla eta Iñaki Baquero-ren lana- eta Husa Jardines de Albia Hotela, J. Rodriguez Ortiz de Zarateren lana izanik. Tipologia horretan XX. mendearen bukaeran postmodernitateak eragina izango du, Donostian Amara Plaza Hotelean argi ikusi daitekeen bezala -Luis Peña Ganchegui eta Mario Sangalli-ren lana-. Hurrengo hamarkadetan, sarreran aipatu dugun bezala, Euskal Herrian barrena arkitektura garaikideko hainbat eredu ikusgarri aurkitzeko aukera dugu, Araban bertan bi adibide nabarmenduz, Elciegon Marques de Riscal Hotela -Frank Ghery arkitekto kanadarraren lana- eta Villabuenan Viura Hotela -Designhouse arkitekto taldeak diseinatutako eraikina-.