Kontzeptua

Hotelak. Arkitektura

Tipologia arkitektoniko gisa, hotela, egungo beste tipologia asko bezala, horrekin lotura zuzena izango duen garai historiko berri batekin sortuko da. Garai berriek, egoera ekonomikoa eta politikoa aldatzen duten heinean, gizartearen ohiturak eta usadioak ere aldatzen dituzte. Kasu honetan, gizartean langileen artean oporraldiaz gozatzeko eskubidea zabaltzen denean eta horren ondorioz, bidaiatzeko ohitura ere orokortzen denean, aisialdia izanik arrazoia nagusia -aurrera antzean arrazoi ekonomikoengatik ere gero eta bidai gehiago burutuko badira ere-, hotelen beharra gero eta agerikoagoa izango da. Hasieran behar horri aurre egiteko edozein bizilagunen etxeak oinarrizko funtzioa beteko du -lo egiteko lekua izatea alegia-. Baina bidaiariak aberatsagoak diren neurrian, lo egiteko aukera eskaintzeaz gain, hotela bera aisialdirako lekua bihurtuko da, hainbat aukera ezberdinak eskainiz, esaterako: taberna, jatetxea, igerilekua, ospakizun eta bileretako aretoak. Beharrak areagotu eta aberasten diren heinean, hasierako eraikin horiek ez dira egokiak suertatuko eta eraikuntza mota berria sortuko da, behar guzti horiei aurre egin ahal izateko.

Horren ondorioz, lehen hotelak XIX. mendearen hasieran kokatzen ditugu, garai horretan garatuko diren beste tipologia berriekin gertatuko den bezala. Lehen hamarkadetan hotel horiek garaiko nobleziaren jauregiak hartuko dituzte egoitza bezala. Arruntagoak gertatzen diren hotelak bizilagunen betiko etxebizitzetan eratuko dira. Lehenengo kasuan, eta batez ere hasieran behintzat gizartearen goi-mailako kideak izango direnez hotelak erabiliko dituztenak, eraikuntza mota horiek XIX. mendeko jauregien estiloari helduko diote, eklektizismo historizistaren aldeko apustua eginez. Goi-mailako hoteletan bereziki argi ikus daiteke berpizkunde hori, bereziki, barrokoarekin lotutako estiloak jorratu baitziren. Hala ere, tipologia horri dagokionean, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran bereziki estilo berria modan jarriko da, hau da, erregionalista esaten dioten estiloa alegia. Halako hotelen asmo nagusia inguruko ohiko arkitekturarekin bat egitea zen. Gure kasuan, adibidez, neoeuskalduna izenez ezaguna dugun estiloa sortu zen, hau da, Euskal Herriko baserrien estiloa jarraitzen zuen arkitektura garatu zen. Beste lurralde batzuetan, garai horretan modernismoak arrakasta handia izango du. Estilo horretan eredu asko gauzatu baziren ere, garai berriei aurre egin nahian eta eklektizismo historizista baztertu nahian, burgesiak azken estilo hori nobleziarekin lotuko du eta erregionalismoa edota modernismoa klase ertaina berriarekin, hots, burgesiarekin berarekin.

XX. mendeko hogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, beste tipologia askotan gertatuko den bezala, hotelen tipologian modernotasunak eta arrazionalismoak eragina handia izango dute. Hotelak hartuko dituzten eraikin askoren artean estilo berriaren aldeko apustua zabalduko da. Denboraren poderioz, joera orokortuko egingo da, garai berrietako ohitura berriekin bat egiteko asmoz. Horrela, eraikin askotan bereziki modan jarriko da art deco delakoa edota itsasontzien estetika esaten zaion estiloa. Itsasontziaren forma makurrak nagusitzen dira, kolore zuria erabiltzen da eta bide batez material berrien aldeko apustua egiten da.

Berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera modernotasuna eta arrazionalismoaren bertsio funtzionalena garatuko den neurrian, hotelek bat egingo dute estilo berriarekin, aurreko hamarkadetako adierazkortasuna alboratuz. Hotelek orain pragmatismoaren aldeko apustua egingo dute, bete beharreko funtzioei aurre eginez eta horretarako estilo soila eta sinplea garatuz. XX. mendearen hurrengo hamarkadetan estiloak hainbat gorabehera izango baditu ere -esaterako, hasiera batean organizismoaren eragina eta jarraian postmodernitatearena zenbait eraikuntzetan-, orokorrean apustua nahiko argia izango da arrazionalismo funtzionalistaren alde.